Kritika. Opera

Agerraldi handia

Maria Stuarda-ren bertsio ederra taularatu du OLBEk. KARIM ZAATAR.
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
'Maria Stuarda'

Abeslariak: Sondra Radvanofski, Veronica Simeoni, Francesco Demuro, Mirco Palazzi.Abesbatza: Bilboko Opera Korua.Musikariak: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa.Musika zuzendaria: Jose Miguel Perez Sierra.Eszena zuzendaria: Stefano Poda.Lekua: Euskalduna jauregia.Eguna: apirilaren 20a.

Asko eta asko egin zuten OLBEkoek eta Graz-eko ekoizleek, izatez libretoak duen makaltasuna eta Donizettiren partiturak dituen gora-beherak gainditzeko eta Maria Stuarda, XIX. mendeko melodramma zaharkitua, emanaldi eder bihur zedin.

Izan ere, Stefano Poda eszena zuzendariak jatorrizko Schiller-en drama eta Maria Stuardaren tragedia gainetik igaro ditu, hurbilketa filosofiko eta estetikoa egiteko. Nola edo hala, baina arrakastaz, berak aprobetxatu du Donizettik asmatu zuen garaiko musika konbentzionala —tragedia batekin zerikusirik batere ez daukana— Berpizkunde edo Errokoko-ko osagaiekin, boterea edo erlijio-gerrak krudeltasunez urrundik hausnartzeko, iraganeko gauzak balira legez —gaur egun bukatuta ote...?—. Beraz, gora eta behera altxatzen ziren eszena erdiko plataformak boterearen eta menpekoen arteko errealitatearen ikur ziren, urkamendia barne; beste horrenbeste, zutabe argiztatuen kutxatila gardenetan ikusten ziren errege-koroak, zetroak, eta buru lepamoztuak. Atmosfera itogarrian murgiltzeko, horra hor, aurretik eta alboz zeuden goi-erliebez egindako laukiak, gruteskoen antzera. Azken batean, irten gabeko kaxa aldeetan mugitzen ziren tragediaren pertsonaiak eta goian aipatu sinboloak. Horri gaineratu behar zaio ordura arte inoiz ikusi ez genuen argiztapen paregabea, musikaren harira kulunkatzen zena... Dotorezia!

Abesteari dagokionez, maila handia eman zuten abeslariek eta, guztien gainetik, Sondra Radfanofski sopranoak, Maria Stuardaren rolean. Bel canto lezioa eman zigun arestian esandako partiturak bide ematen zionean. Aldi samurretan, guztiz aberats fraseoa-ren ñabarduretan, legato-an, dinamiketan, gurguiluetan, mesa di voce-n... Aldi gogorretan, aldiz, ahots bolumen egokia, agudo argiak... Gaueko irabazlea, beraz. Nahiz eta oso ondo abestu, haren parean kikilduta geratu zen Veronica Simeoni, Elisabetaren rolean. Asko gustatu zitzaigun Francesco Demuro tenorraren ahots ia arina, lerdena, batzuetan morbidoa, Leicesterren rolean. Gainontzekoek ondo abestu zuten, Mirco Palazzik, Anna Tobellak eta Alex Sanmartik, haien rol laburretan. Musikagintzaren arloan, Jose Miguel Perezek abeslarien alde egin zuen eta malgutasunez zuzendu zuen, betiko moduan, trebe jo zuen Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Bilbao Opera Koroak, berriz, ederto abestu zuen batzuetan zutunik, beste batzuetan ahuspez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.