Koldo Almandoz.
Donostiako 61. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Orainak ere geroan

2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Zinema kanibalismo hutsa da. Gaurko pelikulak atzoko pelikuletatik elikatzen dira. Biharko pelikulek orain egiten ditugunez elikatu beharko dute. Ze elikagai klase utzi behar diegu ondorengoei?

Zinemaldiari ez zaio gehiegi geratzen eta nik behintzat —irakurtzen ari zaren planoaren subjektibotasuna azpimarratzea ez dago inoiz soberan— oraingoz ez dut ikusi liluratu nauen pelikula berririk. Akaso ez daudelako, akaso Zinemaldiko arduradunek aukeratu ez dituztelako.

Geroz eta zailagoa da proposamen berriak ikustea. Arriskuak hartzeko gaitasun, gogo edo aukera gutxi. Egun zinema kontserbadorea nagusi da. Saiatzeari beldurra diogu. Frakasoaren aukerak izozten gaitu. Arriskua eta apustu kementsuenak Nagisa Oshimaren sailean ikusitako hiru pelikuletan topatu ditut. Pelikula berriek ez naute liluratu. Zaharrek bai ordea. Zaharrak berri.

Seishun zankoku monogatari (Gazteria biluziaren istorioa, 1960). Oshimak kamara eskuan hartu eta Tokioko gazte outsiderren istorio bat kontatzen digu. Nuberu bagu (Nouvelle Vague) mugimenduari hasiera eman zion film honek Japonian.

Gishiki (Zeremonia, 1971). Familia ospakizunen bitartez kontatzen zaigun senitarteko baten istorioa. Tempo eta errealizazio geldoa. Argi dago Kore-eda eta beste hainbat zinemagile garaikide non elikatu diren.

Baina batez ere Koshikei (Heriotza urkamenduz, 1968) izan da. Filma ez da hitz aspertuekin hasten: «Urkamendua. Alde edo kontra? Biztanleen %71 alde dago. Baina alde zaudeten horiek, egon al zarete inoiz exekuzio gela batetan? Ikusi al duzue urkamendurik?». Zuri beltzean. Helikoptero irudiak. Presondegi bat ikusten da. Gerturatzen gara, txalet itxurako etxetxo batera iritsi arte. «Heriotzara kondenatuak presondegitik aparte dagoen etxe txiki horretan daude. Inguruan azaleak eta gereziondoak, sasoiaren arabera. Etxea krema kolorez pintatua dago. Metalezko teilatuak eguzki izpiak islatzen ditu. Etxe barruan egongela bat. Bost leiho...».

Sarrera aseptikoak harrapatzen zaitu, eta datozen 59 minutuetan, amnesiak jotako preso korear baten exekuzioaren koreografia osoa biziko dugu. Film hau ikusi ostean beste askori sobratzen zaizkien minutuez akordatu naiz.

Zinema berria ikusteko zinema zaharra ikusi behar honek apur bat deseroso utzi nau.

Ez da lehen aldia, Dziga Vertov, Jean Vigo, Fritz Lang... abangoardista izaten jarraitzen dute 100 urteren ostean. Arriskuak hartzeko gaitasun, gogo eta aukerak ezinbestekoak dira; iraun behar badu behintzat orainak ere geroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.