Joxe Portela. Filmaren ekoizlea

«Izena bera aipatzeak kanpoan saltzea zailtzen du»

Igor Susaeta.
Tolosa
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Abra Producciones ekoiztetxeko Alberto Gerrikabeitia eta Joxe Portela (Bilbo, 1957) dira filmaren ekoizleak. Bypass (2012) ere ekoitzi zuten, esaterako. Itxaropentsu mintzo da Portela, nahiz eta produkzio aurreko lanean bertan arazoak eduki dituzten. Badaki filma hedatzeko arazoak izango dituztela Espainian. «Pelikula ikustean banatzaileek beldur hori uxatuko dutela espero dut».

Pelikularen gaia dela eta, arazoak eduki al dituzue finantzatzea lortzeko?

EITBren laguntza badugu, eta baita Jaurlaritzarena ere. Kanpoan, filmaren izena aipatzean, ez da erraza saltzea. Beldurtu egiten dira. Ez dakite zelan kontatuko dugun. Banku batzuek ere... Hasieran ondo, baina izena esaten zaienean atzera egiten dute.

Asier ETA biok-ek, adibidez, arazoak eduki ditu hemendik kanpo proiektatzeko orduan.

Arazoa diferentea da, hori dokumental bat baita. Gureak aktoreak ditu, eta dirua lortzeko beste arrisku batzuk hartu behar dira.

Arazoak aurreikusi al zenituzten?

Bai, egia esan. Jendea ohituta dago Irlandako pelikulak ikustera, eta ez da ezer gertatzen. Baina hemengoak... Oraindik akusatu gehienak bizirik daude, orduan...

Lurperatu zituzteneko irudiak non grabatuko dituzue?

Datorren asteazkenean eta ostegunean grabatuko ditugu, Tutera (Nafarroa) inguruan. Hasieran pentsatu genuen Bussoteraino(Alacant, Herrialde Katalanak) joatea, baina talde handia da gurea. Pentsa, talde teknikoan bakarrik 50 bat pertsona daude. Tuteran topatu dugu Bussoten antza duen leku bat.

Iritsiko al da Madrilgo dirua?

Zati bat iritsiko da, eta beharrezkoa da. Gainera, automatikoki heltzen da, film bat egiten baduzu, eta horretan dirua gastatzen baduzu. Behartuta daude zati hori ematera. Beste guztia... Banketxe batzuekin arazoak ditugu, eta denak ez dira Madrilgoak... Hango telebistei erakustean (TVE, pribatuak, Canal +...), bakarrik izena aipatzean, beti topatzen dute aitzakiaren bat. Oraingoz ez dute erosi. Pelikula ikusi nahi dute Canal + eta TVEkoek. Katalunian ere saiatzen ari gara, eta uste dugu bai han eta baita Frantzian ere errazagoa izango dela saltzea.

Zenbateko aurrekontua du filmak?

Publizitate eta kopiarik gabe, 1,7 milioi eurokoa. Kopia eta publizitatearekin, 2,1 milioi euro ingurukoa.

Igual Donostiako Zinemaldian estreinatuko dela aipatu duzue.

Guretzat hori izango litzateke onena. Gure plangintzaren arabera, amaituta eta muntatuta eduki nahi dugu maiatzerako, Zinemaldiko hautaketa batzordeak ikus dezan. Espero dugu Zinemaldian estreinatzea. Non? Sail Ofizialean bada, hobeto. Horren ostean, Tolosan emango dugu urriaren 15ean, bahiketaren 31. urteurrena beteko baita. Ondoren, jada, zinema aretoetara eramango dugu.

Espainian estreinatzeko arazoak edukiko dituzuela aurreikusten al duzue?

Estreinatzeko, ez dut uste. Gero, ordea, ezin da jakin. Pentsatzen dut Madrilen, Katalunian eta Andaluzian badugula publiko objektibo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.