Euskara. Hendaiako eskola laguntzeko debekua

Seaskaren eskola sartzea arriskuan ezarri du suprefetaren gutunak

Heldu den larunbatean Hendaian manifestazioa eginen du Seaskak, Baionako suprefetari gibelera egin dezala eskatzekoSuprefetak argitu beharko du heldu den sartzean ikastolak ireki ahal diren edo ez

Hendaiako ikastolan haurrak jolasean ari ziren atzo arratsean. Agerraldia bertan egin zuten ikastolako, Seaskako eta herriko etxeko ordezkariek. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Hendaia
2013ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hendaiako ikastola berria egin ahal izateko diru publikoa ezin dela baliatu jakinarazi die Baionako suprefetak Seaskari eta Hendaiako Herriko Etxeari. Erabaki horrek, Hendaiako ikastola ez ezik, Seaskaren eredu osoa arriskuan ezartzen duela ondorioztatu du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Ahal bezain laster gibelera egiteko eskatu diote suprefetari, eta mobilizazioak iragarri dituzte. Lehena heldu den larunbatean izanen da. Seaskak euskaltzale oro deitu ditu euskara sostengatzera, Hendaiako plazan, arratsaldeko bostetan.

Suprefetaren erabakiak hizkuntza politikaren oinarriak zangopilatzen dituela gogorarazi du Indok. Diru publikorik ezean, ikastolen %80 eta bertan eskolatzen diren haurren %90 ezingo lirateke Seaskan ari heldu den eskola sartzean. «Suprefeta berriak ez du Euskal Herria ezagutzen, ez du tutik ulertu, eta ez du ikusten bere kontra jarri dituela ez soilik Hendaiako ikastola edo Seaska, baizik eta euskararen alde adostasuna eraiki duten Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua, tokiko hautetsi gehienak, eta parlamentari guztiak».

Suprefetari gibelera egiteko eskatu diote, atzeman dezala aterabidea. Gisa berean, heldu den eskola sartzea egitea bermatzen duen edo ez berehala argitzeko eskatu diote. Seaskaren ikastola gehienek diru laguntza publikoak dituzte eta, legea zorrotz irakurriz, Hendaian hartu duen neurria Ipar Euskal Herri osora zabaltzen badu, bost ikastolatik lau itxi beharko lituzke Seaskak heldu den eskola sartzean. Erabaki hori bere horretan hartzeko prest dagoen argitzea galdegin dio Seaskak suprefetari.

Ezikusiarena eta itxurakeria gainditzeko garaia dela erran du Indok. Eskola sartze guztietan, ikastola bat irekitzen den aldi oro, legea urratu duten edo ez, hori da Seaskaren kezka. «Ezin da horrela segi, beti legea urratu dugun beldurrez. Falloux legea aldatu behar da». Teorian, 2000. urteaz geroztik ez dago indarrean lege hori, baina bertan biltzen ziren neurriak eskolaren legean sartu zituzten, deus aldatu gabe. Suprefetaren agindua hartu ondoren, Seaska ez da geldirik egon, eta Frantziako lurraldean diren hizkuntza gutxituetako eskolekin sartu da harremanetan, hala nola Okzitaniako kalandretekin, Bretainiako diwan eskolekin eta Kataluniako murgiltze eredukoekin. Denbora berean, diputatu eta senatariekin ere sartu da harremanetan, legea nola saihestu edo aldatu, proposamen bat osatzeko.

«Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariak gurekin dira, baina baita Frantziako hainbat ere», jakinarazi du Indok. Adituekin ere harremanetan hasi dira, legearen balizko aldaketa aztertzeko elkarrekin.

Argitasun eske

Indoren iritziz, Baionako suprefetak ez du bakarrik hartu erabakia. «Suprefeta bat ez da ausartzen horrelako erabaki bat bakarrik hartzera. Erabaki horren gibelean Manuel Valls Frantziako Barne ministroa egon daitekeenaren susmoa azaldu zuen. «Vallsek arazo bat du Euskal Herriarekin, baina, berak bultzatu badu erabakia, orain Euskal Herria da Vallsekin arazoa duena». Indok gogora ekarri du gizarte eragileek eta hautetsiek urteak daramatzatela EEP Euskararen Erakunde Publikoaren barruan elkarlanean, baita suprefetak berak ere. Gutun batekinelkarlan hori birrindu egin duela erran du Indok, eta hizkuntza politika kolokan jarri duela: «Erabaki dezala Estatuak zer nahi duen».

Battitta Salaberri Hendaiako auzapezak ere mobilizaziorako deia egin du. «Aste honetan berean aterabidea atzemateko eskatu diot Paueko prefetari». Nabarmendu du ikastola berriaren xedea ez dela soilik hendaiarrena, Seaska osoarena baizik. Suprefetaren erabakia arazo larria dela erran du, euskararentzat eta Ipar Euskal Herriarentzat.

Hautetsiak haserre

Max Brisson UMPko kontseilari nagusi, Miarritzeko hautetsi etaEEPko presidente ohiak gogor kritikatu du suprefetaren erabakia. Seaskarekin hartutako engaiamenduak atxikiko dituela jakinarazi du. «Miarritzeko Herriko Etxeak ikastola berria eginen du, handitu eta berritu». EEPko presidente ohi gisa, Paueko prefetari ere deitu dio telefonoz, erabakia oso larria dela jakinaraziz.

Frantxua Maitia Akitaniako kontseilari eta EEPko presidenteak ere erabakiaren larritasuna aitortu du. Hizkuntza politikaren arduradun gisa, bilkura bat eskatu dio prefetari, egoerari konponbidea atzemateko elkarrekin. Ez du datarik zehaztu ordea. EEPren bulegoa biltzekotan da, eta bertan izanen da suprefeta edo prefeta. «Larrialdiko bilkura eskatu diot prefetari; ezin dut gehiagorik erran EEPko presidente gisa, Estatua bera EEPko partaide baita».

Estatuaren presentziak EEPren sinesgarritasuna kolokan ezartzen du. Ezin du batetik hizkuntza politika bultzatu eta bertzetik biziraupena kolokan ezarri. Suprefetaren jarrera aldatzeko indarraren segurtamena azaldu du Indok hala ere. «Hautetsi gehienek ez dute adierazpen publikorik egin nahi, baina haiekin mintzatu gara, eta sostengatzen gaituzte». Suprefetak jarrera aldatuko balu ere, manifestazioa eginen dela erran du Indok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.