Udalbiltza. Berrantolatze batzarra

Abian da berriz Udalbiltza, nazio eraikuntzarako «tresna praktikoa»

Erakundearen lehentasunak, barne araudia eta Nazio Gobernua onartu dituzte aho batez batzarrean izan diren 563 hautetsiekInplikatzeko deia egin die Mertxe Aizpurua lehendakariak erakunde eta eragileei

Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea Udalbiltzako lehendakari kargua hartzen, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako batzarrean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Sorrerako bost printzipioak berretsita, abian da berriz ere Udalbiltza, Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarra. «Gaur nazioa eraikitzen ari gara, eta egun hau historian markatua geratuko da». Hala egin zien ongietorria Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Viktoria Eugenia antzokia goraino bete zuten563 hautetsiei. Azken urteetan bi adarretan banatuta egon ondoren, «apaltasunez» ariko direla adierazi zuen Udalbiltzako lehendakari izendatu berri Mertxe Aizpuruak: «Beti, nazio eraikuntzan pauso eraginkorrak emateko asmoz. Nazioa egiten joateko tresna praktikoa da Udalbiltza». Egunez egun doa hazten nazio instituzioa babesten dutenen zerrenda: 403 udaletako 1.257 hautetsi dira jada —horietatik, 154 alkate dira—. EH Bildu eta EH Bai koalizioetakoak dira gehienak, baina «Euskal Herria aintzat hartzen duten» guztiengana zabaldu nahi dute.

Loren Arkotxa lehendakari ohiaren eskutik lekukoa jaso ondoren egin zuen hitzaldia Aizpuruak. Harekin izan zen Udalbiltza-Udaldideko lehendakariorde ohi Jesus Mari Agirrezabala ere, bitan banatutako bi adarren batasun bidea islatuz. «Ez gara gu aurrenak, ez horixe», hasi zen Aizpurua, nazio eraikuntzan udalek eta udal hautetsiek egindako lana aipatuz. 1931n Lizarran udalen biltzarra eratu zuen Fortunato Agirre eta 1976an alkateen mugimenduan aritu zen Jose Luis Elkoro izan zituen gogoan, besteak beste. Udalbiltza «inposatutako zatiketa politiko instituzionalari aurre egiteko tresna» dela nabarmendu zuen segidan, esparru guztietan dihardutenekin lankidetza bultzatu nahi duena. «Herrietatik eraikitako herria aldarrikatzen dugu», esan zuen. Bide horretan, Aizpuruak dei egin zien Euskal Herriko erakunde, hautetsi, eragile eta herritarrei nazio eraikuntzan inplika daitezen.

Amaierako hitzaldia baino lehen, ordea, Gaindegiak landutako diagnostikoa aurkeztu zuten bideo bidez, eta erakundearen lehentasunak, funtzionamendua eta Nazio Gobernua bozkatu zituzten. Aho batez onartu zituzten puntu guztiak —abstentzio bakarra egon zen, lehentasunetan—.

1. Diagnostikoa

Udalbiltzaren web orrian jarriko dute Euskal Herriari buruz egindako diagnostikoa, azterketa hori zehaztuz joateko. Dena den, ideia batzuk azaldu zituzten atzo, bideo batekin. Euskal Herria Europako pasagune nagusi batean kokatu arren, euskal identitatea «jazarria eta gutxietsia» dela azaldu zuten, eta ezezaguna dela bertako herritar nahiz munduko eragile askorentzat. Izan ere, egituratu gabeko herria da, Udalbiltzako kideen esanetan: «Indarrean dauden ordenamendu juridikoek gure lurraldea eta herritarrak bereizten dituzte». Biztanle kontzentrazio handiko lurraldeen ondoan, husten ari direnak daudela gogoratu zuten, baita langabezia tasa altua dela ere —%15ekoa—.

Hainbat arlotako eragileekin izan dituzten harremanen berri ere eman zuen Nazio Gobernuko kide Iratxe Lopez de Aberasturik. Besteak beste, ELArekin, LABekin, Ikastolen Elkartearekin eta Behatokiarekin izan dira, eta elkarlanerako borondatea erakutsi diete guztiek. Hautetsien artean egindako inkestaren arabera, gainera, erantzun dutenen %69k azaldu dute Udalbiltzaren bi espresioak batzeko aritzeko nahia.

2. Lehentasunak

Bost lehentasun izatea ere onartu zuten atzo. Lehena, lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa bultzatzea. Besteak beste, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa, udal zerbitzuen arteko sarea eta Garapen Agentzia sortuko dituzte horretarako. Bigarrena, nazio egituratzea laguntzea, instituzioetatik —Udalbiltzaren beraren garapenarekin— nahiz gizarte alorretik. Hirugarrena, herrien arteko saretzea bultzatzea —Hurbiltzen plana osatu dute horretarako—. Laugarrena, burujabetzaren aldeko diskurtso propioa eraikitzea, nazio identitatearen adierazleak aztertuz. Eta, azkena, nazioartekoa: «Munduari Euskal Herria badela erakustea».

3. Funtzionamendua

Funtzionamenduari dagokionez, hiru erabakigune nagusi izango dira: Batzar Orokorra —hautetsi guztiak biltzen dituena, erabakigune gorena—, Nazio Gobernua —gobernu betearazlea, 19 kidez osatua—, eta lehendakaria. Arlokako lan taldeak, Idazkaritza Teknikoa eta Agerkari Ofiziala ere izango ditu Udalbiltzak.

Ez zen atzo amaitu, ordea, parte hartze bidez hasitako lana. Nazio Gobernuko kideek jakinarazi zutenez, puntu horiek guztiak zehaztu beharko dituzte orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.