Bosnia eta Herzegovina. Gerraren 20. urteurrena

Zauriek zatitutako herria

Gaurko egunez hasi zen Bosniako gerra, 1992an; herrialdeko hiru komunitateak elkarri bizkarra emanda bizi dira oraindikSarajevok hilabeteotan emandako pausoek baikortasuna indartu dute Bruselan

Jon Fernandez.
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerraren ostean Europan izandako gerra odoltsuena gaurko egunez hasi zen, Bosnian, duela hogei urte. Europako Batasunak herrialdearen independentzia aitortu zuen egun berean lehertu zen gerra Sarajevon. Hiru urteko gerra hartan (1992-1995) 98.000 lagun inguru hil ziren, eta oraindik ere bizi-bizi daude sarraskiaren zauriak gizartean. Zatiketa da nagusi gaur ere Bosnia eta Herzegovinan: elkarren ondoan baina elkarri bizkarra emanda bizi dira komunitate bosniar-musulmana, kroaziarra eta serbiarra.

1995eko Daytongo Akordioari jarraituz, bi entitate konfederatutan banatuta dago estatua: Bosnia eta Herzegovinako Federazioa — lurraldearen %51 inguru hartzen du, eta Federazio Kroaziar-Musulmana ere deitzen diote— eta Bosniako Serbiar Errepublika —lurraldearen %49 inguru hartzen du, eta herrialdeko biztanleen %40 inguru—. Etorkizunera begira estatuko erakunde nagusiek ematen duten mezu ofiziala EBn sartzeko politiketan sakontzea bada ere, azken bost urteetan ez da inolako adostasunik lortu politikari musulmanen, serbiarren eta kroaziarren artean prozesua errazteko erakunde zentralak sendotzeko. Herrialdeko presidentzia ere hiru kidek osatzen dute, komunitate bakoitzeko batek, eta zortzi hilabetean behin txandakatzen dute presidente kargua.

«Boterean dauden askori mesede egiten dio egoera honek, aurrera egiteko gaitasunik ez dutela agerian gera ez dadin. Ez dago ideia berririk, gizartean ez dago mentalitate aldaketarik, ez elkar- ulertzerik, eta hori arazo larria da. Biribilean bueltaka ari gara», azaldu du Sacir Filandrak, Sarajevoko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako dekanoak. Izan ere, serbiar askok euren entitatearen autonomia zabalari eutsi nahi diote, musulmanak zentralizazioaren aldekoak dira eta kroaziarrek euren entitate propioa izan nahi dute.

Bestearen mamua

Europako herrialderik txiroenetako bat da Bosnia, langabezia tasa %40tik gorakoa da, eta ustelkeria kasuak oso ohikoak dira. Hala ere, gai sozialak itzalean geratzen dira borroka politikoan, eta hiru komunitateen arteko auziak gailentzen dira beti. «Hauteskundeetan gai nazionalak dira nagusi. Gizarte gaiak, garapenarenak, demokraziarenak eta bestelakoak baztertuta geratzen dira», Momir Dejanovic Giza Politikarako Zentroa gobernuz kanpoko erakundeko kidearen ustez. Areago, hiru komunitateetan gerra justifikatzeko joera dagoela dio Dejanovicek, «bestearengandik defendatzeko gerra gisa». Gaur ere benetako mehatxu gisa hartzen dute «bestea», eta, horregatik, «herritarren %90ek beren komunitateko alderdiei ematen diete botoa».

Hain da handia zatiketa, non ez diren ados jartzen gerra noiz hasi zen esateko ere. 1992ko apirilaren 6a da egun ofiziala: Bruselak Bosnia independentea aitortu zuen egunean, frankotiratzaile serbiarrek manifestari talde bati tiro egin zioten Sarajevo erdialdean. Serbiarrentzat, ordea, ez zen hor hasi gerra. Apirilaren 6ko erasoa hilabete lehenago musulman talde batek serbiarren ezkontza bateko kideei egindako erasoari emandako erantzuna izan zela diote —bi lagun hil zituzten—. Bosniar-musulmanek, hala ere, serbiarrak jotzen dituzte gerraren erantzuletzat, haien esku geratu zirelako Jugoslaviako Errepublika Federala zenaren armadaren arma gehienak.

Tunelaren amaierako argia?

Dena dela, EBk eta NATOk baikortasunez begiratzen diote Bosnia eta Herzegovinari. Azken hilabeteetan «tunel luzearen amaierako argia» ikusten hasi direla nabarmendu dute gerraren 20. urteurrenaren harira.

EBn sartzeko hautagaitzaren aurkezpena datorren ekainean egitea aurreikusten du Sarajevoko gobernuak, eta Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko prozesuan pausoak emateko nahia duela ere adierazi du. Iazko abendutik, presidentetza Vjekoslav Bevanda kroaziarrak hartu zuenetik, estatuaren batasunarentzat garrantzitsuak diren lege bi onartu ditu Bosniak: Polizia bateratua sortzeko legea eta Defentsa Ministerio bateratua sortzekoa.

Europako Batasunaren ustez, hainbat faktorek eragin dute Sarajevoren jarrera aldaketa: 2013ko uztailean Kroazia EBn sartu izanak, Serbia estatu kide izateko hautagai gisa onartu izanak eta Serbiako Errepublikaren lurretan gerrako azken kriminal nagusiak harrapatu izanak —Radovan Karadzic eta Ratko Mladic—. Hala, pauso bateratuak eman ezean eskualdean atzean geratuko direlakoan hasi dira mugitzen Bosnia eta Herzegovinan, Bruselaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.