urtzi urkizu
Donostiako 61. Zinemaldia. Basquewood

Isiltasuna, une gorena

2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zuzendari batentzat bere aurreneko filma Zinemaldia bezalako erakusleiho batean aurkeztu ahal izatea sekulakoa da. Zorte hori izan dute, adibidez, Fernando Francok eta David Arratibelek. Lehenak fikziozko film batekin, Sail Ofizialean: La herida. Eta bigarrenak dokumental batekin, Zinemiran: Oirse. Kalitatezkoak biak, beste jaialdi batzuetara iritsiko dira aurki.

Oirse isiltasunen inguruko lana bihurtu dela entzun diogu Pello Gutierrez Zazpi t'erdi etxeko ekoizleari, nahiz eta berez akufenoak entzuten dituzten pertsonen ingurukoa izan. Fisikoki existitzen ez diren soinu edo zaratak entzuten dituzte lau protagonistek, burmuinean daude, ez dute alde egiten. Isiltasunik gabeko unerik gabe gelditu dira, beraz. Tximuak garrasika dituzte belarrian, gau eta egun. Gaitz horren berri emateko hautaketa formal interesgarria egin du Arratibelek. Eta, bestetik, soinuaren erabilera berezia da oso, Xabier Erkiziaren lanari esker. Zinemaldiko dokumental interesgarrienen artean koka dezakegu akufenoei buruzkoa. Isiltasuna ezinezko amets duena.

Bai musikan bai zineman isiltasunek berebiziko garrantzia dute. La herida filmeko pertsonaia protagonistaren isiltasunek ere intentsitate handia dute. Ezinegona sortzen duen drama da, gogorra. Erdibidean gelditzen da, pertsonaiaren sufrimenduaren daturik gabe gelditzen garelako, agian. Gidoiari hankaren bat falta zaiola ematen du, filma borobilagoa izan dadin. Baina inork zalantzan jarri ez duena Marian Alvarez aktore protagonistaren interpretazio paregabea da. Aktore onenaren saria eramateko aukera handiak dauzka Alvarezek.

Irizar sarirako hautagaien artean ere badago La herida. Ekoizpenaren %20 Euskal Herrikoa behar du sari horretako hautagaietan sartzeko. Gaur jakingo dugu zein den irabazlea, eta ez dakit intuizioa baino gehiago desioa den, baina susmoa dut Aitor eta Amaia Merinoren Asier ETA biok dokumentalari emango diotela saria. Hala gertatzen bada, Aitor ez da isilik geldituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.