Europako hauteskundeak. Ipar Euskal Herria

Hits eta herabe heldu da kanpaina ofiziala

Europako hauteskundeetako kanpaina astelehenean abiatu zen ofizialki. Alderdiek agerraldiak ugaritu dituzte, baina karriketan ez dute herritarren arreta eskuratu, eta abstentzio handia espero da.

Jean Telletxea PNBko hautetsia Urruñan—ezkerretik, hirugarrena—, Ortuzar, Bilbao eta Urkullu EAJkoekin, Hondarribian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Herritar xumeak belarriak zorrotz eta begiak fin behar ditu Ipar Euskal Herrian Europar hauteskunde kanpaina abiatu dela jakiteko. Karrikan hutsik dira hauteskundeetarako ezartzen dituzten publizitate guneak. Martxoan, herriko bozen karietara, gainezka zeuden afixez, lehia hertsiaren seinale. Egunerokoan baliatzen diren guneak ere, beterik daude. Alta, ez hauteskunde kanpainako afixez. Ekainaren bukaeran den arren, gaina hartzen dute Euskal Herria Zuzenean festibaleko afixek. Ostatu eta plazetan ere, aipamen gutxi. Frantziako hedabide nagusietan bada oihartzuna, baina behartu aire bat dakar. Europako konstituzio xedea erreferendumean bozkatu zen Frantzian eta ezezkoak irabazi. Herritarren nahia, berriz, baiezko bihurtu zuten Nicolas Sarkozy presidente zen garaian. Urruti zenak, ordea, urruti segitzen du.

1. Uhar txikia ur handian

Ipar Euskal Herritik ikusita helduleku labainkorra du kanpainak. Frantzia zortzi barrutitan banaturik dago Europako hauteskundeetarako, eta, ondorioz, sei milioi hautesle baino gehiago dituen eremuan urturik ageri da Ipar Euskal Herria. Akitania, Midi Pyrenees eta Languedoc-Roussillon eskualdeak biltzen ditu hego-mendebalde handia deritzon barrutiak. Eta zerrendak, egon badaude, 25 orotara, hamar diputatu hautatzeko (Frantziak 74 diputatu igorriko ditu Europako Parlamentura). Zerrenda batzuetan Frantziako politikako «oilar» ezagunak ageri dira, hala nola Louis Aliot (FN), Jean-Luc Melenchon (Ezkerreko Frontea), Philippe Poutou (NPA), Jose Bove (Europe Ecologie) edota Michele Alliot-Marie (UMP). Frantzian horren ezaguna ez den Virginie Rozierek gidatuko du PS eta PRG alderdiek osatu duten ezkerreko zerrenda.

2. Txikiek handira

Alderdi abertzaleak itoak ageri dira Euskal Herriko mugak aintzat hartzen ez dituen barrutian. Hautuak, halere, ezberdinak izan dira. EH Baik ez du zerrendarik aurkeztuko. 2009ko europar hauteskundeetan AB, EA eta garai hartn Batasunak, aliantza eta hautu ezberdinak egin zituzten. Orduan Region et Peuples Solidaires zerrendak eta Europe Ecologiek bat egin zuten, orain ez bezala. Hori kontuan harturik, eta bozen %5 gainditu ezean kanpainako xahutzeak ez direla itzultzen, EH Baik ez du zerrendarik aurkeztu eta hautesleen esku utzi du erabakia, zerrendarik hobetsi gabe. Hala ere, Ipar Euskal Herrian ekitaldi bat eginen du kanpainan. Euskal Herriko ordezkaria EH Bilduko Josu Juaristi izanen dela erran zuen EH Baik.

Herriko bozetan ez bezala, Ipar Euskal Herrian zerrenda propioa aurkeztea deliberatu du EAJk. Jean Telletxea izanen da Region et Peuples Solidaires zerrendaren burua. Preseski, Izaskun Bilbao EAJren Hego Euskal Herriko hautagaiarekin batera agerraldia eginen du bihar Baionan Telletxeak. Arratsaldean, Beñat Arrabit Garazi-Baigorri Herri Elkargoko presidenteak eta Nafarroa Behereko ekonomia suspertzeko xedea duen Indar izeneko elkarteko arduradun batek hartuko dituzte Telletxea eta Bilbao, Herri Elkargoak Donazaharren duen egoitzan.

3. Boveren itzala

Jose Bove sindikalista ospetsua izanen da Europe Ecologieren zerrendaburua hego-mendebalde handian. Diputatu karguan jadanik, agintea berresteko aukera handiak ditu. Ospe handia du Ipar Euskal Herrian, bereziki Laborantza Ganberari erakutsi dion sostenguarengatik. Gisa berean, Friendship taldeko kidea da Bove eta bertzeak bertze, sostengatu du Lurralde Elkargoaren aldarria. Joan den igandean presente egon zen Herri Urratsen, bere zerrendan doan Sauveur Bachorekin batera. EH Bairen sostengurik ez du erdietsi, baina Nafarroa Behereko abertzale talde batek haren aldeko boza eskatu du.

Herri Urrats kanpaina ez-ofizialaren topagune izan zen, eta han izan ziren Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatari sozialistak. Alta, Frantzian François Hollande presidenteak pairatzen duen higadurari buru egin beharko diote sozialistek Europaren hitzorduari begira. Manuel Valls gobernuburu izendatzeak eta prefetak ikastolaren aurka egindako kanpainak ez die mesede handirik eginen sozialistei Ipar Euskal Herrian.

4. Inkestak

Dagoeneko plazaratu dira lehen inkestak, Frantzian. Le Figaro-k eta LCI telebistak egindako inkestan, lehen postuan ageri zen eskuin muturreko Fronte Nazionala, bozen %24rekin. Bigarren postuan agertzen da eskuineko UMP alderdia eta sozialistak hirugarren postuan ageri dira, bozen %20rekin. Martxoko bozetan Herriko Etxe ugari eskuratu zituen FNk, nahiz eta herrietan egiturarik ez ukan. Tradizioz, Frantzian egiten diren hauteskundeak lortzen ditu Fronte Nazionalak emaitzarik hoberenak. Alta, sekula ez da agertu izan lehen postuan inkestetan. Iragarpena gauzatuko balitz, lurrikara politikoa eraginen luke Frantzian, Jean Marie Le Penek Frantziako presidentetzarako bigarren itzulira aurkeztea lortu zuenean bezala. Ipar Euskal Herrian, FNk Miarritzen aurkeztu zuen zerrenda. Emaitza apala lortu bazuen ere, handiagoa lor dezake orain, eskuineko bertze zerrenden bozak eskuratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.