Biktimen eskaera baztertuta hasi da berriz Mubaraken kontrako epaiketa

Epaileen burua aldatu nahi izan du akusazioak, Egiptoko presidente ohiaren gobernuan aritutakoa delako

Erredakzioa
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Egiptoko matxinadan hil zituzten biktimen senideek eskatutakoa bete gabe hasiko da berriz Hosni Mubarak presidente ohiaren kontrako epaiketa. Joan den urriaren 30ean eten zuten abokatuek, epaileen taldea kentzeko egindako eskaera aztertzeko, baina Apelazio Auzitegiak ez ditu argudioak aintzat hartu, eta talde berarekin aurrera egitea erabaki du.

Batetik, Ahmed Refaat epaileen burua Mubaraken kontseilari juridikoa izateak ez die konfiantza handirik ematen haien ustez agintariak behar duen epaiketa ziurtatzeko, baina, bestetik, prozesuaren beraren hainbat irregulartasun salatu dituzte; larrienetakoa Husein Tantauiren deklarazio egunean gertatutakoari deritzote: Junta Militarreko mariskala deklaratzera igo zenean, abokatuek ezin izan zioten galderarik egin, epaileek ukatu zutelako. Tantaui Mubaraken ondo-ondokoa zen; presidente ohiak boterea uzteko ezinbestekoa izan zen haren lana, eta gerora hura izan da Egiptoko trantsizioa gidatu duten militarretan buruzagia.

Atzo, beraz, epaiketari ekin zioten, Kairoko Poliziaren Akademian. Ohi bezala, ohe batean etzanda eraman zuten Mubarak, joan den apirilaren 12tik ospitalean baitago, bihotzekoak eman ziola esan zutenetik. Harekin batera bi semeak, Alaa eta Gamal, Habib al-Adly Barne ministro ohia eta sei aholkulari zeuden saiora deituak. Han zirela baieztatu ondoren, prozesua astelehen arte atzeratzea erabaki zuten biktimen senideen abokatuek eskatuta.

Abokatuek denbora gehiago eskatu dute hainbat froga aztertzeko, ez baitute erraza horiek lortzea defentsak behar duen lana egiteko. Horrez gain, pentsatzen dute erregimenaren buruzagiak kendu badituzte ere sistemaren indarkeriak aurrera jarraitzen duela eta hori kontuan hartu beharko litzatekeela. Abokatuen ustez, berriz, «epaileek lehenbailehen egin nahi dute prozesua, ahalik eta azkarren ixteko auzia», Asad Heikal abokatuaren ustez.

Prozesua, hankamotz

Hain zuzen, Mubarak eroriz gero Egiptoko gatazkan hil diren guztien gertaerak bildu nahi dituzte abokatuek, eta prozesuaren parte izatea nahi luke, «baina hori ez dute sekula onartuko Tantauik berak eseri beharko lukeelako, baina ez lekuko gisa, inputatu gisa baizik», azaldu du Asad Heikal abokatuak. Biktimen senideak beldur dira Mubaraki nolabaiteko zigorra ezarrita gainerako guztia estali nahiko dutela. «Mubarak erdizka zigortuta urte asko beharko dira benetako epaiketa bideratzeko», Haikalen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.