Europako hauteskundeak

Hautesle intsumisoen deia

Maiatzaren 25ean hauteskunde mahaian egotea egokitu zaie Escalante Ruiz eta Zulaika Galdosi. Desobedientziara jo dute, ez baitaude ados boz prozesuetan derrigorrean parte hartu beharrarekin.

Atzo eman zuten bozkalekura ez joateko erabakiaren berri, Gasteizen egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Ez gara aginduak betetzeko jaio, gure kontzientziak agintzen diguna betetzeko baizik, eta, era horretan, askeak, duinak eta arduratsuak izateko». Bere egin dituzte Antonio Escalante Ruiz eta Carlos Zulaika Galdosek 1971n soldadutzari ezetz esan zion Pepe Beunza intsumisoaren hitzak. Soldadutzarekin batera bukatu zen urte hauetako intsumisio mugimendurik ezagunena, baina gaur egun ere halako jarrerak beharrezko eta baliagarri direla uste dute. Hauteskunde sistemari aurre egiteko, adibidez. Egungo gobernu sistema, politika ulertzeko modua kolokan jartzeko. Sistema horretan, haren esanetan, «ez baitute garrantzirik herritarron beharrek eta ametsek, noizean behingo boto-emaileak baino ez baikara».

Beste hainbat herritarri bezala, igandean hauteskunde mahaian egotea egokitu zaie Escalante Ruiz eta Zulaika Galdosi. Izan ere, gaur egun, hautesle erroldan dagoen edonor izan daiteke zeregin horretara deitua, eta legez derrigorrezkoa da mandatua betetzea. Zigor gisa, hiru hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorrak eta sei hilabete eta bi urte arteko isunak aurreikusten ditu Espainiako Hauteskunde Legeak.

Hala ere, beraiek ez dute joateko asmorik. Legezko betebehar hori bukatu nahi dute, desobedientziaren bidez. Hala jakinarazi zuten atzo egindako agerraldian, eta Hauteskunde Batzordeari ere eman diote erabakiaren berri. «Pertsona batek ez badu hautesle erroldako partaide izan nahi, zergatik izan behar du derrigorrean?». Haren ustez, badago arrazoi bat aukera hori ukatu eta zigortzeko: «Jende askok uko egingo balio hautesle erroldan egoteari, kolokan legoke hauteskunde prozesuen zilegitasuna». Hori da erakundeetako agintarien beldurra, Escalante Ruizen hitzetan.

«Erabakitzeko, aukera gutxi»

Soldadutzaren aurkako mugimenduan ibili ziren Escalante Ruiz eta Zulaika Galdos, eta han ezagutu zuten elkar. Gaur egun ere, hauteskunde sistemaren inguruan ere, uste dute ez dela falta desobedientziarako motiborik. «Politikariak direla, botereak nahastea dela, denak adarra jotzen dabiltzala... Biztanleriak aukera gutxi du erabakitzeko». Hauteskunde Batzordeari helarazitako gutunean, «autogestioaren eta asanblearismoaren» alde egin dute, «erabakiak adostasunez» hartzearen alde: «Horrela bakarrik egin diezaiokegu aurre publikoa denarekiko interes falta eta apatiari. Hori du ezaugarri sistema honek, eta, gainera, jendea mehatxatzen du hauteskunde mahaietan parte har dezan».

Hainbat arrazoi zehazten ditu Hauteskunde Legeak bozkalekura joateko aginduari uko egin ahal izateko; besteak beste, gaitasun urritasunen bat izatea, kartzelan edo ospitale psikiatriko batean egotea, edo bozkalekura joatea ahalbidetzen ez duen komunitate erlijioso bateko kide izatea. Salbuespenezko kasu batzuk ere hartzen dira aintzat, esaterako, «garrantzi bereziko familia ospakizunak, atzeraezinak direnak eta galera ekonomiko garrantzitsua dakartenak».

Atzo bertan atera zuen Espainiako El Mundo egunkariak horietako kasu baten berri: gizon bati baimena eman diote hauteskunde mahaian ez egoteko, bezperan Lisboara joan ahal izateko futboleko Txapeldunen Ligako finala ikustera.

Ez dute onartzen, ordea, kontzientzia eragozpenaren printzipioa. Horrek erakusten du, Escalante Ruizen esanetan, «zer-nolako beldurra dioten betebehar horri politika edo ideologia ikuspegitik uko egiten dietenei».

Biltzeko dei zabala

Gasteizko bi bizilagunak ez dira lehenengoak kontzientzia eragozpenak aipatu dituztenak hautesle erroldari desobedientzia egiteko. Escalante Ruizek gogoan du, esaterako, 90eko hamarkadan Iruñea inguruan sortu zen Descenso Electoral mugimendua. Euskal Herritik kanpo ere, izan da hautu bera egin duenik urte hauetan.

Salaketa eta ekintza horiekin, norberaren arrazoi ideologikoetan gehiegi sakondu gabe, dei zabala egin nahi diete Gasteizko bi bizilagunek hautesle erroldatik atera nahi duten guztiei. Inguruko mugimenduetan mezua zabalduta, lau pertsona eurekin batzeko agertu dira prest dagoeneko. Beunzaren hitzei jarraituta, kontzientziaren eta desobedientziaren duintasuna» indartu nahi dute. «Garaia da gai honetan ere men egiteari uzteko, betebehar hori bertan behera gera dadin. Bil gaitezen hautesle erroldetatik atera nahi dugunok. Gu igande honetan bertan hasiko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.