Kritika. Musika

Ulu askea, denboraz gaindi

Beñat Axiari, herenegun, Donostiako Ernest Lluch aretoan. DONOSTIA KULTURA.
gorka erostarbe leunda
2013ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Beñat Axiari

Non: Donostiako Ernest Lluch aretoan. Noiz: Otsailaren 21ean.

Emanaldia Donostian izan zen, kultur areto txiki batean. Emanaldia otsailaren 21ean izan zen, ostegun batez. Osagaiak ere izan daitezke ageriko, atzemangarri. Ahots izugarri bat, erregistro, tonu eta gaitasun ugaritakoa. Perkusio eta erritmo tribal nahiz jazzistiko sendoa ( Beñat Axiari bera atabala eskuekin joz eta haren seme Julen, bateria, tinbal eta gainerako perkusio tresnekin), eta jazz askeenari bide ematen dion pianoa Michel Queilleren esku trebeetan.Baina haren emanak badu zerbait atzemanezina, lekuz eta denboraz kanpoko edertasun bat, modaz eta joerez kanpokoa. Lekua eta denbora desagertu egin ziren. Inoizko eta nonahiko ahotsa da Axiarirena, nahiz izan garaikide eta donapaleutar, era berean.

Denborak eta espazioak gainditzen ditu, gustuko poetak kantatzen dituelako (Garcia Lorca, Auxtin Zamora...), jazz pieza estandarren (Billie Holidayren Strange Fruit) eta ez hain estandarrenak (Don Cherryren Mopty) modu erabat askean bereganatzen eta kanporatzen dituelako—zoragarria Holidayren piezan goi eta behe tonuetan egindako aldaketak—, fandango «basa bat» eta arin-arin «goxo» batinterpretatzen dituelako Afrikako tribu baten erritmoekin txertatuz edota kotoi sailetako esklaboen blues nahiz gospel lanturuekin gurutzatuz. Kantuak, tradizioak, kulturak elkarrekin nahastu eta ukitzen ditu, artifizio usainik gabe, entitate berri bat sortuz, modu harmoniatsu eta askean. Ulu aske bat da barrenetik ateratzen zaiona, arnasaren menperatze harrigarri batetik askatzen duen hots eta ahots betiereko bat. Zuberoako melodietan topatzen du Beñat Axiarik euskal bluesa izan litekeena eta Zuberoako zenbait piezarekin amaitu zuen emanaldia. Ama lurrari kantatu zion batean, meditazioa egitera gonbidatu gintuen bestean, eta lo kanta «bizi» batekin amaitu zuen, bertaraturikoekin batera kantatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.