Europako hauteskundeak. Kanpaina

Liberalen buruaren arabera, Europak ez luke esku hartu behar prozesu subiranistetan

Verhofstadt Bilbon izan da, EAJk gonbidatuta; jeltzaleen taldeko burua da, eta Batzorderako presidentegaia

Guy Verhosfstad, Izaskun Bilbaorekin eta Andoni Ortuzarrekin hizketan, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Europako Batasunak ez luke esku hartu behar Europa barruko estaturik gabeko nazioek abiatutako prozesu subiranistetan. Hala uste du, behintzat, Guy Verhofstadt Europako Batzordeko presidente izateko hautagaiak. Europako Parlamentuan taldekide duen EAJk gonbidatuta izan da Euskal Herrian, eta esan du prozesu horiek estatu mailan konpondu behar diren «arazo politikoak» direla. Hala, elkarrizketaren eta herritarren parte hartzearen alde azaldu da, baina,betiere, Europako erakundeak inplikatu gabe: Kataluniako prozesua aipatuz, «Katalunia eta Espainiaren arteko elkarrizketaren alde» egin du, eta gauza bera Euskal Herriaren kasuan ere.

Flandriako Open VLD alderdikoa da Verhofstadt. N-VA alderdi independentistaren aurkari nagusia herrialde hartan. Independentziaren aldean, Flandriaren autogobernua defendatzen du, Belgika «konfederalago» baten barruan. Izan ere, Belgika Estatuko lehen ministroa izandakoa da Verhofstadt, hiru legegintzalditan jarraian, 1999tik 2008ra. EAJ kide duen Europako ALDE alderdikoa da, eta parlamentuko liberalen eta demokraten taldeko burua. Batzordeko presidentegaiahautatzeko taldeak eginiko bozketan Batzordeko presidenteorde eta finantzen arduradun izandako Olli Rehni gailendu zitzaion Verhofstadt. Talde horren botoak erabakigarriak izan dira azken legegintzaldietan, nahiz eta bozketen %70etik gora bat egin popularrekin eta sozialistekin.

«Euskadi eredua» Europan

Santurtzin eginiko hitzaldian, Verhofstadtek eredu federala proposatu du Europarentzat, sozialistek bezala. Haren ustez, baina, egituraketa horretan indar handiagoa izan beharko lukete «eskualdeek» estatuek baino. Hori delako, haren iritzian, herrialdeen «dimentsio ekonomikoa eta dimentsio soziala» babesteko modurik egokiena. Horren harira, baztertu egin du Europako Batasuna «estatu handi bat» bihurtzea eta «dena Bruselan zentralizatzea». «Hori ez da, inola ere, nahi dudan Europa», berretsi du. Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Estatuaren barruan duen autogobernua jarri du «eredutzat» Verhofstadtek. «Europa ulertzen dugun modua ulertzeko adibide bikaina da».

Proposamen zehatzei buruz, berriz, liberalen buruak esan du berak defendatuko duela bankuen batasuna arintzea, kapital merkatuak batzea, europar bonuak jaulkitzea, «energiaren Batasuna» sortzea, ekonomia digitala bultzatzea, mugikortasunerako sistema integratua sustatzea eta Batasun osorako «gobernu ekonomiko eredu berri bat» sortzea.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ere parte hartu du ekitaldian. Esan du Europaren etorkizuna ezin dela «alderdi handien» esku utzi, «statu quo-a eta iraganeko errezetak baino ez dituztelako defendatzen». Izaskun Bilbao hautagaiak, berriz, azpimarratu du liberalen taldeak eragin handia duela Batasunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.