PPkoak, Europatik esku hartze militarra eskatzen

Europako Parlamentuko presidenteorde Vidal Quadrasen kontrako neurriak eskatu dituzte eurodiputatu katalanek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Brigadako jenerala presta dezala eskatu dio —ahal bada, Guardia Zibilarena— Alejo Vidal Quadras popularrak Espainiako presidenteari, Kataluniako independentzia prozesua geldiarazteko. Baina Vidal Quadras, PPkoa izateaz gainera, Europako Legebiltzarreko presidenteordea ere bada, eta haren hitzek oihartzun handia izan dute: «Senatuak bilera egin, bozkatu eta erkidegoa esku hartuta geratzen da. Parlamentua desegin; Generalitateko gobernua, bere etxean; eta gobernuaren ordezkaritzak Kataluniaren kontrola hartzen du, eta esan dudan brigadak, mossoen kontrola».

CiUko eta ERCko eurodiputatuek neurri zorrotzak hartzeko eskatu diote Martin Schultz Europako Legebiltzarreko presidenteari. EBk Espainiari eskubideak kenduko lizkiokeen galdetu diote, baldin eta Katalunian esku hartuko balu Kataluniak demokratikoki independentzia eskuratzea erabakiz gero. Ramon Tremosa, Raul Romeva eta Ana Mirandak gogoratu dute EB «bake proiektua» dela, demokrazia eta giza eskubideak errespetatzeko eremua, eta askatasun zibilena, non herritarrak libreki adierazteko eskubidea duten, baina «ezberdintasunari errespetu osoa izanda», eta Europako legebiltzarreko presidenteordearen hitzak ez dira egokienak izan balio horien alde egiteko.

Artur Masek, berriz, mehatxuak utzi eta entzuten hasteko eskatu dio Mariano Raxoiri: «Herrialde zibilizatu eta demokratikoetan, jendeak hitz eginez eta negoziatuz ulertzen dio elkarri, bozkalekuetan herritarrek adierazitako borondatetik abiatuta». Eskoziaren adibidea ezarri du, eta han nazionalistak irabazi eta Erresuma Batuko David Cameronen gobernuarekin hitz egiten ari direla gogorarazi dio, erreferenduma nola egin negoziatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.