Donostiako 59. Zinemaldia

Historia, poesia eta bidaia eskaintzen ditu 'Nao yik' filmak

Maistra ingeles baten duela 60 urte baino lehenagoko gutun batzuk Txinako egungo irudiekin batu ditu David Aguilarrek

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Maistra ingeles batek 1939tik 1950era arte Txinan bizi izan zenean idatzitako gutunen pasarteen irakurketa egungo Txinako irudi eta soinuekin nahasten du David Aguilarren Nao yik filmak. Ez du ukatzen Aguilarrek (Iruñea, 1979) «ikusleari lana eskatzen dion filma» dela, baina uste du era askotako publikoarentzat izan daitekeela erakargarria. «Iraganeko testu bat entzuten den bitartean egungo irudiak ikusteko joko horretan parte hartzea eskatzen du, baina oso modu plastikoan filmatua dago. Gainera, Txinan barrena egindako bidaia bat da, eta une historiko garrantzitsuekin zerikusia duten lekukotasunak eskaintzen ditu. Historia interesatzen zaionarentzat erakargarria izan daiteke; bidaiatzea eta beste kultura batzuk ezagutzea gustatzen zaionarentzat ere bai;eta lengoaia berriak ikertzen dituen zinema maite dutenentzat».

Frances Wilkinson maistra ingeles zena 2005ean ezagutu zuen Aguilarrek; bere bikotekide Rebecca Wilkinsonen amona zen. «Ordura arte ez nekien askorik hari buruz, eta ezagutu nuenean interesa piztu zitzaidan. Gero, Txinatik idatzi zituen gutunen berri jakin nuen, eta gutunak agertu eta haiek irakurtzen hasitakoan jabetu ginen, kanpotik familiari idatzitako ohiko gutunez gain, bazeudela berariaz oso modu poetikoan idatzitako pasarteak». Gutun haiekin «zerbait egin beharra zegoela»pentsatu zuen berehala.

«Hasieratik erabaki genuen ez egitea elkarrizketarik, eta ez berreraikitzea une historikoa artxiboko irudiekin», dio Aguilarrek. «Francesek modu poetikoan erabiltzen du hizkuntza, ikusten duena eta bizi duena kontatzeko, eta geuk geure buruari jarri genion erronka izan zen gauza bera egitea, baina, testuen bidez egin ordez, irudien bidez». Irudi horiek iazko irailean filmatu zituen, Pello Gutierrezekin batera, Shanghai eta Fujian artean batez ere.

Gutunetako batean, japoniarrek egindako bonbardaketa bat deskribatzen du Frances Wilkinsonek, leihotik ikusten duena kontatuz. «Une ikaragarria da, izoztuta uzten zaituena, baina, aldi berean, oso ikuskizun ederra, eta Francesek esaten dio bere buruari ez dakiela munduan ba ote den begien aurrean daukana baino ikuskizun eder eta aldi berean deabruzkoagorik. Horrek egungo beste errealitate batzuk ekarri zizkidan burura. Adibidez, Shanghaiko etxe orratz gauez argituen edertasunaren eta etxe horietako igogailu argiztatuen behealdeko miseriaren arteko kontraste ikaragarria».

Uste baino narratiboagoa irten zaio filma Aguilarri, eta hori «une historikoen agerpenaren ondorio» izan da. «Filmaren kontaketa mailetako bat 1939tik 1950era arteko gertakari historikoen jarraipena da: japoniarren inbasioa, II. Mundu Gerra Txinatik begiratua… Film erradikalagoa egitea zen nire asmoa, haririk gabekoa, gutun zatiak datarik aipatu gabe irakurriz. Baina jabetu nintzen ibilbide historiko hori erakustea, ikuspegi berezi horretatik kontatua interesgarria izan zitekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.