Albistea entzun

Kantonamenduetako hauteskundeak

Kontseilari nagusiak hautatzeko lehen itzulia egingo dute gaur

Hautagai gehienek ez dute Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoari buruzko jarrera argirik hartu nahi izan, abertzaleek salbu

Hiru urterako hautatuko dituzte kontseilari nagusiak, lurralde erreforma egin aitzin
Donibane Garaziko kantonamendurako EH Bairen hautagaien aurkezpen ekitaldia, otsailaren 5ean.
Donibane Garaziko kantonamendurako EH Bairen hautagaien aurkezpen ekitaldia, otsailaren 5ean. BOB EDME

Jenofa Berhokoirigoin -

2011ko martxoak 20 - Baiona

Gaur egingo da kantonamenduetako hauteskundeetako lehen itzulia, eta herritarrengan zirrara berezirik eragin ez badu ere, gaur iluntzean jakinen da nola hartu duten herritarrek alderdien mezua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, 72 hautagai dira hamar aulkiri begira. Beren mezuak pasarazi dituzte guztiek, bilkura publikoak eta prentsaurrekoak antolatuz edo atez ate ibiliz. Kontseilu Nagusiak dituen eskumenez ziren gehienen mezuak: garraioak, zaharren arta, etxebizitza, kolegioak... Aitzinekoak eraman lanaren kritika eginik, berek proposatzen dutena aurkeztu dute.

Baina zenbaitek entzunarazi dute Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldarrikapena, edo gutxienez horri begira duten iritzia? Gutxik. EH Bai, EAJ, NPA eta Europe Ecologie Berdeek dute beren baitarik euskal lurralde elkargoaren alde direla erraten. Besteek, ezer ez. Galdera pausatu behar zaie jakiteko zer dioten Zuberoarentzat, Nafarroa Beherearentzat eta Lapurdirentzat legokeen ezagupen instituzionalaz.

Eta ez bada galdatzen, gutxik dute aipatzen. EH Bai ezkerreko zerrenda abertzaleak ditu gai horri begira ekimenak antolatu, eta mezua ozenki eraman. Adibidez, kanpaina hastapenean, Kontseilu Nagusiak Pauen duen egoitzaren aitzinean egin ekintza sinbolikoaren bidez: Gure etxean Pirinioak Atlantikoak dira Kontseiluaren leloa berriz hartu eta Gure herrian Pirinioak euskaldunak dira mezua plazaratu zuten.

Egoera erakusteko balio dezake otsailaren 26rako Baterak Ezpeletan finkatu ekitaldiaren segipena: euskal lurralde elkargoaz gogoetatzeko gomita 72 hautagairi egin, eta bakarrik hamazazpi ziren agertu. Horietariko zortzi zerrenda abertzaleen ordezkari —zazpi EH Baiko eta Angelu Zaineko bat—, lau sozialista, hiru zentrista (Forces 64) eta Ezkerreko Fronteko eta Europe Ecologie Berdeetako bana. UMP, EAJ eta NPA ziren eskas. Argiki euskal lurralde kolektiboaren alde mintzatu zirenak EH Bai eta Europe Ecologie Berdeak izan ziren; besteak, orokorki, eztabaidaren alde agertu ziren.

Kontseilari bihurtzen badira, eztabaida Pauera eramateko engaiamendua hartu dute 22 hautagaik. Baterak egina zien eskaera hori zerrendaburu guztiei, eta, baia erantzun dutenen artean, abertzaleak dira kasik erdiak. UMPkorik ez da, eta Alderdi Sozialistako bakar bat bada.

Erreformaren testuingurua

Inoiz baino gehiago, orain ikusten dute zerbait lortzeko aukera anitzek, edo pays egituraren desagertzearen aurka eraman beharreko borroka unea. Hain zuzen, Frantziako Gobernuak erabakitako lurralde erreformaren testuinguruan gara, eta 2014rako aldaketa anitz ezagutuko ditu Ipar Euskal Herriak.

Daniel Olzomendi Iholdiko EH Bairen zerrendaburuak argi du: «Erreforma horretarik, ezer gabe, genuen gauza mehea desagerturik ateratzen bagara, erran nahi du Euskal Herriak ez duela inoiz hain gibelatze handia ezagutua izanen. Izugarri larria litzateke». Hori dela eta, «ezinbestekoa» iruditzen zaie galdera horren aldarrikatzea kanpainaren barnean.

Garapen eta Hautetsien Kontseiluak ere ari dira Ipar Euskal Herriaren geroaz gogoetan. Hiru proposamen dituzte aztertzen: lehena, gaur egungo egoera atxikitzea; bigarrena, delegaturiko eskumenak izanen lituzkeen erakunde publiko baten sortzea, eta hirugarrena, eskumen propioak lituzkeen erakunde publikoa. Gogoeta fase horrek zer hautu eta noizko ekarriko duen ez daki Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko lehendakariak; «ageriko da eztabaidek zer ekarriko duten». Izugarri inportanta zaio eztabaida fase hau; «formaz gain, mamiari ere gogoetatu beharra delako».

Mapa berriz moldaturik

Lurralde erreforma horrek kantonamenduen eta herri elkargoen mapa du berrantolatuko. Hastapen batean herri elkargoei ematen bazaie hautua, ezer eginez gero, prefetak du berrantolaketa erabakiko. Erreforma horri begira dituzten desadostasunak eta kezkak adierazi dituzte hautagaiek, gehienak direla aurka, tartean UMPko hautagai batzuk ere.

Herri elkargoak moldatuko dira, eta 5.000 biztanle baino gutxiagokoak desagerraraziko. Haatik, mendi aldeko elkargoentzat biztanle kopurua 5.000koa baino apalagoa izan daiteke. Horrez gain, herri guztiek beharko dute elkargo bateko kide izan, eta ekain aitzin erabaki beharko dute zeinetara sartzen diren; bestela, prefetaren esku geldituko da erabakia.

Departamendu mailan, batzar bat osatua da, auzapez eta herri elkargoen ordezkariz osatua, alderdien artean adosturikoa. Haatik, Jean Mixel Galant (AB) Garazi-Baigorri herri elkargoko presidenteak dioenez, hari eta orokorki abertzaleei ez zaie Batzarrerako gomitik egin. «Kezkaturik» agertu da, abertzale sentsibilitatea dutenak «baztertuak» izan direlako. Jakinez Ipar Euskal Herriko herri batzuk Biarnori lotuak izateko «arriskua» badela, beharrezkotzat jotzen du abertzaleen presentzia batzarrean.

Garapen eta Hautetsien Kontseiluak hurbiletik segituko du batzarraren lana, Etxetok dioenez, «hor delako Euskal Herriaren eremua marraztuko». Hauteskundeen ondoren, kantonamenduen mapa ere moldatuko da, 2014tik aitzina ez direlako gehiago kontseilari nagusiak eta eskualdeko kontseilariak izanen, baizik eta lurralde kontseilariak, bi kontseiluetan. Gutxiago izanez, bozka eremuak eta kantonamendu kopurua gutxituko dira. Txikienak desagertuko dira eta ondokoekin bateratuko, handiagoa osatzeko. Berrantolaketa hori ez da oraindik zehaztua.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera
Senpereko herrriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herrriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

Beatriz Artolazabal eta Ramiro Gonzalez, gaur, Gasteizen ©L. Rico / Efe

Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzailea» gidatuko duela esan du Artolazabalek

Edurne Begiristain

EAJren Arabako Lurralde Batzarrak Arabako hiru barrutietarako hautagaiak berretsi ditu gaur. EH Bilduk oniritzia eman die Arabako zortzi udalerrietako zerrendaburuei, eta Ahal Dugu-k hiriburuetako hautagaiak aurkeztu ditu.

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...