Kritika

Sendoa

2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Zartzuela

'El caserío'

Egilea: Jesus Guridi. Ekoizleak: Arriaga antzokia eta Campoamor antzokia (Oviedo, Espainia). Musika: Miquel Ortega.Eszena zuzendaria: Pablo Viar. Abeslariak: A. Odena, M. Urbieta, M. Atxalandabaso, A. Nuñez, I. Mentxaja, I. Kintana. Aktoreak: J. Ariño, A. Ruperez. Orkestra: Bilbao Philarmonia Orkestra. Abesbatza: Rossini abesbatza. Zuzendaria: Gerardo Carbajo. Koreografia: Edu Muruamendiaraz. Lekua: Arriaga antzokia. Data: urtarrilak 21.

Arriaga eta Campoamor antzokien ekoizpenak giza eta teknika baliabide asko eta hemengoak jarri ditu eszenatokiaren gainean, eta kalitatezkoak gainera.

Izan ere, Pablo Viar eszena zuzendariak, klasizismoaren bidetik, arintasuna lortu zuen hiru osagaiekin: hiru ekitaldiak jarraian emanez, aktore ugarien jarduera egoki kudeatuz eta Jesus Guridiren partitura arinduz. Afera honetan asko lagundu dio Daniel Biancoren eszenografia errealistak, bi dekoraturen bidez: bata, baserri bateko harri landuaz eginiko atea erdipuntuko arkuarekin, eta bestea frontoi zoragarria, egurrez egindako bilbatura sabaian, hormekin eta publikoarentzako mailadiekin eta guzti.

Horri erantsi behar diogu aktore askori eman dioten jarduera: hots, dantzen mugimendutik estatua geldira pasatzea, edo kamera geldoan bezala aritzea, edo greziar koruarena egin. Bestalde, kantagintzaren arloan, Marta Ubieta sopranoak polito egin zuen Ana Mariren rola vibrato handiko ahotsarekin; Angel Odena baritonoari aldiz, bolumen gehiegikeria batzuk kenduta, ahoskera, fraseoa eta gustua antzeman genizkion Santiren rolean; Mikeldi Atxalandabaso tenorrak hasieran arazotxoak izan arren, modu distiratsuan abestu zituen gainontzeko ekitaldiak Jose Migel fidagarria irudikatuz.

Asko gustatu zitzaizkigun Izaskun Kintana sopranoaren eta Itxaro Mentxaka mezzoaren antzezpenak eta kantuak. Alberto Nuñez tenorra egoki egon zen, Jon Ariño eta Antonio Ruperezeskarmentuzko aktoreak bezala. Musikaren esparruan,Miquel Ortega zuzendariak erritmo eta esku onarekin ederto kontzertatu zituen Bilbao Philarmonia Orkestrako musikari gazteak, Rossini abesbatza handiarekin eta bakarlariekin. Aukeran taldeko dantzariek folklore puntua ipini zioten ekoizpen boteretsu honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.