Merkatuko prezioan baino merkeago alokatzea da prefetaren eskaintza

Seaskari buruzko zirkularra zabalduko du prefetak: arazoen %80 konponduko dituela nabarmendu du

Ezkerrean, Pierre Andre Durand prefeta, eta eskuinean, Patrick Dallenes suprefeta, Baionan egindako agerraldian. SYLVAIN SENCRISTO.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Herriek merkatuko prezioan baino apalagoan alokatu ahal izanen diote Seaskari. Hori izan da Pierre Andre Durand Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Patrick Dallennes Baionako suprefetak Seaskari ireki dioten ateka hertsia. Nabardura batekin, hala ere. Dagoeneko eginda dauden egoitzak izan beharko dira, eta inola ere ez eraikuntza berriak. Bigarren ateka bat ere utzi du zabalik: herriko etxe edo elkargoek lur soila aloka diezaiokete Seaskari, baldin eta prefabrikatuak jartzeko bada. Eraikuntza gogorrak egitea debekatua dagoela ohartarazi du prefetak.

Legean ageri ez den ateka bat ere ireki du, horrekin batera. Edo, zuzenago adierazteko, ez du eginda dauden ikastolen egoera aztertuko: «Orain dauden ikastolen kasuan, begiak itxiko ditut, haien egoera aldatzen ez baldin bada».

Oren luzea behar izan zuen prefetak atzo hiru elementu horiek azaltzeko kazetarien aitzinean. Presaka, hilabete bukaeran direlako Europako hauteskundeak, eta administrazioaren ordezkariek ez dutelako mintzatzeko eskubiderik hauteskunde garaian. Hendaiako (Lapurdi) ikastola berriaren aurkako prozedura iazko urtarrilean abiatu zuen Durand prefetak. Hamazazpi hilabeteren buruan dator zirkularra. Ondoko egunotan zabalduko die auzapezei eta Seaskari.

Preseski, Seaskak ez du testuari buruzko baloraziorik egin nahi izan. Atzo arratsean bertan biltzekoa zen Seaskaren zuzendaritza zirkularra aztertzeko. Baina, ofizialki, oraindik ez dute testua esku artean.

Zirrikitu hertsietan

Hezkuntza arloko egitasmo pribatuak diru publikoarekin finantzatzea debekatzen du Falloux legeak. Abantzu bi mende dituen lege horrek Hezkuntza Kodeari utzi dio lekua, baina hor biltzen da irizpide nagusia, aldatu gabe. Lege ezberdinen zirrikituetan zorrotz begiratu duela aitortu du Durandek. 2006an Marc Cabanne prefetak zirkular bat igorri zien auzapezei, legeak zioena gogoratuz. Durandek aitortu du ikastolen izaera arautzeko legerik ez zela Frantzian, eta, horregatik, administrazioak nahiago izan duela ez ikusiarena egitea luzaroan. Alta, Hendaiako kasuak «marra gorri guztiak» gainditu zituela azaldu du. Bi arrazoirengatik. Lehenik, hezkuntza eredu pribatu baten esku ezarri nahi zuelako eraikin berri bat, eta bigarrenik, urririk egin nahi zuelako.

Kasu horrek, Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola egiteko xedearekin batera, legearen interpretazio zorrotza eragin duela jakinarazi du prefetak. Horregatik, orain arteko lege aldaketa guztiak barneratu dituen zirkular bat egitea deliberatu du. Engoitik, ikastola berri guztiak iragazki horretatik igaro beharko dira. Zaharrak, ez.

«Inbertsio eta higiezinen arloan, zeharkako edo zuzeneko diru laguntza guztiak debekatzen ditu legeak», gogorarazi du Durandek. Baina legearen irakurketa«malguagoa» bilatu duela azaldu du. Horregatik, onartuko du dagoeneko existitzen diren egoitzak alokatzea, merkatuko prezioa baino apalago. Ez du xehetasunik eman. Denbora jakin baterako erabilera kontratua (AOT izenekoa) izenpetuko dute. Nahi duten iraupena finka dezakete herriek. Prefetak sei urterako kontratua hobesten du, auzapez baten agintaldia delako. Lur soilaren kasuan, debekatua da egoitza gogorrak egitea, ez balitz berrituko hitzarmena herriak bere gain hartu beharko lukeelako ikastetxea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.