Muguruza eta Brouarden hilketen urteurrena

Elkarbizitza lantzeko garaia dela diote Brouarden eta Muguruzaren senideek

Ezker abertzaleko kideak, EAJren BBBko presidentea eta Lehendakaritzako biktimen zuzendaria izan dira omenezko ekitaldianIndarkeria guztien amaiera eskatu dute duela 29 eta 24 urte hil zituztenen hurkoek

Erkizia, Ugarteburu, Brouard, Muguruza, Bartolome, Arraiz eta Aizpurua ekitaldiko lehen lerroan, krabelinak eskuan dituztela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Bake jokalekuarekin konprometitzeko deia egin dute Santi Brouard eta Josu Muguruzaren senide eta lagunek haien omenezko ekitaldian. Atzo 29 eta 24 urte hil zituen GALek, eta, egia aldarrikatzeaz gain, konponbidea eskatu dute haien omenez eginiko ekitaldian. Elkarbizitzan laguntzeko eskua luzatu dute.

«Gure herrian behingoagatik indarkeria amaitzeko eskatu behar dugu», adierazi du Idoia Muruagak senide eta lagunen izenean. «Bi urte igaro dira ETAk jardun armatua amaitu zuenetik. Gizarteak eta zenbait eragilek urrats asko egin dituzten arren, gobernuek bizkar eman diete haien erantzukizunei eta bake jokalekuarekiko konpromisoa hartzeari. Ez diote heldu konponbiderako elkarrizketari, eta ez dituzte eten errepresio erasoak».

Brouard eta Muguruzaren heriotzak erabat argitu gabe daudela ohartarazi dute, Ametzola parkean eguerdian egindako ekitaldian. Jendetsua izan da omenaldia, eta ezker abertzaleko kide askok parte hartu dute. Han izan dira, besteak beste, Itziar Aizpurua, Tasio Erkizia, Periko Solabarria, Pernando Barrena, Hasier Arraiz eta Amaia Izko. Erdian, omenduen seniderik gertukoenak: Brouarden eta Muguruzaren alaba Edurne Brouard eta Ane Muguruza, eta Elena Bartolome Muguruzaren bikote zena.

EAJk ere parte hartu du ekitaldian, lehen aldiz: Ehunka herritarren artean izan da Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea, lore sorta eskuetan eta Juan Felix Naberan BBBko kidea alboan zituela. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldean Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando ere haien ondoan egon da.

HBko bi buruzagiak nork eta noren aginduz hil zituzten argitzeko eskatu du Muruagak. Justizia egiteko. «Gerra zikineko ekintza hauek eta beste batzuk sustatu zituzten estatuek bere ardurak aitortzea» galdegin du. «Egia, justizia eta erreparazioa, estatu biolentzia kasu guztietarako».

Kontakizun «ofizial, partzial eta faltsua» egin nahi dutenen aldean, «irekia eta zintzoa» aldarrikatu du. Egia osoa. Gertatutako guztia aitortzea. Tortura jarri dute adibide senideek: «Noiz aitortuko du Espainiako Gobernuak egindakoa? Noiz esango dute 'Bai, milaka torturatu genituen, onartzen dugu, eta ez dela berriz errepikatuko bermatzeko konpromisoa hartzen dugu'?».

Aurrera egiteko «ekarpen kolektiboa» beharrezkoa dela azaldu dute; «egia guztien baturatik sortutako egia» dela beharrezkoa, hori baita elkarbizitza eraikitzeko baliabidea.

Eta mina ulertzen dutela azaldu dute:«gure azalean bizi izan dugu». Minak itsutu eta mendeku nahia eragin dezakeela badakitela diote. Bortxazko ekintzen biktima izan direnek «muturreko sentimenetik» hitz egin dezaketela, «barru-barrutik». Baina politikariek ezin dutela hala jardun ohartarazi dute, eta «une historikoak eskatzen duen heldutasunarekin» jarduteko exijitu diete. «Benetako bake justu eta iraunkorra eraiki behar da oraintxe».

Madrildik datozen mezu erasokorrak alboratuta aritzeko gomendatu dute, hartarako: «Beste formula batzuk behar ditugu, hemen bizi garelako, hemen bizi nahi dugulako, hemen sufritu dugulako, sufriarazi digutelako eta batzuetan guk ere sufriarazi diegulako orain elkarrekin bizi behar dugunei». Elkarbizitza eraikitzeko garaia dela aldarrikatu dute; «ez dugu elkarrekin bizi nahi soilik; elkarren artean bizi nahi dugu, bakoitzak bere ideiekin, baina bakean eta askatasunean».

Hortaz, ez dutela «ez gorrotorik ez mendekurik» sustatu nahi azaldu dute. «Ez dugu ukatzen besteen sufrimendua, eta ez dugu areagotu nahi». Areago, horien «traumak» gainditzen laguntzeko prestasuna adierazi dute.

Badakite haiekin nola jokatu, egoera berean bizi direlako: «Ez diogu inori eskatzen ahazteko, guk ez dugulako ahazten. Ez diogu inori eskatzen bere ideiak alboratzeko, guk ez ditugulako gureak baztertu nahi. Ez diogu inori exijitzen sinesten duen horren alde ez borrokatzeko, guk tinko jarraituko baitugu gure herriarentzako bakea eta askatasuna lortzeko borrokan».

Hortaz, aldebakarreko zuzenketa edo barkamen eskerik ez egiteko abisua eman dute, «erabateko bake jokalekuari lagunduko dion distentsio prozesuan parte hartu nahi duenari» eskua luzatu dioten aldi berean. «Hitz egin, bildu eta keinuak egiteko prest gaude; eragin diguten minagatik sakrifizioa eskatzen diguten gauzak egiteko prest gaude, horrek etorkizun hobea sortzen laguntzen duela uste dugulako. Gure eskua luzatuta dago zintzotasunez bilatzen duenarentzat. Guri eskaini dizkiguten eskuak ere aurkitu eta estutu ditugu».

Entzuleek txaloz hartu dituzte Muruagaren hitzak. Eta dantzariak aurreskua dantzatu ondoren, krabelin gorriak eskaini dizkiete Brouardi eta Muguruzari; Atutxak, lore sorta zuri-gorri-berdea utzi die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.