Euskara. V. Inkesta Soziolinguistikoa

Gazte elebidun gehiago egon arren, euskara gutxiago erabiltzen dute

16-24 eta 25-35 adin tarteetan dauden elebidunek orain bi hamarkada baino gutxiago egiten dute euskaraz gaur egunKopurua jaitsi egin den arren, hamar herritarretik ia sei erdaldunak dira oraindik

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Elebidun kopuruak bost puntu egin du gora azken bi hamarkadetan Euskal Herrian. Herritarren %27 da elebiduna egun. Igoera hori batez ere gazteen artean gertatu da. Baina joera hori ez da islatu erabileran. Alderantziz, azken hogei urteetan jaitsi egin da euskararen erabilera gazte elebidunen artean. V. Inkesta Soziolinguistikoaren datu eta joera esanguratsuenak dira horiek. Beste hainbat datu aipagarri ere utzi ditu inkestak. Adibidez, herritarren %16,1ek baino ez dutela erabiltzen euskara erdara baino gehiago. Gainera, euskara sustatzearen aldeko jarrerak zazpi puntu igo diren arren, oraindik herritarren %17,1 euskara sustatzearen aurka daude.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak martxoan eman ostean, atzo jakinarazi zituzten Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lourdes Auzmendi, Euskarabideako zuzendaritzako Julen Calvo, Euskararen Erakunde Publikoko presidente Frantxua Matia eta Euskaltzaindiko Andoni Sagarna. Pozik azaldu ziren gazteen artean euskararen ezagutzak izan duen igoeragatik. Baina, aldi berean, onartu zuten hizkuntz politikek ez dituztela emaitza berak eman erabileran. «Inposaketarik gabe eta elkarlanaren bidez euskara berreskuratzen jarraitu behar dugu», esan zuen Auzmendik.

1. Ezagutza

Elebidunen kopurua gora

Euskal Herrian oraindik ere hamar lagunetatik ia sei (%58,9) erdaldunak dira: zehazki, 1.546.607. Duela hogei urte baino 140.239 erdaldun gutxiago dira. Baina nabarmendu behar da Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean portzentajeak gora egin duela.

Elebidunen kopurua bost puntu igo da azken hogei urteetan: %22,3tik %27ra. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean joera kontrakoa izan da. Hau da, elebidunak galdu egin dira. Baina aurreko inkestan gertatu moduan, galera hori urritu egin da. Gainera, igoera bat gertatu da gazte elebidunen artean.

1991n, elebidun gehienak euskaldun zaharrak ziren, eta horiek nagusi ziren adin tarte guztietan. Egun, euskaldun zaharrek nagusi izaten jarraitzen badute ere, gazteen artean irauli egin da joera. 16 eta 24 urte arteko gazte elebidunen erdiak euskaldun berriak dira, hau da, eskolan edo euskaltegian ikasi dute euskara. Etxean bi hizkuntzak jaso dituztenak ere gero eta gehiago dira. 16 eta 24 urte arteko gazte elebidunen ia bi jatorrizkoak dira. Elebidun hartzaileen kopurua ere bikoiztu da hogei urtean.

2. Erabilera

%84k erdaraz egiten dute gehienetan, eta %70ek beti

Azken bi hamarkadetako bilakaera aztertuz gero, euskararen erabilera intentsiboak —euskara erdara beste edo gehiago erabiltzeak alegia— soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin du gora:%13,7tik %16,1era. Nafarroan ia bere horretan dago (%5,5), eta Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean jaitsi egin da: %13,3tik %9,6ra. Egun Euskal Herriko hamar biztanletik bik ere ez du euskararen erabilera intentsiboa egiten. Zehazki, herritarren %16,1ek erabiltzen dute euskara erdara bezainbeste edo gehiago.

Adina kontuan hartuta, azken bi hamarkadetan gora egin du euskara erdara bezainbeste edo gehiago erabiltzen dutenen kopuruak, 50 urtetik beherakoen artean. Hortik gorakoen artean, ordea, kontrakoa gertatu da. Jaitsiera bat gertatu da. Dena den, datuak xehetuta, ikus daiteke joera hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino ez dela eman. Gainontzeko lurraldeetan, 35 urtetik beherakoen artean gertatu da erabileraren igoera. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean euskararen erabilera 25 urtetik beherakoen artean ez ezik, 35 urtetik beherakoen artean ere hazi da estreinakoz. Erabilera esparruei dagokienez, batik bat eremu formaletan egin du gora. Etxean, aldiz, behera egin du, seme-alabekin izan ezik.

Soilik elebidunen erabilerari erreparatuz gero, ikus daiteke elebidunen kopurua eta euskararen erabilera ez direla neurri berean hazi. Elebidunen euskararen erabilera intentsiboak bere horretan jarraitzen du. Hain zuzen ere, elebidunen hamarretik sei egiten dute euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago.

Adina kontuan hartuta, ordea, 1991tik, behera egin du euskararen erabilerak gazte elebidunen artean. Jaitsiera hori bederatzi puntukoa izan da 24 eta 35 urte artekoen artean: %58tik %49ra, hain zuzen. Txikiagoa izan da beherakada— sei puntukoa— 16 eta 25 urte artean dituztenengan: %49,6tik %43,2ra. Dena den, txikia bada ere, azken hamar urteetan joera aldaketa bat ematen ari da, eta gazte elebidunak gehiago erabiltzen ari dira euskara. Nafarroan, dena den, beheranzko joerarekin jarraitzen du.

Gazte elebidunek bi arrazoi dituzte euskara ez erabiltzeko: ama hizkuntza erdara izanik, euskaraz jarduteko zailtasun gehiago dituzte. Gainera, gehienak gune erdaldunetan bizi dira, beraz aukera gutxiago dituzte euskaraz egiteko.

3. Transmisioa

Guraso elebidunen arteania erabatekoa da

Euskara nola transmititzen den jakiteko, 2 eta 15 urte bitarteko seme-alabak dituzten inkestatuak hartu dituzte kontuan. Haiei egindako galderen arabera, guraso elebidunak dituzten ia neska-mutiko guztiek jasotzen dute euskara: Hego Euskal Herrian, %95 eta %97 artean; Ipar Euskal Herrian kopurua zerbait txikiagoa da, %87koa hain zuzen.

Bikotekideetako batek euskaraz egiten ez duenean, transmisioa txikiagoa da. Hegoaldean, %67 eta %71 artean dago portzentajea, eta Iparraldean %56an. Halako bikote gehienek gaur egun euskara helarazten diete seme-alabei, erdararekin batera. Baina desberdintasunak daude gurasoen ama hizkuntzaren arabera; baldintzatu egiten du horrek.

4. Jarrerak

Aldekotasuna gora

Euskararen erabilera sustatzearen alde daude euskal herritarren %55,2, duela zazpi urte baino zazpi puntu gehiago. Nafarroan egin dute batez ere gora aldeko jarrerek azken bi hamarkadetan: %21,6tik %37ra. Batik bat gazteek dute aldeko jarrera. Dena den, gaur egun oraindik ere Nafarroan dago euskararen erabilera sustatzearen aurkako jarrerarik nabarmenena. Nafarren %34,5ek ez dute egoki ikusten sustatzea. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean iritzi argirik ez dutenak dira nagusi. Izan ere, hamar herritarretik lau ez daude ez alde eta ez kontra ere. Gainera, 1996tik —orduan hasi ziren inkesta egitenZuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean— lau puntu jaitsi da aldekoen portzentajea: %42,3tik %38,5era. Adinari erreparatuz, gazteak dira aldekoen artean ehunekorik txikiena dutenak Iparraldean, eta helduak hadiena dutenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldeko jarrerak zazpi puntu handitu dira 1991tik: %55etik %62ra.

Haurrek euskaraz ikastea ezinbestekoa iruditzen zainenen portzentajeak hauek dira: %81 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %51 Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean eta %43 Nafarroan. Hori ez da islatzen seme-alabek zein hizkuntzatan ikastea nahi duten galdetzerakoan. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %66k nahi dute seme-alabek euskarazko eredu batean ikastea; Nafarroan, %32k; eta Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean, %19k.

Administrazioan sartzeko euskaraz jakiteko derrigortasunaz ere galdera egin dute. Kasu horretan, ezinbestekotzat jotzen dute euskaraz jakitea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau herritarretik lauk. Iparraldean eta Nafarroan erdiek ikusten duteezinbestekoa euskara jakitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.