Seaska. Manifestazioa Hendaian

Hiru mila lagun batu dira Hendaian, Seaskaren alde

Ikastolei diru publikoa ematea debekatzen duen 'Falloux legea' baztertu, eta arau berri bat bozkatzearen beharra nabarmendu duteHendaiako ikastolaz gain, ikastola guztiak eta euskara lanjerrean direla ohartarazi dute

Hainbat eta hainbat lagun bildu ziren atzo Seaskaren alde Hendaian, 'Ikastola Herri Eskola' kartelaren atzean. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Hendaia
2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
«Ikastolak lanjerrean direlako, gure hizkuntza lanjerrean delako, egoera inarrosi behar genuen, eta inarrosi dugu». Mezu hori zabaldu zuen atzo Seaskak antolatu manifestazioaren bukaeran Jean-Baptiste Salaberri Hendaiako auzapezak. Inarrosaldi polita egin zuten, bai, atzo Hendaian bilduriko hiru mila lagunek.

Haur, ikasle ohi, guraso, hautetsi eta beste, Euskal Herriko hamaika herritarik hurbildu zen jendea, Seaskari elkartasuna adieraztera. «Ikastola berria zer?», «ikastola maite dugu», «euskaraz bizi behar dugu», eta horrelako mezuak irakur zitezkeen haur ttipien bizkarretan kolaturiko paper koloretsuetan. Euripean egin zuten martxa, baina haurren kartel koloretsuek eta txarangak zein bozgorailuko musikak berotu zuten giroa.

Roger Idiarten Baionako Suprefeta kantua ezin hobe hautatu zuten antolatzaileek: «Baionako suprefeta buruan duzu kasketa, zuretzat itsusi baita Euskal herriko boneta», dio kantuaren errepikak. Hiru neskatxa ttipik marrazturiko banderolan ere irakurgai zen mezu bera: «Baionako suprefeta, kendu kasketa, jarri euskal boneta». Falloux legea oinarri harturik, Hendaiako ikastola berria egin ahal izateko diru publikoa ezin dela baliatu jakinarazi berri die Baionako suprefetak Seaskari eta Hendaiako Herriko Etxeari. «Estatuak legeak aldatzen jakin behar du, aldi oro oztopo gisa ezartzen diguten XIX. mendeko lege honetaz nazkatzen hasiak gara», esan zuen Salaberrik hitza hartzean. «Gure funtzio publikoa diru publikoarekin finantzatzen segituko dugu; legez kanpokoa dela diotelarik, guk zuzena dela diogu», argi utzi zuen Paxkal Indo Seaskako presidenteak ere. Suprefetak sortu «ekaitzen» aitzinean, «euskara Euskal Herriko geroa dela» ozen adierazten segituko dutela nabarmendu zuen. Salaberrik ere mobilizaziorako deia berretsi zuen, esplikatuz «baturik» gelditzeak Hendaian zein Ipar Euskal Herri osoan duen garrantzia.

Lege berri bat asmatzeko behar dela adierazi zuen Seaskako presidenteak, «lurralde hizkuntzetan aritzen diren sarea babesteko». Justuki, elkartasuna adierazi zieten Frantziako beste hizkuntza gutxituak murgiltze ereduaren bidez irakasten dabiltzan beste eskolei. Bretainiako Diwan eskolek, Ipar Kataluniako Bressolek, Alsaziako Zweisprachigkeitek eta Okzitaniako Calendretek manifestazioan zirenen txalo beroak jaso zituzten. Seaskak elkartasuna agertu zien, baina haiek ere adierazi zioten sostengua, manifestaziora hurbilduz. Bretainiarrak, okzitaniarrak zein biarnesak ikusgai ziren, haien bandera eskutan.

Kultur zentroak baino gehiago

Ikastolen funtzioa zein den oroitarazi zuen Indok: «Ez, ez ditugu kultur zentroak eraikitzen. Ez, ez ditugu aisialdi guneak eraikitzen. Ikastolak ditugu eraikitzen!». Ipar Euskal Herriko «berreuskalduntze prozesua» egiten ari direla zehaztu zuen ozenki. «Euskara aitzina eramaten segitu behar dugu, behin betikoz ozen erran dezagun: euskara jalgi hadi plazara!» erranez nabarmendu zuen Salaberrik ere ikastolek duten funtzio inportantea.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gaindi diren 30 ikastolak ekarri zituen gogora, eta gehitu sekula ez dutela haur bat ikastolaatean utziko, «ez dagelako eskubiderik euskalduna izan nahi duen haur bat frantses elebakar izatera kondenatzeko Euskal Herrian».Diru publikorik izan ezean, ikastoletan diren haurren %90 ezingo lirateke Seaskan ari heldu den eskola sartzean.

Herritarrez gain, bertaraturiko hautetsi guztiak eskertu zituzten Salaberrik eta Indok. Parlamentuan diren hautetsiei mintzatu zitzaien Indo: «Gaurtik goiti lan polit bat dugu elkarrekin eramateko, lege berri bat asmatu beharko dugu». Ondoko egunetan ere mobilizaturik segitzeko deia egin zuten, eta lehen hitzordu gisa bihar Baionako Suprefetura aitzinean eginen dena aipatu. «Ikastola, herri eskola!» oihukatuz bukatu zen manifestazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.