Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka

Egiten denaz harrotzearen garrantzia

Galizian egiten den antzerki gehiena galizieraz egiten da, eta produkzioa ez da eskasa. Baina egindakoari ez zaio behar den balioa ematen, Artur Trillo aktorearen ustez.

Juan Luis Zabala
Durango
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Antzerkia hizkuntza gutxituetan egitearen alde onak eta txarrak aletu zituzten atzo Artur Trillo eta Ramon Agirre aktoreek eta Jokin Oregi antzerki idazleak —Trillok galizierako antzerkigintzaren ikuspegitik, Oregik eta Agirrek euskarazkoaren ikuspegitik—, San Agustin kulturgunean egindako mahai inguruan. Josu Camarak aurkeztu zuen Ehazek antolatutako ekitaldia, eta Ane Zabalak gidatu zuen solasaldia.

Galizierazko antzerkiak abantaila handi bat du beste hizkuntza gutxitu batzuetako antzerkigintzarekin alderatuz gero, Trilloren ustez: Galiziako bizilagunen %60k edo gehiagok hitz egiten duela galizieraz. Baina baita desabantaila bat ere, eta ez garrantzirik gabekoa: «Galtzaileak gara beti, auto-gorrotoak menderatzen gaitu. Inbidia diot beste herri batzuek beren kultura defenditzean eta zabaltzean erakusten duten harrotasunari. Gurean ez da horrelakorik izaten. Gu kanpokoak itsutzen gaitu, eta ez dakigu geurea balioesten».

Galizian egiten den antzerki ia guztia, %90 inguru, galizieraz egiten da, Trillok atzo jakinarazi zuenez. Baina datu horrek badu «bigarren irakurketa bat» ere, ez horren baikorra: «Ikusezinak gara, anekdotikoak, ia-ia klandestinoak. Publikoa izaten dute gure emanaldiek, egia da, baina guztiz baztergarriak gara. Azkenean, joera endogamikoa dugu, geuretzako egiten dugu antzerkia, antzerkiaren munduko jendearentzat».

Vigoko Auditoriumak egiten duen banaketa Trillok azaldutakoaren adibide grafiko argia da. Bi areto ditu: handia bata; sotoan kokatua, txikia, beste. Kanpotik datozen konpainien lanak areto handian programatzen dituzte; Galiziako konpainienak, aldiz, sotokoan. «Aktuatzen dugu, bai, baina beti soto batean».

Galiziako antzerkigintza «diruz lagundua» dela aitortzeko erreparorik ez du Trillok, eta ekoizpenari ematen zaion laguntzaren aldetik ez du kexurik. «Baina oso deskonpentsatuta daude ekoizpena eta banaketa. Horren ondorioz, gertatu izan da 100.000 euroko aurrekontuarekin prestatutako obra bat 12 edo 15 bider baino ez jokatzea».

Premia bati erantzunez

Jokin Oregiren ustez, antzerkiak, euskarak berak bezala, beharrezkoa izan delako iraun du, premia bati erantzun diolako. «Euskararen jatorria: enigma europar bat film dokumental polemikoan, aditu batek dio euskarak gaur arte iraun baldin badu, txiripaz izan dela. Baliteke. Baina nik uste dut erreminta baliagarria izan delako iraun duela euskarak. Makinatxo bat arazo dira, hizkuntza bat beharrezko egiten dutenak!».

Euskal Herrian programatzen den antzerkian, euskarak oso leku gutxi duela ekarri zuen gogora Oregik, eta, oro har, beste arlo askotan ere euskararen presentzia oso murritza dela: liburuetan, zinema aretoetan, telebistan, kalean... Gaztelaniazko obren nagusitasunari aurre egiteko euskaraz ahalik eta antzerki obra gehien egitea eta ematea proposatzen denean, kontuz ibili beharra dago, ordea, Oregiren ustez. «Gaztelania ez da hizkuntza murriztua, eta gai da bere baitan produktu eskasak asimilatzeko. Guk ez dugu horrenbesteko zorterik, eta lan eskasek sekulako mina egiten digute, militantzia prestuenetik borondaterik onenarekin eginak badira ere».

Ramon Agirrek bi abantaila handi aitortzen dizkio euskaraz antzerkia egiteari: batetik, antzerkia egiteaz gain «handiagoa den beste zerbaitetan parte hartzen» ari dela sentiarazten diola; bestetik, «asmatzeko» aukera ematen diola, «inork inoiz egin gabekoa» egiten ari delako sentimendua izateko aukera.

Obra bera euskaraz eta gaztelaniaz prestatu eta ematearen alderdi kaltegarriez ere mintzatu zen Agirre. Zalantzan jarri zuen jokabide horrek benetan publiko gehiagorengana iristeko eta lanari etekin ekonomiko hobea ateratzeko balio ote duen; artistikoki, berriz, kaltegarritzat jo zuen, dudarik gabe.

«Asko daukagu egiteko eta asmatzeko», esan zuen amaieran. «Antzerki obra zoragarriak egin ditzakegu eta egingo ditugu, ez dut inolako dudarik horretaz. Baina horretarako euskaraz idatzi behar dugu, euskaraz entseatu, euskaraz jokatu, eta kontratua sinatzen baldin badugu euskaraz egon dadila idatzita. Tontakeria bat ematen du, baina ez da. Gauza asko daukagu kontatzeko, eta antzerkiak izugarrizko gaitasuna dauka gauza horiek kontatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.