Euskal Lurralde Elkargoa. Mintegia Baionako unibertsitatean

«Euskal Herriaren ahotsa» entzun dezala exijitu diote Parisi Baionatik

Espagnac senatari sozialistak jakinarazi du Frantziako Gobernuak ez duela emanen koordinazioak eskatzen duen instituzioa500 eragile politiko, sozial, ekonomiko eta kultural batu dira Baionako Unibertsitatean

Ehunka eragile sozial, kultural, ekonomiko eta politiko bildu dira Euskal Lurralde Elkargoaren aldeko koordinazioak antolatu mintegira. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«2013ko apirilaren 27 honetan bildu diren eragile guztiek [Frantziako] gobernuari eta Errepublikaren parlamentariei Euskal Herriaren ahotsa entzutea galdegiten diete». Horra Euskal Lurralde Elkargoaren aldeko koordinazioak antolatu mintegian bilduriko 500 eragilek aho batez bidali mezua Frantziako Gobernuari. Ipar Euskal Herriko hainbat xokotarik etorrita, mukuru bete zuten atzo Baionako Unibertsitateko anfiteatroa ; beste behin ere ongi islatuz aldarrikapen horrek biltzen duen aniztasuna eta adostasun orokorra.

Hitza hartu zutenen artean egon zen Frederique Espagnac senataria eta Alderdi Sozialistaren bozeramailea. Sozialisten bozeramailearen kargua lehenetsi eta hitza hartzerakoan Frantziako Gobernuaren postura argitu zuen: «Elkargoaren koadroa ez da zuek espero duzuena izanen. Guri da elkarrekin aitzina joatea eta eraikitzea ondoko urratsa, nire ustez bidegurutzea izanen dena, gerora lortzeko gisan nahi duguna». Nahiz Euskal Lurralde Elkargo bat ez eskuratu, «aitzinamendu bat» lor daitekeela zehaztu zuen. Jakinarazi zuenez, emendakinen bidez Deszentralizazioaren III. Aktan proposamenak gehitzea posible izanen dute, eta Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroa ere dabil «egokitasun» batzuk lantzen.

Baina haren mezuak ez zuen inolaz ere bertan zeudenen determinazioa hoztu. Txalo beroak jaso zituen ondotik, mobilizaziorako deia egin zuen Martine Bisauta Batera-ko militanteak. «Ozen entzunarazi behar dugu Euskal Herriaren nahia; gure ahotsak baturik Pariseraino iritsi behar dute. (...) Milaka egonen gara Baionako karriketan ekainaren 1ean, gure aldarrikapenaren erakustaldi baketsua baina deliberatua izanen da: Euskal Herriak konbentzitu behar du, eta konbentzituko du! Euskal Lurralde Elkargoa nahi dugu, eta lortuko dugu orain!».

Mobilizazioaren garrantziaz gain, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala eskuratzeko bidean «oraindik ere adostasun zabalagoa» lortzearen inportantzia nabarmendu zuten batek baino gehiagok. Aurka segitzen dutenei aldarrikapenari lotzeko deia egin zien Sylviane Alaux diputatu sozialistak.

Horrez gain, bake prozesuaren bidean Euskal Lurralde Elkargoa pauso bat litzatekeela zehaztu zuen Espagnacek.

«Euskal Herria prest da»

Euskal Herria «prest» dela erranik, «lurralde honen eskaera entzutea, bere proposamenak aztertzea eta horiei erantzutea» galdetu zion Frantziako Gobernuari bukaerako hitz hartzean Luxi Agergarai gazteak, bostehun eragileen izenean.

Hain zuzen, Jean-Pierre Massias eta Jean Gourdou zuzenbideko irakasleek eta arloka antolaturiko lantaldeek zehazki marrazturiko proposamen bat da gordetzen aldarrikapenaren gibelean. Departamenduak dauzkan eskumenez gain, zortzi eskumen berezi lituzke: garapen ekonomikoa, laborantza, garraioak, euskara, kultura, etxebizitza, turismoa eta mugaz gaindiko harremanak.

Sufragio unibertsalean bozkaturiko batzarra baluke elkargoak, aurrekontu propio batekin. Jean-Mixel Galant Garazi-Baigorri herri elkargoko presidenteakzehaztera eman zuenez, kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka segurtatzeko tresna ezinbestekoa lirateke. «Erabakien hartzeko gunea bertan egoteak [kostaldearen eta barnealdearen arteko] oreka segurta lezake».

Finantzaketa iturriei buruz hainbat kezkaturik direla ikusirik, ahalmenei zuzenduriko diru banaketak daudela zehaztu zuen Gourdou irakasleak. Horrelako lurralde elkargoen aurrekontuaren %80 izaten da beste instituzio batek banatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.