Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Hitzen anabasa

Filmeko fotograma bat. Z / BERRIA.
Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Quai d' Orsay'

Zuzendaria: Bertrand Tavernier.

 Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 113min.

Tavernierrek egungo zinemaren ezinbesteko maisua dela erakutsi digu berriro. Filmatzen jarraitzen duen klasiko bat. Haren filmak denboraren igarotzea primeran jasotzen dituzten horietakoak dira. Adibide bat jartzearren, Ça commence aujourd´hui filmaren gaurkotasuna —batez ere gaur bizi dugun hezkuntza murrizketen harira— benetan harrigarria da.

Quai d'Orsay film berrian, Lanzac & Blain komikigileen izen bereko obra ospetsua egokitu du Bertrand Tavernierrek, politikarien erretorika hutsalari buruzko komedia bat. Frantziako Atzerri Gaietako ministro Alexandre Taillard de Vorms protagonista duen satira politiko bat dugu hau: zoritxarrez, eta karikatura bat izan arren, oso sinesgarria den pertsonaia. Thierry Lhermittek energia askoz egiten du ministro lerdo, berritsu eta astunarena.

Beste protagonista, Arthur Vlaminck (Raphael Personnaz) gaztea, ministroaren hitzaldiak idazteko kontratatu dute. Baina nagusiaren eta bere inguruko menpeko lantaldearen zinismoari aurre egin beharko dio. Asko saiatu arren, ezin du bere tokia bilatu jauregi zoro horretan.

Nahaste-komedia klasikoen antzera, filmaren erritmo itzelak eta elkarrizketa irrigarriek ez dute etenik. Baina kasu, ez du korapilorik. Film handi honen hutsune bakarra da. Erritmo basatian eta hitzetan oinarritzen da filmaren tentsio narratiboa. Baina bilberik ez. Pertsonaien helburuen berririk ez dugu. Denak korrikan ariko dira korridore etatik. Eta kito. Hala, txisteak eta egoerak errepikakorrak gertatzen dira; eta hasieran irrigarria zenak aspergarri bihurtzeko arriskua du. Baliteke gidoian sumatzen den argumentu falta ez izatea filmaren arazoa. Agian ez du horren beharrik. Baina orduan iraupenaren luzapenak izango du kulpa —aurtengo Zinemaldian gehien entzuten den kexa, bestalde—, filmaren graziaren moteltze progresiboaren erruduna izango da.

Argi dagoena da Tavernierrek kameraren atzean duen trebeziak bere horretan jarraitzen duela; beti daki objektiboa non ipini, errealitatea begirada zorrotzaz ezin hobeto fokatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.