urtzi urkizu
Donostiako61. Zinemaldia. Basquewood

Postal bat eta bi koadro

2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ez du erraza izan behar hiri baten bi mende 70 minutuan sartzeak. Gauza gehiegi kontatu nahi, eta kontu mordoxka ahanzturan gelditzeko arriskua izan dezake. Egia esan, laua da eta telebistarako egiten diren produktu tipikoa DSS 1813-2013 dokumentala. ETBko Galan aurkeztu zuten astelehen gauean, Viktoria Eugenia aurrean bikoizketa munduko langileek protesta egiten zuten bitartean — atzo egin zuten bigarren protesta ekintza—. Glamour handirik ez nuen sumatu antzoki barnean. Eta tristea izan zen jakitea dokumentalaren egileak ez duela euskaraz hitz egiten. Euskarazko telesailak mexikarrek ere zuzendu dituzten herri honetan, harridurarik ez dute sortzen halakoek. Lana postal bat dela esan zuen zuzendariak. Artxibo irudi eta argazki batzuk ederrak direla ez dugu ukatuko. Postalean, belle époque garaikoak eta Kasino Handikoak izan ziren deigarrienetakoak. XX. mendearen azken partea hutsalago sumatzen da. Nahiz eta hor une batean Mikel Laboa agertu.

Laboaren eta Jose Luis Zumetaren artean elkar ulertzeko hitzik ere ez zuten behar. Hala gogoratu du Marisol Bastida Laboaren alargunak Izenik gabe, 200x133 dokumentalean. Monika Zumetak eta Enara Goikoetxeak osatutako erretratua interesgarriagoa da formaz Donostiakoa baino. Zumetak bi koadro egin behar ditu filma grabatzen ari diren bitartean. Lehenengoa berehala ateratzen zaio. Bigarrena «beste komeria bat» izan zen, egileen arabera. Eta prozesu horretan, tartekaturik ageri dira hainbat pertsona Zumetaren inguruan hitz egiten. Iaz apur bat luzea egin zitzaigun Zinemira sailean ikusi genuen beste pintore baten lana, Jose Antonio Sistiagari buruzko En un país imaginado. Zumetari buruzko dokumentalarekin, berriz, kontrakoa gertatu zaigu. Bukaera iritsi ahala, Zumeta gehiago dastatzeko gogoz gelditu gara. Aurtengo Zinemaldian hainbat kritikari ari dira esaten film batzuk laburrerako bai, baina 90 minutura iristeko behar baino gehiago luzatzen ari direla. Ez da, zorionez, Zumetaren inguruko lanaren kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.