Manifestazioa Bilbon. 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea'

«Etorri beharra zegoen»

Ilusioa aipatu dute Bilboko kaleak bete dituzten herritarrek, debekuaren ostean izandako ezohiko deialdia dela etaManifestaziora urtero joan ohi direnez gain, jende gehiago ere izan da mobilizazioan

Jendetza, alboetatik, manifestariak txalotzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia - Iñigo Astiz
Bilbo
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Manifestazioa hasi aurretik gurpil aulkian eserita zegoen adineko pertsona batek bere ezagun bati esan ziona: «Etorri beharra zegoen». Ezohiko manifestazioa izan zen atzokoa, eta horrela izan zela adierazi zuten alderdi politiko eta eragile sozialetako ordezkariek manifestazioa hasi aurretik. Ostiraleko prentsaurrekoan Bilboko kaleak betetzeko deia egin zieten deitzaileek herritarrei, eta hala erantzun zuten. Hasierako deialdira joateko asmorik ez zuen jende asko bertaratu zen. Eta horregatik da esanguratsua gizon edadetuaren esaldia. Bilbon izan zen jende askoren erreakzioa azal dezake. Atzokoa ezohiko deialdi bat zela barneratuta zeukan berak ere.

Baina ez zen deialdia ezohiko bakarra izan. Urtero presoen sakabanaketaren aurkako manifestaziora joan izan diren herritarrei horretarako ohiturarik ez dutenen babesa gehitu baitzitzaien atzo. Eta horrek ezohiko ilusioa sorrarazi zien hainbat herritarri. Eta horretarako, EAJ manifestazioaren deitzaileen artean egoteak zuzenean eragin zuen. Askok luzaroan ikusi nahi izan zuten batasun irudi hori, eta «azkenean» gauzatu ahal izan zelako pozik zegoen Mikel Muñoz bilbotarra. «Gatazka konpontzeko aurrerapausoak eman behar dira, eta gaurko argazkia sakabanaketa politika amaitzeko lehen pauso izan daiteke». Elkarlanerako abiapuntua izan daitekeenaren oinarria ikusi zuen manifestazioan, «giza eskubideen alde» lan egiteko bidelagun berrien beharra ezinbestekoa baita, haren ustez. Baina horretarako, «iraunkorra izan behar du».

Baina ilusioa aipatzeaz gainera, nekea ere aipatu zuten zenbaitek. Nagore Dominguez donostiarrak, esaterako: «Urte luzez bete ditugu Bilboko kaleak sakabanaketa amaitzeko, baina oraindik manifestazio hau egiten jarraitu behar dugu». Milaka pertsonaren aldarriak Madrilerako bidean apaltzen diren errezeloa zeukan, baina pankartan beste alderdi politiko bat egoteak ere mezua argiago iristen lagundu dezakeela adierazi zuen. «Euskal herritar guztiok bat eginda, Espainian ozenago entzungo da gure ahotsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.