Herrira-ren kontrako polizia operazioa

18 lagun atxilotu eta Herrira-ren egoitzak itxi ditu Guardia Zibilak

Herrira-ren egoitzan bilduta zeudela atxiki dituzte horietatik 11, Hernanin; ETAkoak izatea egotzi die guztiei Eloy Velasco epaileakAtxilotuak ez dituzte inkomunikatu, eta batzuk atzo bertan iritsi ziren Madrilera

Aitziber Laskibar Lizarribar, Oihana Elduaien, Edurne Begiristain, Joxerra Senar
Bilbo, Hernani, Gasteiz, Iruñea
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa agindu, eta 18 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak. 11 lagun Herrira-k Hernanin duen egoitzan atxilotu ditu, bileran zirela. Gainontzekoak kalean edo lantokian atxiki dituzte. Beste bat, Fran Balda, bilerarako bidean hartu zutela uste dute lagunek. Hernani, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko egoitzak ordu luzez miatu eta itxi dituzten guardia zibilek. Bankuetako kontuak blokatzeko ere agindu du Velascok.

ETAko kide izatea leporatu die guztiei Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. «Erakunde armatua finantzatzea» ere bai. Herrira-k, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta Askatasunak utzitako lekua hartu duela argudiatu du hartarako epaileak; «oinordekoa» dela. Kaleratutako euskal presoei harrerak antolatuta, «terrorismoa goratzen» aritzea ere egotzi die atxilotuei.

Komunikatuta dituzte guztiak; inkomunikazioa ezarri gabe. Eta, horietako batzuk, Madrilen ziren atzo arratsaldean bertan. Izan zen horren berri emanaz etxera deitu zuenik ere.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ETAren zati bat osatzen duen taldetzat jo du Herrira: «ETAren garroa» dela esan du. Eta «argi» utzi du Espainiako Gobernuak operazioarekin zabaldu nahi duen mezua: «Gobernuak ez du ETArekin negoziatuko eta lanean jarraituko du amesgaiztoa desegin arte. Zuzenbide estatua ez da eten; gobernuak ez dio utzi ETA desegiteko egin beharreko guztia egiteari».

GIPUZKOA. Tentsioa lehertuta

Luzea izan zen Hernanin egoitzaren miaketa. 10 atxilotu barruan zeudela, eta ofiziozko abokatuarekin, 22:30ak jota, herritarren babes oihu artean atera zituzten Hernaniko egoitza nagusitik Nagore Garcia, Manu Ugartemendia, Jon Garai, Sergio Labaien, Eneko Villegas, Roberto Noval, Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Oscar Sanchez, Jesus Mari Aldunberri eta Gorka Gonzalez. Alboko atetik atera zituzten gehienak. «Herrira aurrera», oihu artean eraman zituzten. «Zain dago ama, zain aita...» kantu doinuekin ari zirela, aurreko atetik atera zituzten Nagore Garcia eta Jon Garai. Tentsioan eta garrasika ertzainek kargatu egin zuten azkenean. Bai porraz eta bai gomazko pilotez. Plaza berriko inguruko kaleetan kargak eta korrikaldiak izan ziren bitartean —zaurituak ere izan ziren tartean—, guardia zibilek egoitzako atea itxi zuten tabla handiak taladroarekin josiz.

Bost furgoneta, beste horrenbeste patrol, guardia zibilen hesia, eta haien zain egun osoan egondako jendearen artean, ertzainak. Tentsio une handiak izan ziren, eta baita kolpeak ere. Bien bitartean, hurrenez hurrez Azpeitian, Donostian eta Andoainen atxilotu zituzten Eneko Ibarguren, Amaia Esnal eta Ekain Zubizarreta Madrilgo Tres Cantoseko kuartelera eraman zituztela jakin zen, guardia zibilek beraiek familiei abisu emanda. Liburutegin atxilotu zuten Ibarguren, lantokian Esnal eta etxepeko portalean Zubizarreta.

Goiza lasai joan zen, eguerdian aurreneko tentsio uneak izan ziren, eta arratsean tentsioaren tentsioz, gero eta gehiago ziren herritarrei bultza eta kolpe ere egin zieten ertzainak. Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua egon ziren hesiaren atzean, jende artean. Ertzainei galdetuta informazioa lortzen ere saiatu zen Garitano, baina alferrik.

BIZKAIA. EAren egoitzan hasita

Behar ez zuen tokian hasi zuen operazioa Guardia Zibilak Bilbon. «Okertuta», EAren egoitzara sartu ziren 10:30ean. Bertako langile batek BERRIA-ri azaldu zionez, «oldartuta» sartu ziren egoitzan, baina, hedabideek zabaldu zutenaren aurka, atea indarrez bota gabe. Langileak paretaren kontra jartzera behartu zituzten, eta, miaketarako agindua erakusteko eskatzerakoan, «oraindik» ez zutela autorik erantzun zieten guardia zibilek. Alderdi baten egoitzan indarrez sartzen ari zirela ohartarazi ondoren konturatu ei ziren ez zirela joan miatu behar zuten egoitzara.

Bilboko beste alde batean, Beñat Zarrabeitia atxilotzen ari ziren guardia zibilak, erdigunean. Areatzako 2. atariko hirugarren solairuan du egoitza EAk, eta bigarrenean Herrira-k. Ataria eta ingurua hesitu zituzten sei patroletan joandako guardia zibilek. Aurrean, jende multzoa bilduz joan zen, ehunka protestari batzeraino. «Alde hemendik, utzi bakean!» oihukatu zieten aurrean zituztenei. «Hor aurrean daudenek jendea torturatzen dute!» ere bai, gazteleraz. «Hau al da zuen bakea?». Ozen, txaloz lagunduta, «Presoak kalera, amnistia osoa!», «Ez gaituzue geldituko!» abisu eman zuten.

Helena Gartzia Bilduren zinegotziak eskuz egindako txartela zintzilikatu zuen bere alderdiaren balkoian: Alde hemendik! utzi zuen letra larriz idatzita.

Protestariek zein gertatzen ari zenari buruz galdezka gerturatzen zirenek nekea agertzen zuten: «Urteak atzera egin dugula dirudi; berriz errepikatzen ari gara berdina». Hain zuzen, egun Herrira-k zuen egoitza Batasunarena izan zen aurrez. 2002ko udan itxi zuten atzoko bulego bera Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, orduan ertzainek.

Iluntzean, jendetza bildu zen egoitzaren aurreko Arriaga plazako elkarretaratazean. Ertzaintza protestariei oldartu, eta korrikaldi batzuk izan ziren. Orduantxe amaitu zuten miaketa guardia zibilek, 20:15ak jota, eta patroletan alde egin zuten, Ertzaintzaren laguntzarekin.

ARABA. Atxilotu bat eta miaketa luzea

Gasteizen, Ane Zelaia Herrira-ko arduraduna atxilotu zuen Guardia Zibilak goizean, eta elkarteak hiriburuan duen egoitzara eraman zuen, miaketa egitera. Guardia Zibila goizeko hamar eta erdietan sartu zen Kutxa kaleko egoitzara, eta barruan lanean zegoen Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kidea bi orduz atxiki zuen araketaren lekuko gisa. Ostean, hura aske utzi zuten. Guardia zibilek hamar ordu igaro zituzten egoitza miatzen. Ertzaintzarekin batera hesituta izan zuten ingurua denbora horretan.

Lehen ordutik jendetza hurbildu zen egoitzara, atxilotuari elkartasuna ematera. EH Bilduko zenbait legebiltzarkide eta Bilduko zenbait zinegotzi ere urreratu ziren. Iker Urbina Amaiurreko diputatu eta abokatua ere egon zen, senideekin batera,baina ez zioten baimenik eman egoitzara sartzeko. Zelaia ez zuten inkomunikatu, baina abokatuak eta familiak ezin izan zuten gaztearekin egon. Egoitzatik hainbat kutxa atera zituen Guardia Zibilak iluntzean, eta ondoren Zelaia Guardia Zibilaren furgoi batean sartu zuten Madrilerako bidean, jendearen babes oihu etengabeen artean. Egoitzaren miaketa amaitu aurretik eta ostean, Ertzaintza bildutakoei oldartu zitzaien.

NAFARROA. San Fermin Txikien ostekoa

Uharteko Zubiarte euskaltegian atzeman zuten Imanol Karrera gaztea. Une hartan inork gutxik susmatzen zuen Iruñeko alde zaharrean makro operazio zabala hastera zihoala. Asteburuko San Fermin Txiki jaiak amaitu berri, lasaitasuna nagusi zen Nabarreria plazan, Herriraren egoitzan. 10:40ean udaltzainak agertu eta handik alde egiteko ohartarazi zien jardunean zebiltzan banatzaileei. Handik ordu laurdenera jakin zen zergatia, Guardia zibilaren hiru patrol eta matrikula ezkutuan zuten furgonetak zein kotxeak azaldu zirenean. Lekukoen arabera guardia zibilek Imanol Karrera zekarten. Espainiako Poliziak, berriz, hesia jarri eta galerazi egin zien bizilagunei ez beste gainerako herritarrei sartzea.

Miaketak luze jo zuen, zazpi orduz. Albistea jakin bezain laster ehundik gora herritar bertaratu ziren, eta polizien aurka eta Herriraren alde oihu egin. 12:20 aldera, Jaione Karrera abokatuak sartu ahal izan zen egoitzan. Miaketa 17:30 aldera amaitu zen, eta herritarren oihuen aurrean Polizia oldartu zitzaien. Guardia Zibilek berehala eraman zuten Imanol Karrera, eta poliziek alde egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.