Katalunia. Burujabetzaren aldeko adierazpena

Kataluniaren subiranotasuna aldarrikatu du hango parlamentuak

Onartutako adierazpenak dio Katalunia «subjektu politiko eta juridiko subiranoa» dela eta erabakitzeko eskubidea duelaPSCren barruko haustura areagotu da; bost diputatuk ez dute kontra bozkatu nahi izan

Samara Velte.
Bartzelona
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Kataluniaren subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea aitortzen dituen adierazpena onartu du Kataluniako Parlamentuak bere hamargarren legegintzaldiko lehen osoko bilkuran. CiUk, ERCk eta ICV-EUiAk elkarrekin aurkeztutako proposamenak aldeko 85 boto jaso ditu: hiru alderdi horietakoak eta CUPen bat —beste bi diputatuak abstenitu egin dira—. Aurkakoak, berriz, 41 izan dira: PPren hamazazpi, Ciutadansen bederatzi eta PSCren hamabost. PPko bi diputatu ez zeuden atzoko saioan, eta PSCko bostek ez dute botorik eman, alderdiko ildo nagusiari desobedituta.

Hauteskundeen ostetik CiUk eta ERCk marraztutako bide orriaren lehen helburua bete du, hortaz, parlamentuak. ICV azken unean batu zaie, aitorpenari zenbait aldaketa egin ostean. CUPek adierazi die erreferendumera doazen proposamenak babestuko dituela, baina ez edozein preziotan. PSC, berriz, inoiz baino zatituago utzi du auziak: alderdiko ildo ofiziala hauteskunde kanpainan baino espainolistago mintzatu da, eta agiriaren aurka agertu da. Horrek gehiago asaldatu du alderdiko sektore katalanista.

Subiranotasun aitorpena onartu aurretik, bere gobernuaren ildo nagusiak gogorarazi ditu Artur Mas presidenteak: ekonomia suspertzea, kohesio soziala eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Hirurak hertsiki lotuta doaz, harentzat: «Dependentziaren emaitza ezagutzen dugu jada: murrizketak, inbertsiorik eza azpiegituretan... Ez da harritzekoa gizarteak bestelako bide bat nahi izatea. Gure baliabideen jabe bagina, hobeto geundeke».

Akordio handiagoarekin joango dira orain Madrilera, Kataluniaren independentziari buruzko erreferenduma adostera. Hura negoziatzeko prest agertu ezean—eta ez dute halakorik espero—, beste bide batzuk bilatuko dituzte. «Ez gara ari programa juridiko bat aurkezten, politikoa baizik», esan du Joan Herrera ICVko diputatuak. «Borondate politikoa badago, molda daiteke bestea».

PSCk horixe jarri du oztopo gisa: Espainiako legeei muzin egitea. «Parlamentuak bere aldetik subiranotasuna aldarrikatzea, kontsultarik egin gabe independentziaren alde egitea da», esan du Pere Navarro zerrendaburuak. Gogorarazi du «Kataluniako herritarrek demokratikoki bozkatutako estatutuak» ere aintzat hartzen duela Espainiako Konstituzioa, eta hark argi dioela: «Subiranotasuna Espainiako herriak du». «Hori aldatu nahi baduzue, konstituzioa aldatu beharko duzue, eta hori legearen barruko erreferendum batekin baino ezin da egin», gaineratu du Navarrok. «Demokrazia ez da gehiengoarekiko errespetua; instituzioekiko errespetua ere bada».

Alderdi subiranistentzat, ordea, inozoa da pentsatzea Espainiak legea aldatzea onartuko lukeenik beraiek nahi duten bezalako erreferendum bat onartzeko. PPko Alicia Sanchez-Camachoren hitzek ere iragarri dute Madrilek zer esango duen: «Kataluniari buruz erabakitzeko eskubidea Espainiarena da. Zuek eskatzen duzuena konstituzioaren aurka doa, eta legez kanpokoa da». Ezezkoa eman ostean, jaiki eta aretotik irten dira PPko diputatuak.

ERCko Oriol Junquerasen arabera, PSC nahasten ari da erabakitzeko eskubidea eta independentzia: «Hau ez da proposamen subiranista bat. Hala izango litzateke, baldin eta helburua subiranista garenon asmoa betearaztea balitz. Baina ez da: subiranotasun adierazpen bat da, eta erabat desberdina da. Izan ere, herriaren subiranotasuna herri ororen oinarrizko eskubidea da».

PSC eskubide horren alde agertu izan da orain arte: independentziari buruzko erreferenduma egingo luke, nahiz eta gero ezetz bozkatu. Orain, ordea, proposamenaren aurka dago. «Haien programa oso esplizitua da: Katalunia Europako estatu bihurtzeko trantsizio nazionala egin nahi dute», esan du Navarrok. «Ez diot zilegi ez denik; diot horrek galdeketa aurrez baldintzatzen duela».

PSCk atzo goizean jakinarazi zuen proposamenaren aurka bozkatuko zuela. Alderdi sozialistak Kataluniako legebiltzarrean dituen hogei diputatuetatik hamabostek kasu egin diote ildo nagusiari; bost abstenitu egin dira, horretarako baimenik jaso ez arren. Angel Ros, Rocio Martinez Sampere, Marina Geli, Joan Ignasi Elena eta Nuria Ventura dira asmoaren aurka egin nahi izan ez dutenak.

Artur Mas Kataluniako presidenteak herenegun ere ohartarazi zion PSCri «okerreko aldera» irristatzekotan zegoela: atzo, PPk eta Ciutadansek ongietorria eman zioten Navarrori, hitzez hitz, «demokraziaren eta legezkotasunaren esparrura». Nabarmen deseroso zegoen hura. Sanchez-Camachok UDCri ere hitz egin zion: CiU koalizioa utzi eta, «koherentziaz», proposamenaren aurka bozkatzeko eskatu zion.

CUPek erabateko babesik ez

CUP alderdiko hiru diputatuek neurri batean baino ez dute babestu CiU, ERC eta ICVren proposamena. «Baiezko bat subiranotasunaren eta libreki erabakitzeko eskubidearen alde, eta bi abstentzio prozesua gidatzen hasi zareten moduarengatik», azaldu du Quim Arrufatek.

Hasteko, subirano aitortu duten herrialdearen mugak txikitu dituzte; CUPek Herrialde Katalanak osoki hartzea nahi zuen. Bestalde, gardentasun falta leporatu die. Bozkatzekotan, «erabateko subiranotasunaren» alde egingo dutela azaldu du: «Botere politiko eta ekonomikoa herritarrei emanez. Ezeren aurretik, haien nahia dago». CUPek independentziari buruzko erreferenduma berehala nahi du, «alferrikako aurreprozesurik gabe»; izan ere, tarte horretan murrizketak onartzen jarraituko dutela ohartarazi du Arrufatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.