'The Three Musketeers' Belodromoko pantaila erraldoian estreinatuko dute

Zinemaldiaren barruan ikusi ahalko da hiru dimentsioko pelikula, baita 'Verbo' eta 'Un vie de chat' pelikulak ere

Paul W.S. Andersonek zuzendutako The Three Musketeers Belodromoko pantaila erraldoian eta hiru dimentsiotan ikusi ahal izango da. - / BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Donostiako 59. Zinemaldiaren barruan, hiru film luzeren estreinaldiak hartuko ditu Antonio Elorza Belodromoak. Paul W.S. Andersonek zuzendutako The Three Musketeers lehen aldiz ikusteko aukera izango da, hiru dimentsiotan eta 400 metro koadroko pantaila erraldoian. 3.000 lagunentzako lekua dago Belodromoan. Toki berean estreinatuko dituzte Eduardo Chapero-Jackson zuzendariaren Verbo pelikula eta Jean-Loup Felicioli zein Alan Gagnol zinemagileen Une vie de chat filma.

Alexandre Dumas idazlearen eleberriaren bertsioa zuzendu du Andersonek. Hainbat aktore ezagun bildu ditu The Three Musketeers filmean, tartean, Orlando Bloom, Milla Jojovich, Christoph Waltz, Logan Lerman, Matthew Macfadyen eta Mads Mikkelsen. Fantasia eta rap musika nahastu ditu Chapero-Jacksonek Verbo bere lehen film luzean, unibertso birtual batean dagoen nerabe baten iniziazio bidaia kontatzeko. Alba Garcia da protagonista, eta Miguel Angel Silvestrek, Najwa Nimrik eta Veronica Echeguik ere lan egin dute, besteak beste.

Meliesen 'Voyage dans la Lune'

Urtero bezala, goizetan haurrentzako saioak hartuko ditu Belodromoak. Une vie de chat animazioko filma eskainiko dute aurten. Katu baten bizitza bikoitza kontatzen du; egunez, neska baten maskota da, eta gauez, lapur baten laguntzailea. Estreinaldiez gain, sail ofizialeko amaierako filma Belodromoan eskainiko dute, Eric Toledano eta Oliver Nakacheren Intouchables, baita Zabaltegi-Perlak saila itxiko duen Nakache Winding Refn-en Drive ere. Amaierako gala ere emango dute.

Halaber, Georges Meliesek zuzendutako Voyage dans la Lune klasikoaren kopia zaharberritua ere ikusteko aukera izango da Belodromoan. Zinemagile frantsesak 1902an ondu zuen bere lan garrantzitsuena, eta hari esker zientzia fikzioko zinemagintzan aitzindari izatea aitortzen zaio. Teknika ugari asmatu zituen efektu berezien alorrean, eta hogei urtean 500 filmetik gora sortu, gehienetan fikzioa eta magia nahastuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.