ETAren desarmatzea. Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen adierazpena

Egiaztatzaileek baieztatu dute ETA armategia indargabetzen hasi dela

ETAk erabileratik kanpo utzi eta zigilatu dituen arma eta lehergaien zerrenda zabaldu, eta egiaztatze bideoa erakutsi du NEBkEragile politiko eta sozial denen babesarekin erabateko desarmea lor daitekeela uste du

Nazioarteko Egiaztatze Batzordekoak, atzo Bilbon egindako agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Batzordeak egiaztatu du ETAk arma, munizio eta lehergai kopuru jakin bat zigilatu eta erabileratik kanpo utzi duela». Horixe jakinaraztera etorri da Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordea Euskal Herrira. Ez da ETAren armategi osoaren zigilatzea izan, baina bai «erabateko desarmatzea» gauzatu ahal izateko aurrez «berharrezkoa» den urratsa.

Hasi du, beraz, desarmatzeko bidea ETAk. Eta bururaino iristeko oraindik lan handia beharko dela ohartarazi badute ere, baikor daude egiaztatzaileak: «Hau—erabateko desarmatzea— eragile politiko eta sozial guztien babesarekin lor daitekeen esperantza dugu». Bakegintza ere aipatu dute egiaztatzaileek, beren egitekoari eutsiko diotela esateko orduan: «Batzordeak determinazioz eta inpartzialtasunez lanean jarraituko du, bake egonkor baten izenean».

Laburra izan da Ram Manikkalingam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko zuzendariak talde osoaren izenean irakurri duen adierazpena. Orrialde bakarrekoa, baina argia, zehatza. Gaztelaniaz eta ingelesez irakurri du, eta zigilatutako arma eta lehergailuen inbentarioa erakutsi du. Zerrendak orri bat pasatxo betetzen du, baina garrantzi handiko urratsa da, hala ere, zerrenda hori, Manikkalingamen hitzetan. Bertan agertzen denak baino gehiago, horrek duen esanahia da garrantzitsua.

Zerrenda horretan agertzen diren armak, munizioa, lehergaiak eta gailuak zigilatuta daudela zuzenean egiaztatu dute Manikkalingamek berak eta Ronnie Kasrils-ek, Egiaztatze Batzordeko beste kideetako batek. Irudiak ere utzi dituzte hori erakusteko.

BBC telebista katean, zeinak nazioartean itzal handia duen,erakutsi dituzte, lehenengoz, irudi horiek: Burua estalia duten ETAko bi kidek zigilatzeko armen zerrenda nola ematen dieten ikusten da bideoan, zerrendatutako arma eta lehergailu horiek mahai gainean daudela. Mahaiaren alde batean, erakunde armatuaren anagrama argi ikusten da. Atzeko paretan, Picassoren Gernika margolana. Egiaztatze Batzordeko bi ordezkariek zerrenda nola egiaztatzen duten erakusten du bideoak, eta, ondoren, ETAko kideek emandako inbentarioa nola sinatzen duen Manikkalingamek. Egiaztatzailearen aurretik, ETAko kide batek erakunde armatuaren zigilua jarri dio zerrendari.

Berehala zabaldu da ikus-entzunekoa Euskal Herriko hedabideetan zein sare sozialetan ere, zain baitzeuden gaurko iragarritako agerraldiak zer emango.

Ezohikoa zen agerraldia. Garrantzi handikoa espero zen, eta ikusmin izugarria zuen. Agerikoa zen bezperako egunetan, eta hitzordua jarria zegoen Carlton hotelean bertan ere bai, agerraldia egitekoa zen 14:00ak baino orduak lehenago. Dozenaka eta dozenaka hedabide; Euskal Herrikoak zein nazioartekoak. Euskal Herriko eta Espainiako hedabideetako kazetaririk entzutetsuenetakoak.

Uste baino luzaroago egon behar izan zuten zain. Agerraldian parte hartu zuten bost egiaztatzaileetatik lau hitzordurako hamar bat minutu falta zirenean sartu ziren hotelean. Bat falta zen, ordea: batzordeko zuzendaria, adierazpena hedabideen aurrean irakurriko zuena. Uste baino gehiago luzatu zitzaion, antza, goizean Iñigo Urkullu lehendakariarekin izan zuen bilera.

Ordu laurden bat beranduago iritsi, eta sartu ziren bostak Carlton hoteleko areto nagusira. Flashak eta kamerarien korrikaldiak. Ekitaldirako prestatutako oholtzara igo, eta tartea utzi zuten irudiak hartzeko; nahi baino tarte gehiago, behin eta berriz esan behar izan baitzieten argazkilari eta kamerei nahikoa zela; uzteko, mesedez, agerraldia hasten.

Gazteleraz, ingelesez eta euskaraz eman ditu arratsalde onak Manikkalingamek. Ongi etorria ere bai, bertaratutako guztiei. Adierazpena gazteleraz eta ingelesez irakurriko zuela azaldu du, eta ez dela kazetarien galderarik izango, besteak beste denbora faltagatik.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (NEB) nola eta zertarako sortu zen kontatuz ekin dio adierazpena irakurtzeari. «2011ko irailaren 28an sortu zen, Euskadi Ta Askatasunaren su eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria egiaztatzeko». Ordutik, ETAk «hilketak, atentatuak, mehatxuak eta xantaia mota guztiak eteteko hartu zuen konpromisoa» bete duela egiaztatu du batzordeak.

Denbora guzti horretan euskal eragile politiko eta sozialekin «estuki» lan egin duela ere jakinarazi du: Eusko Jaurlaritzarekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin, Confebaskekin eta Elizaren ordezkariekin aritu dela. «Su etena eta indarkeriaren behin betiko amaiera egiaztatzeko lanean eman duten laguntza eta babesa eskertzen ditu NEBk».

Duela urtebete, Batzordeko kideak Euskal Herrian izan ziren azken aldian, «aurrerapauso baikorrak» ikusi zituela azaldu, eta NEBek «aktore guztiei» konfiantzan sakontzeko urrats berriak egiteko eskatu ziela azaldu du.

2013ko apirilean, eskaera egin zion ETAk Egiaztatze Batzordeari, «konfidentzialki»: ETAren arma, munizio eta lehergaiak zigilatu eta erabileratik kanpo uzteko abiatuko zuen aldebakarreko prozesua egiaztatzeko proposatu zion. Batzordeak eskaera onartu zuen irailean, eta «prozesu horretan lehen pausua emateko prest» zegoela jakinarazi zion ETAk NEBri. Urtarrilean egin zuen urratsa erakunde armatuak. Ordukoak da ETAk eta bi egiaztatzailek egindako tramitearen bideoa. Zigilatutakoa egiaztatu zuten NEBeko ordezkariek, eta inbentarioa jaso.

«Pauso hau sinesgarria eta esanguratsua den ustea du Batzordeak», azaldu du Manikkalingamek. «Honek ETAren arma, munizio eta lehergai guztiak erabileratik kanpo uztera bideratuko gaituela uste dugu».

Erakutsitako urratsa beharrezkotzat jo, eragileen babesarekin erabateko desarmea lor daitekeen esperantza azaldu, eta lanean jarraituko dutela jakinarazi du batzordeko zuzendariak.

Agenda estuarekin segitu dute jarraian egiaztatzaileek: Euskal Herriko eragile politiko eta sindikalekin bildu dira, hotelean bertan. Lurrazpiko solairuko gelan batzartu dira, besteak beste, EAJko Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxearekin, PSE-EEko Rodolfo Ares eta Jose Antonio Pastorrekin, Sortuko Rufi Etxeberria eta Hasier Arraizekin, Alternatibako Oskar Matuterekin, eta EAko Alberto Unamuzagarekin.

Confebaskeko presidente Miguel Angel Lujua eta idazkari nagusi Nuria Lopez de Gereñu ere izan dira bileran. Baita ELA, LAB eta UGT sindikatuetako idazkari nagusi Txiki Muñoz, Ainhoa Etxaide eta Raul Arza, eta CCOOko Loli Garcia. Hedabideekin elkarrizketak egin ditu, ondoren, Manikkalingamek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.