urtzi urkizu
Donostiako 61. Zinemaldia. Zinemira. Basquewood

Nazien Euskal Herria

2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Begirada zintzoa nabari zaio Nicolas Brieger aktore, zinemagile eta opera zuzendariari. Hizkuntzaren muga duzu harekin. Baina jakintasunean apala dela sumatzen diozu. Oso ezkertiarra dela esaten dizute. Zinemaldian ezagutzeko aukera izaten duzun pertsona horietako bat. Haren aita nazientzat lan egiten zuen zinemagile garrantzitsua izan zen: Herbert Brieger. 1942. urtean Euskal Herrian film dokumental bat grabatu zuen: Im Lande der Basken. Naziak euskal lauburuekin liluratuta ageri dira, svastika gisa hartzen dituztelako. Eta euskaldunak gertukotzat hartzen dituzte. Werner Best buruzagi naziak etorkizuneko Europan (naziek gerra irabazi izan balute) Euskal Herria independente bat irudikatzen zuen, Baskenland, Bidasoako mugarik gabe. Naziek Euskal Herrian egindako urteez, gorabehera horiek eta gehiago jaso dituzte Javier Barajasek eta Alfonso Andresek Una esvástica en el Bidasoa dokumental interesgarrian.

Interes historikoaz gaindi, tentsio narratibo handikoa da dokumentala. Istorioan kateatuta gelditzen da ikuslea. Testigantzak ez dira nolanahikoak, gurasoen iragana ezagutuz doazen semeenak, batetik. Inoiz ikusi gabeko artxibo irudiak ere ez dira makalak. Eta horien artean, EAJko Eugenio Goienetxek Frantzian naziekin izandako harremana da deigarrienetako bat. Ramon Labaien Saran (Lapurdi) bizi zen naziak iritsi ziren garaian, eta haren ustez, Goienetxeren ahaleginak zilegi ziren. Batez ere kontuan hartuz 1936ko gerra bukatu berria zela, eta alemaniarrek II. Mundu Gerra irabaz zezaketela. Hala ere, Jose Antonio Agirrek eta buruzagi jeltzale gehienek aliatuen alde egin zuten.

Topikorik ez da ageri, eta moralitatean erori gabe, ikuslea bereganatzen duen kalitatezko lana da Una esvástica en el Bidasoa. Urrian edo azaroan Euskal Herriko zinema aretoetara iritsiko dela jakin dugu. Berri ona, halako lanek sarri ez baitute bide komertziala errazegia izaten. Etorkizunari begira, altxor gisa gorde beharko den dokumentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.