Isra al-Modallal. Hamasen bozeramailea nazioarteko hedabideentzat

«Munduak bizkarra eman digu»

Egoerak biziki egin du okerrera Gazako zerrendan, Hamaseko bozeramaile berriaren ustez. Horregatik, nazioarteak bere «erantzukizuna» hartu behar duela dio Isra al-Modallalek.

Ane irazabal
Kairo
2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gaztea da Isra Al-Modallal (Rafah, Egipto, 1990), baina politikan aritzeko sena sumatzen zaio. Arina da erantzunetan, eta argi dauka igorri nahi duen mezua. Komunikazio ikasketak egin eta telebistako saioak ekoitzi ondotik, nazioarteko hedabideak kudeatzeko bozeramaile izendatu du Gazako gobernuak. Britainia Handian hezitakoa da, bananduta dago, eta 4 urteko haur baten ama da; Al-Modallalek argi dauka bere izendapenarekin Hamasek irudi berriztu bat eskaini nahi diola munduari. Izan ere, nazioarteko kazetariek gustuko duten irudia eskaintzen du bozeramaile berriak: atzerrian bizi izandako gazte palestinar baten ikuspegia, alegia.

Al-Modallalek iritzi dio okupazioaren inguruko Israelen narratiba aldatzen lagun dezakeela. Eta arrazoi horrengatik onartu du kargua, Hamasekoa ez den arren. Baldintza bakarra dauka: ez ditu kazetari israeldarren deiak jasoko. BERRIAri, ordea, Skype bidezko elkarrizketa bat eskaini dio.

Zergatik aukeratu zaitu Hamasek nazioarteko hedabideen aurrean Gazako gobernuaren bozeramaile izateko?

Gazako gobernua arduratuta dago nazioarteko komunitateak erakutsi duen gelditasunagatik. Hedabideek iritzi publikoa sortzen dute, eta, horregatik, garrantzitsua da gazatarrok pairatzen dugun blokeoa ondo azaltzen jakitea.

Nik uste dut aurrerapauso positiboa izan dela bozeramaile baten beharraz jabetzea; izan ere, diskurtso palestinar bateratu bat garatu beharra daukagu. Egia da palestinarron aldeko elkartasun mugimendu asko daudela, baina, oro har, nazioarteko hedabideek Israelgo narratibaren eragina daukate. Nire helburua da Palestinako gatazka justizia globalaren testuinguruan jartzea. Hori lortu ahal izateko, oso garrantzitsua da nazioarteko kazetariak Gazara gonbidatzea eta hemengo errealitatea ezagutzea. Arazoa da guk ez ditugula mugak kontrolatzen.

Ez zara Hamas mugimendukoa, baina bi aldiz pentsatu gabe onartu duzu kargu berria. Zergatik?

Beste edozein alderdik proposatuz gero ere, onartuko nukeen. Gazatarra naiz, eta nire gizartearekiko ardura bat sentitzen dut. Bestalde, Hamasen inguruan ideia okerrak zabaldu dira mundu osoan. Nire iritziz, mugimenduari buruzko gaizki-ulertu asko konpontzen lagun dezaket, batez ere emakumeen rolari buruz.

Zure hitzak berreskuratuz, «nazioarteak ez die arreta bera eskaintzen Gazari eta Zisjordaniari». Kritikatu duzu palestinarrei buruz hitz egitean gazatarrak ahazteko joera bat badagoela...

Eta oso arriskutsua da hori. Munduak bizkarra eman digu gazatarroi. Zisjordaniak eta Gazak Israelgo okupazioaren bi alde islatzen dituzte, baina herri bera gara. Halere, bi gobernuak banandu egin zirenetik, bi gizarteak ere aldendu egin dira. Horrek biziki arduratzen gaitu; izan ere, denok gara palestinarrak. Hori dela eta, guretzat oso garrantzitsuak dira sare sozialak. Blokeoa gainditzeko eta harresia apurtzeko gai dira.

Halere, Palestinako agintariak sare sozialen beldur direla dirudi. Ez dute arazorik jartzen okupazioari buruz hitz egiteko erabiltzen badira, baina barne aferak kritikatzeko erabiliz gero, ez dira hain irekiak. Duela gutxi, hainbat blog itxi dituzte Gazan...

Nire ustez, onartezina da hori. Modu publiko eta gardenean aurkeztu behar dugu geure burua. Ez dugu ezer ezkutatzeko.

Urtebete pasatu da Gazaren kontrako azken erasoa gertatu zenetik. Nola dago egoera?

Duela urtebete baino okerrago gaude, zalantzarik gabe. Israelek ez ditu errespetatu su-etenean adostu ziren erabakiak. Arrantzaleek ezin dute sei miliatik aurrera arrantza egin, eta nekazarientzat ez dira gutxitu buffer eremuak.

Egiptok, gainera, tunelak suntsitu ditu, eta, beraz, materialen gabezia daukagu. Ondorioz, erregai falta eta elektrizitate krisia dira egunotan arazorik larrienak. Egoera are okerragoa da iheslarien guneetan. Rafahen, esate baterako, familia askok kandelak erabiltzen dituzte, argirik ez dutelako, eta, horren ondorioz, hainbat etxebizitzak su hartu dute.

Nola eragin dizue Egipton izan den estatu kolpeak?

Pixka bat urduri gaude; izan ere, Egipton gertatzen diren aldaketa guztiek eragina dute gure artean. Espero dut Hamasen eta Kairoko agintarien arteko harremanak hobera egitea.

Baina ez dirudi hala izango denik. Egiptoko Gobernuak biziki gogortu du Hamasen aurkako diskurtsoa. Sinai penintsulan nagusi den ezegonkortasun politikoaren arduradun egin dute Hamas.

Astakeria hutsa da hori. Guk ez daukagu zerikusirik Sinain gertatzen ari denarekin. Egiptoko aferak ez dira gureak. Ez du zentzurik jihadistak eta armak tuneletatik pasatzen direla esateak. Egiptoarrei eskatzen diegu gazatarrok errespeta gaitzatela.

Errespetuz jokatu al zuen gazatarrekin Mohamed Mursiren gobernuak?

Nire ustez, bai Anaia Musulmanek, baita militarrek ere, politikoki erabili egin gaituzte. Mursik 24 orduz ireki izan balu Rafaheko muga, benetako aldaketa bat ekarriko zukeen. Ez zen hala gertatu. Luze hitz egin genezake Egiptoko rolari buruz, baina, nire iritziz, benetako arazoa Israelen okupazioa da. Izan gaitezen zintzoak: Israelek Gazako muga guztiak kontrolatzen ditu, baita Rafah ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.