Herio itzalarekin solasean

Jokin Oregik idatzitako 'Itzala' antzezlana estreinatuko du Kabia konpainiak La Fundicion aretoan

Nor deitutako pertsonaiaren eta heriotzaren arteko istorioa aurkeztuko du Kabia konpainiak bihar eta etzi La Fundicion aretoan. JAVIER GUMIEL.
Iker Tubia.
2013ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bi aktore, antzoki txiki eta intimo bat, argiak eta biolin soinua. Besterik ez du behar Itzala Kabia konpainiaren lan berriak. Jokin Oregik idatzitako testua jokatuko dute Florentino Badiolak eta Joseba Uribarrik bihar eta etzi Bilboko La Fundicion aretoan. Borja Ruizek zuzendutako antzezlana lehenbiziko aldiz aurkeztuko da ikusleen aurrean.

Bi pertsonaia baizik ez dira ageri antzezlanean: Nor eta Heriotza. Nor, baina, ez da inor. Dena den, itzala izan badu, eta itzal hori, bera bezala baina beltzez jantzitako hori, heriotza da. Bizitzaren eta heriotzaren arteko loturaz mintzo da Itzala, eta pertsonaiaren tragedia ikuslearentzat komedia izan litekeela azaldu du Jokin Oregi testuaren idazleak. Berak dioenez bizitza tragedia eta komedia da, eta, heriotzak bizitza baldintzatzen duen heinean, berak ere, alde tragikoa ez ezik, komikoa ere badu.

Baina ez da soilik heriotzari buruzko gogoeta bat. «Nik uste bizitzaren tesi bat dela, heriotza kontuan hartuta. Nahiz eta joera dugun heriotza baztertzeko, heriotzak berebiziko garrantzia du norberarengan, ume-umetatik gainera, eta horrek gure jokatzeko modua baldintzatzen du», azaldu du Oregik. Dena den, gogoeta «apala» eta «formatu txikikoa» dela esan du, «nabarmenkeriarik gabekoa». «Goxo aritu nahi nuen heriotzarekin», dio.

Borja Ruiz Kabia konpainiako zuzendariak antzezlanerako testua egiteko eskatu zionean, Joseba Sarrionandia idazlearen izena agertu zen. Izan ere, konpainiak aurretik egindako antzezlan bateko pertsonaietako bi erabili nahi zituen Ruizek: lagun bat eta haren itzala. Spin-off bat egin nahi zuten. Antzezlan horretarako, Sarrionandiaren Itzalarekin solasa ipuin laburrean oinarritu ziren. Hor, pertsonaiaren eta haren itzalaren arteko solasaldia irakur liteke.

Oregik gaia libre zuenez, pertsonaia horrek Heriotzaren bisita jaso zezakeela pentsatu zuen. Hala, pertsonaia horren itzala heriotza bihurtu zuen. Horrek euskaraz idatzitako beste ipuin bat gogoraraz lezake: Bernardo Atxagaren Bagdadeko morroia, hain zuzen ere. «Bi ipuin horiek daude oinarrian agian, baina distantzia handia dago Sarrionandia, Atxaga eta nire artean», argitu du.

Antzezlan «intimoa»

Itzala antzezlanean bi pertsonaia badaude ere, bakar batek hitz egiten du, itzala mutua baita. Bakarrizketa modukoa da. Oregiren aburuz, La Fundicion areto egokia da gisa horretako obra batentzat, «formatu txikikoa» baita. «Oso ongi datorkio: leku txikia da, baina nahiko eta soberan ikuskizun honetarako, goxo-goxo eta jendearengandik gertu egoteko aukera ematen du», azaldu du. Izan ere, antzezlan «intimoa» dela nabarmendu du testuaren idazleak.

Oregi kontent da emaitzarekin. Kabiak konpainiak lan handia egin duela nabarmendu du. Gainera,antzerki talde horrekin jarduteko gogotsu zebilela aitortu du. «Mimo handiz lan egiten dute, antzerkiari merezi duen patxada eta profesionaltasuna eskaintzen, modu amateurrean bada ere», azaldu du. Antzezlanaren prestaketa prozesua ere bertatik bertara jarraitu du testuaren idazleak, eta emaitza atsegin du. «Detaile txikienari ere inportantzia eman diote, eta horrekbeste kolore bat eman dio ikuskizunari», esan du. Gainera, lan egiteko modua ere aldatu egin du, ez baitago ohituta berak idatzitakoak beste batzuen esku uztera: «Normalean, neuk zuzentzen ditut nik idatzitako istorioak».

Bilboko emanaldiak iluntzean izanen dira. Biharkoa 20:00etan eta igandekoa 19:00etan. Oraingoz ez dago beste saiorik, baina emanaldi horrek ateak irekiko dizkien esperantza du Kabia konpainiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.