Bi saio 180 gramotan

Saio bitan sistema analogikoan eta zuzenean grabatutako zortzi abestiko binilo bat aurkeztu du Garik

Iñaki Garitaonaindia, Gari, atzo Bilbon egindako diskoaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Martxoan Ez da amaiera diskoa aurkeztu ondoren (Elkar), amaierarik ez dela egiaztatu du Iñaki Garitaonandia Gari-k. Elkar studio sessions. Live analogic recording izenburua duen lana aurkeztu zuen atzo Bilbon. Sistema analogiko klasikoa erabiliz, saio bitan zuzeneko grabaketa egiteko erronka izan du lan berri honetan. Emaitza: zortzi kanta biltzen dituen 180 gramoko biniloa. Moldaketarik gabe, zuzeneko emanaldietan jotzen denaren eta diskoetan entzuten denaren arteko distantzia moztu nahi izan du era klasikoan.

Musika industriaren lehen garaietan musika ekoizteko musikari handiek hartutako bide bera aukeratu du Garik oraingoan. Elkarrek era horretako grabazioa egiteko erronka proposatu, eta baiezkoa eman zuen musikariak berehala. «Ez naiz askorik atzeratzen horrelako proposamenak parez pare ditudanean», aitortu du abeslariak. Bateriarekin Karlos Aranzegik, baxuarekin Charli Solanok eta gitarrarekin Miguel Moyanok lagundu diote Gariri proiektu honetan. Aurretik elkarrekin jardundakoak dira denak, eta, ondorioz, hirukoteak bazuen konplizitatea. Horrek asko lagundu du lanaren emaitzan. «Guztiak egon gara prest proiektuan murgiltzeko, elkarrekin gozatzeko eta soinu ezaugarriak era berezi honetan lantzeko», azaldu du Garik.

Saio bakarrean grabatutako abestiak dira, erregistro klasikoan. Bigarren saioa nahasketak egiteko erabili zuten. Musika ulertzeko beste era bat aurkezten dute lan berri honetan, zuzenekoan oinarrituta. Metodo analogikoan disko asko grabatu ditu Garik, baina, zehaztu duenez, inoiz ez era honetako saioetan. «Abestiak jotzen diren eran agertzen dira, ezer moldatu gabe».

Lana definitzeko orduan, elementu bi nabarmendu ditu abeslariak. Bata, zintzotasuna, eta bestea, abestiekiko konpromisoa. Aitortu du diskoa horrelako baldintzetan grabatzeak proiektu osoan zintzotasuna hitza etengabe azaldu eta nabaritzen dela. «50-60ko hamarkadetako musikarien egoeran sartzea magikoa da». Horretaz gain, adierazi du saio bakarrean zuzeneko grabazioa eginda abestiekiko erabateko konpromisoa sortzen dela.«Erregistroa era indibidualean ez egiteak talde guztia abestiaren zerbitzuan egotea ekartzen du». Azken urteetan musikagintzan ohiko ez den ezaugarri hori berreskuratu nahi izan du era horretan.

Kontrasteekin jokatu, eta dena musikaltasun lasai baten barruan biltzen saiatu da. Bere gogo aldartearekin bat datorren estiloan;«ni neu sentitzen naizen bezala», esan du. Disko berrirako aukeratutako zortzi abestiak ezaugarri horien baitakoak dira. Ez da amaiera diskoaren abesti batzuei zuzeneko emanaldien soinu ezaugarriak eman nahi izan dizkie biniloan ateratako edizioan. Musikariak aitortu duenez, disko arrunten konplexutasunetatik kanpo, bestelako soinu ezaugarri batzuk aukeratu dituzte.

Lausotasuna neurtzen

Mila ale atera dituzte biniloan, baina ohiko bideetatik digitalean eskuratzeko aukera emango dute. Diskoaren aurkezpena hilaren 9an egingo du Garik, Bilboko BBK aretoan 21:00etan egingo duen kontzertuan. Emanaldia bisuala eta garaikidea izango dela aurreratu dute. Egun berean, 12:00etan, haurrentzako saio bat egingo du. Ez da amaiera diskoaren birarekin batera hasi zen abeslaria haurrentzat saioak eta lantegiak egiten. «Erritmoa, melodia eta oinarrizko gauzak lantzen ditugu, baina helburua ondo pasatzea da».

Angel Valdes Elkarreko produkzio arduradunaren arabera, serie zabalago baten parte izango da lan hau. «Zuzenekoaren magia hori indartu behar da». Gaur egun, ofizioaren eta afizioaren arteko «lausotze» hori agerikoa dela uste du Valdesek, eta proiektu hori erreferentzia berri bat sortzera datorrela. «Era honetako grabazioan murgiltzea musikari onek egin dezaketen lan bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.