Koldo Almandoz.
Donostiako 60. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Zaharrak berri

2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Torrebruno izan zen. Telebista koloretan ikusi nuen lehenengo aldian Torrebruno handia azaldu zen pantaila txikian. Aitonak barco markako koloretako telebista ekarri zuenean, zuri-beltzezkoa trasterora joan zen bizitzera. Ordura arte, koloreen mundua zineman soilik ezagutzen genuen —hori izango da, ziurrenik, nire belaunaldikoek oraindik zinema telebistaren gainetik jartzearen arrazoietako bat—. Telebistan koloreen mundura pasatu ginenean, zuri-beltzezkoa baztertu genuen. Zuri-beltza gurasoen mundua zen, etxeko argazki albumean azaltzen zen jende ezezagun eta tristearena. Geroago deskubritu genuen zuri-beltzaren xarma, gezurrezkoak ziruditen pelikula haiek ere sinesgarritasunaren etete boluntarioa (teorikoek willing suspension of disbelief deritzotena) lor zezaketela. Egun, kolorezko mundu kontserbadorearen aurrean, zuri-beltza askatasun eta erradikaltasunaren sinonimo bihurtu da. The Artist eta Blancanieves dira akaso ezagunenak, baina makina bat dira estetikoki eta narratiboki zinemaren hastapen garaietara begiratzen duten pelikulak. 2007. urteko Zinemaldian, molde bereko La Antena (Esteban Sapir) film argentinarra proiektatu zen, eta Guy Maddin kanadiarraren filmografia osoa ere aipatutakoaren adibide argia da (iazko Clermont Ferrand jaialdiko Labo saila irabazi zuen Night Mayor lanarekin).

Ingalaterran, berriki deskubritu dituzte Edwar Turnerren kolorezko filmak. 1901. urtean Turnerrek bere seme-alabak, eguzki loreak, loro bat eta uniformez jantzitako soldaduak filmatu zituen koloretan, berak asmatutako filtro sistema bati esker. Beraz, zinemaren hastapenetan koloretan ere filmatzen zela deskubritu dugu. Koloreak ez duela denbora egiten, ez eta denborak kolorea ere.

Aurkikuntzak ala berraurkikuntzak? Duela hamar bat egun, Idurre Eskisabelek bere zutabean Kongoko Errepublikan aurkitutako tximu espeziearen inguruan esandakoak etorri zaizkit burura. Zientzialariek,Opala herrixkako irakasleak etxean kaiolatuta zuen tximua deskubritu dute. Mendeetan tximu horiek ehizatu, jan eta maskota gisa erabili dituztenak estralurtarrak ote? Zinemagile, kritikari eta zinema zaleoi uste baino gehiagotan zientzialari horiei gertatzen zaien gauza bera gertatzen zaigula iruditzen zait: berraurkikuntzei aurkikuntza esaten diegula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.