Albistea entzun

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena

«Gatazken konponbide baketsua» aldarri, sarraskiaren urtemugan

Bakearen eta adiskidetzearen alde egindako lanagatik, Gernika Gogoratuz, Roman Herzog eta Lokarri saritu dituzte

Bonbardaketari buruzko egia aitortzeko eskatu dio Madrili Gernikako alkateak
Nestor Basterretxearen <em>Suak eragindako agonia</em> eskulturaren inaugurazio ekitaldia.
Nestor Basterretxearen Suak eragindako agonia eskulturaren inaugurazio ekitaldia. MARISOL RAMIREZ / ARP

Maite Asensio Lozano -

2012ko apirilak 27 - Gernika-Lumo

«Memoriaren zentzuak ez digu esango nora jo, baina bai esango digu inor jo barik joateko. Zertarako gogoratu? Ororen ongiaz jarduteko, egiteke dagoena egiteko; (...) iraganera jo behar dugu, zer gertatu zen jakiteko, egia ezagutzeko, biktimen memoria gogoan izan, eta egiteke dagoena egiteko. Zer dago egiteke? Elkarbizitza berritu». Bakea, adiskidetzea eta bizikidetza aldarri bihurtu ziren atzo Gernika-Lumon (Bizkaia), Kondor Legioak herria bonbardatu zueneko 75 urte bete ziren egunean. Gernika Gogoratuz ikerketa taldeko zuzendari Maria Oiangurenek irakurritako bertsoaren esangura berretsi zuen Jose Maria Gorroño alkateak: «Gernikak iraganera begiratu du, handik ikasi, eta etorkizunerako gogoeta egin du: gatazken konponbide baketsua da egungo gizarteen paradigma garrantzitsuena».

Bakea eta adiskidetzearen aldeko Gernika sarien banaketa ekitaldian egin zituzten adierazpenok, goizean. Erakundeetako ordezkaritza zabala izan zen Lizeo antzokian; besteak beste, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, edota Iñigo Lamarca EAEko arartekoa.

Roman Herzog Alemaniako Errepublikako presidente ohiak jaso zuen nazioarteko saria. 1994tik 1999ra izan zen estatuburu, eta 1997an, bonbardaketaren 60. urtemugan, barkamena eskatu zion Gernikako herriari, alemaniarrek sarraskian izandako parte hartzeagatik. «Dolumina eskatzen dizuet hildakoengatik eta zaurituengatik. Zuei, iraganeko zauriak barnean daramatzazuenoi, eskua luzatzen dizuet, eta adiskidetzeko eskatzen», esan zuen orain hamabost urte. «Gaur, luzatutako eskua onartzen duzuela adierazi duzue», erantsi zuen atzo Reinhard Silberbergek, Alemaniak Espainian duen enbaxadoreak, Herzogen izenean saria jaso zuenean.

Gernika Gogoratuz-ek bakegintzaren ikerketan egindako lana aitortu zuten tokiko sariek. Baita Lokarrirena ere: 2006tik sortu zenetik, besteak beste, Berradiskidetze sozialerako hamar erronka dokumentua landu dituela, eta bake elkarrizketetarako espazioak sortu dituela gogoratu zuten, baina batez ere, iazko urrian «mugarri» jotako Aieteko Konferentzia antolatu izana nabarmendu zuten.

«Hunkituta» jaso zuen saria Paul Rios koordinatzaileak. ETAk jardun armatua bertan behera utzi zuenetik irekitako «aukera historikoari» erreparatuta, aretoan zeuden politikariei zuzendu zien mezu nagusia: «Bakean, errespetuan, elkarrizketan, adostasunean eta adiskidetzean oinarritutako bizikidetza merezi dute aurreko, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek».

Rios ez zen ETAz mintzatutako bakarra izan. Erakundearen izena aipatu gabe, ordea, «terrorismoaren amaieraz» jardun zuen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zertxobait beranduago, Nestor Basterretxearen oroitarriaren inaugurazioan: «Gaur, itxaropenerako arrazoi berriak ditugu: urte luzez amestutako askatasuna lortu dugu Euskadin». Immanuel Kant filosofoaren teoria ekarri zuen gogora, gatazkak konpontzeko zuzenbideak duen rola berresteko: «Bakea zuzenbidearen garaipena da».

Gernikan «aurpegi beltzena» erakutsi zuen gerrak, Lopezen arabera: «Gudak herritarren izua zuen helburu». Historiak irakatsitakoa hizpide, bidezko gerrarik ez dagoela gaineratu zuen: «Indarkeria bidegabetik defendatzeko eskubidea badago. Baina gerra, berez, justiziaren ukazioa da». Hartara, iragana gogoratzeak, mendekua bilatzeko baino, ikasteko balio behar du, bere ustez. Gertatutakoa inoiz errepika ez dadin. «Munstroa berriro jaio daiteke, aurpegi desberdinarekin. Norbere borondatea besteei inposatzeko indarkeria erabiltzea tentazioa da, gizarte guztien alde ilunean ezkutatzen dena».

Ahanzturari erronka

Don Tello eta Portu kaleak elkartzen diren tokian erori zen Condor legioak jaurtitako lehen bonba, 1937ko apirilaren 26an. Han jarri dute Nestor Basterretxearen Suak eragindako agonia eskultura, «zerutik iritsitako herioa» irudikatzeko. «Gauzatzea bizikien desiratu dudan obra da», esan zuen egileak; «Gernikako drama ahaztezinaren lekuko izango den lana egitea euskal eskultore batek izan dezakeen konpromiso handiena dela sentitu dut».

Barkatu bai baina «ahaztu sekula ez» dela egin behar nabarmenduz amaitu zuen hitzaldia Basterretxeak, eta hain justu, Jose Maria Gorroñok erantsi zuen «ahanzturari erronka» bota nahi diola eskulturak, baina oroitzapena tragediatik haratago doala: «Diferentearen errespetura eta bizikidetzara deitzen gaitu».

Sari banaketan esana zuen entzutea eta berba egitea ezinbesteko direla adiskidetzerako bidean. Alkatearen iritziz, komunikazio eta elkarrizketa moldeak aldatzea eskatzen du horrek: «Ikuspegi eta trebetasun berriak behar ditugu, gatazka egoeren abaguneak ulertu ahal izateko, baita dinamikak eta irtenbideak ere».

Gorroñoren ahotan egon ziren, era berean, goizean zehar herritarren aldetik txalo gehien jasotako hitzak. Giza eskubideekiko «erabateko errespetuaz» ari zela, eskakizun zehatza egin zion Espainiako Gobernuari: «Euskal herritarroi ohorea itzuli, egia esanez, Alemaniak orain hamabost urte egin zuen bezala. Gernika ez zuten euskal separatistek erre».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.