Jon Alonso.
Iritzia

Apologeta eskas baten aitorpenak

2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Egia esan, Cortazarrek Rayuela argitaratu zuenean nik 5 urte baino ez nituen; eta Rayuela irakurri nuenean, hau da, lehen aldiz eta liburu konbentzional bat zelakoan, eta balitz bezala, irakurri nuenean, 22-25 neuzkan, hor nonbait. Horrek esan nahi du ordurako liburuak 20 bat urte luzeko bidea eginda zeukala. Ez da detaile txikia, testuak aldatzen direlako zirkulatzen hasten direnean, eta zenbat gehiago zirkulatu, orduan eta gehiago aldatu. Esan ohi da, liburu bat bera dela, gehi den horri irakurleek, poliki-poliki, gaineratzen diotena. Alegia, nik hartzerako, Rayuela klasiko bat zen.

Rayuela-ren lehen ediziotik 5.000 ale saldu omen ziren, eta, orduko kritikari eta Cortaziano sutsuek diotenez, grinaz irakurri zen. Zalantzarik gabe, guk testua harrapatu genuenerako, Rayuela-ren irakurketa garrantzizko asko eginda zeuden, eta jada beste testu bat zen. Hala ere gu orduan inozoak eta ezjakinak ginen (funtsean orain garen bezala; bakarrik orain, gainera, temosoak eta erretxinak garela, baita ere), beraz Rayuela eta gu aski birjinak gintzaizkion elkarri (dotoreago esateko, Italo Calvinoren hitzak erabiliz, klasiko bat diskurtso kritiko ugari sorrarazten duen obra da; baina obra bera arduratzen da hautsa bezalakoa den diskurtso kritiko hori gainetik kentzeaz). Cortazarren obratik El Perseguidor ezagutzen eta gurtzen genuen, maite izan genuen su iniziatiko batez. Ezagutu, gurtu eta maite, halaber, zenbait ipuin, errealistenak ausaz, nahiz eta ordurako gure urdail literarioak zenbait ukitu fantastiko jasateko prest egongo ziren, Cortazarrenean ukitu horiek zeukaten sakontasun eta atze alde osoa liseritzeko gauza izan gabe ere. Hori horrela, Rayuela-k kolpatu eta zigortu zuen, gupidagabe zigortu ere, egiazko lizunkerien, esperientziaren maskara faltsuen eta puntu baterainokoen atzean ezkutatzen genuen gure birjintasun egiazko eta gezurrezko, lauso eta zabar hura, eta liburua ez genuen sutara bota, partez ezin geniolako horrelakorik egin hain maitea genuen Juliori, partez hori aitorrezina zitekeelako adiskideen aurrean. Cortazar eta Cortazarren antzekoenean asetzen genituen gure arima erdaldunaren beharrak, Oh! Euzkadi eta Pott irakurriz arima euskalduna elikatzen genuen aldi berean edo beretsuan, metro karratuko inoizko mesetario kopururik handiena zeukan panorama baten erdian, eta uler bedi «mesetario» hitza bere zentzurik triste eta miserableenean. Barka nazazue, esperientzia baten berri baino ezin dut eman. Gainerakoa entziklopedietan dago.

Ordutik beste hogeita hamar urte pasatu dira, denbora aski Rayuela beste modu batez irakurtzeko eta geureganatzeko. Zer da Rayuela, gaur egun? Berriz ere, niretzat zer den baino ezin esan dezaket fundamentu pixka batekin. Hasteko esan dezaket, orduan iraultzailea eta hipermodernoa iruditzen zitzaiguna, egitura, dela gehien zaharkitu dena. Joandako denboraren zama nabari da pasarte batzuetan, ezinbestez; baina gehiago dira bizi-bizirik segitzen dutenak (Berta Treparten piano kontzertua, esaterako, edo Morelliren gogoetak). Bukatzeko, zer izan liteke Rayuela gaur hogei urte daukan gazte batentzat? Hori esatea askoz zailagoa da. Baina 50 urte eutsi badio panorama literarioan, aise eutsiko dio bi edo hiru mende teknologiak gaur inposatzen digun komunikazio eta kultura molde hauetan, atalka, desguazean, bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.