Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Bereziak

Epidemia

The Bay dokumental faltsua egin du Levinsonek. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
'The Bay'

Zuzendaria: Barry Levinson. Aktoreak: Kristen Connolly, Jane McNeill. Herrialdea: AEB.

Iraupena: 85 minutu.

The Bay estreinatu dute Zabaltegi Bereziak sailean: Barry Levinsonek ekoitzitako, idatzitako eta zuzendutako lana. The Blair Witch Project-en eta Exit Through the Gift Shop-en gisako dokumental faltsu bat da, beldurra eta hausnarketa eragiteko sortua. Ideia ona izan zitekeen, baina istorioak ez du guztiz harrapatzen ikuslea, aldez aurretik dena erabakita dagoela sumatu baitaiteke.

Bestalde, mezua bideratuegia dago, hau da, propagandatik gertuegi dago, eta kontua hausnarketa bultzatzea den arren, ez dio aukerarik ematen ikusleari bere kabuz pentsatzeko. Ausardia falta izan zaio. Hortaz, proiektua interesgarria suerta zitekeen arren, filma kaskarra da, imajinaziorik eta talenturik gabea. Rain Man eta Wag the Dog maisulanen egileak Chesapeake badian kokatu du istorioa, eta 2009ko uztailaren 4an jazo zen injustizia baten berri eman nahi digu. Zerbait larria gertatu zen egun hartan ingurune hartan, baina gobernuak bertako agintari eta komunikabideen laguntzarekin dena ezkutuan mantentzea lortu zuen. Poliziaren telefono lineak soilik mantendu zituzten erabilgarri, eta herritarrek ezin izan zuten gertatzen ari zenaren berri eman. Inkomunikatuta geratu ziren erabat, inolako babesik gabe. Gobernuak, herrialdean alarmarik sor ez zedin, estali egin zuen dena.

Alabaina, herritarrek kamerak eta ordenagailuak baliatu zituzten gertatutakoa grabatu eta kanpokoekin komunikatzeko, eta orain, lau urteren ostean, irudi eta audio horiek argitara emango ditu Donna Thompson kazetariak. Enpresen axolagabekeriak eragingo du epidemia, eta agintari eta komunikabideen babesa edukiko dute. Komunikabideen manipulazioa agerian utzi nahi du, baina emaitza eskasa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.