Protestak herrialde arabiarretan

Konstituzioa hamar eguneko epean aldatzea adostu dute Egipton

Salbuespen egoera deuseztatzeaz gain, presidentetzara hautagaiak aurkezteko bidea ere erraztuko du erreforma batzordeakBi bandoek ostiralerako manifestazioa antolatu dute; liskarrak gerta daitezke

2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Behin Egiptoren gidaritza Indar Armatuen Kontseilu Nagusiak hartuta, hark Konstituzioa aldatzeko ardura izango duen batzordea martxan jarri zuen atzo. Hamar eguneko epea izango du erreformak egiteko.

Besteak beste, Konstituzioko 179. artikulua deuseztatuko du batzordeak; Salbuespen Legeari egiten dio erreferentzia artikulu horrek. 30 urtez egon da indarrean salbuespen egoera; manifestariek behin eta berriz eskatu dute neurri hori bertan behera uzteko. Barne Ministerioari jendea «apetaren arabera atxilotzeko eta kartzelan sartzeko» ahalmena ematen dio neurri horrek, Human Rights Watch erakundearen arabera. Elkartzeko eskubidea mugatzen duela ere salatu du.

Beste bost artikulu ere aldatuko ditu batzordeak. Horietako batzuk presidentetzara hautagaitzak aurkezteko baldintzak ezartzen dituzten legeak dira. Izan ere, uneotan, Mubaraken alderdiko hautagaiak ez direnentzat oso zaila da bozetara aurkeztea.

Bitartean, Kairoko kaleetara normaltasuna bueltatzen ari da. Tahrir plazako manifestariak pixkanaka etxera itzultzen ari dira. Dena den, ostiralerako protesta handi bat antolatuko dutela zabaldu da. Milioi bat lagun bildu nahi dituzte, eta aldarrikapen zehatzak egiteko asmoa dutela iragarri dute. Mubaraken aldekoak, berriz, diktadoreak egindako lana eskertzeko elkarretaratzea antolatzen ari dira. Bi bandoen artean liskarrak izango direla uste dute.

Bozetarako presarik ez

Mohamed el Baradei oposizioko Aldaketarako Asanblea Nazionaleko buruak iragarri du ez dela hauteskundeetara aurkeztuko. Hautagaiak gazteagoa izan behar duela uste baitu. Era berean, trantsizioa militarrek eta zibilek osatutako batasun nazionaleko gobernu batek gidatu beharko lukeela azaldu du. Hauteskundeetara deitzeko presarik ez dagoela gaineratu du; urtebeteko trantsizioa ikusi nahi duela azaldu du, «egiteko asko baitago oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.