Krisia Nafarroako Gobernuan. Kontuz-en manifestazioa

Milaka lagunek planto egin dute Nafarroan eta bozak galdegin

Antolatzaileen arabera 35.000 pertsonek parte hartu dute Kontuz-ek Iruñean antolatutako manifestazioanUstelkeria gaitzetsi, ardurak eskatu eta aldaketa politikoaren alde egin dute

Eraberritze demokratikoa. Ustelkeriarik ez. Eman hitz herriari leloa eraman zuten atzo Iruñean egindako martxaren buruan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Aski da». Patxi Zamora Kontuz-eko kideak manifestazio bukaeran esandako bi hitzok atzo Iruñean egindako manifestazioa laburbiltzeko balio dute. Milaka lagun, haur, zahar eta gazte atera ziren kalera ustelkeria salatu eta hauteskundeak aurreratu ditzaten eskatzeko. Antolatzaileen arabera 35.000 pertsona atera ziren kalera Nafarroan aspaldian egin den manifestazio jendetsuenetako batean.

Manifestazioaren burua PSNk Sarasate pasealekuan duen egoitzan zegoenean, azkenengo lagunak Azuelo plazatik igarotzen ari ziren. Hau da, 1.500 metroko luzera izan zuen protestak. Gazteluko plazan burutu zen martxa, eta ekitaldiaren ondoren, oraindik ere jendea plazan sartzen ari zen. 19:20ean esan zituzten azken hitzak, eta ordu horretan azkenengo lagunak Sarasate pasealekua zeharkatzen ari ziren oraindik.

Jendea izan zen protagonista; hala nabarmendu zuen ere Kontuz-ek. Aurretik lortutako babesa handia zen, hainbat eragilek bat egin baitzuten protestarekin: EH Bildu, IU, Geroa Bai, PSNko kritikoak, LAB, ELA, EILAS, ESK... eta haiekin batera hainbat alorretan aritzen diren gizarte eragileak. Halaxe izan zen manifestazioa ere: anitza. Denetariko afixa, pankarta, bandera eta itsasgarriak atera zituzten argitara.

Nafarroako hainbat ideologiatako lagunak biltzeko kapaz izan zen Eraberritze demokratikoa. Ustelkeriarik ez! Eman hitza herriari leloa. Bi eskakizun nagusi ziren beraz: ustelkeria bukatzekoa bata, eta hauteskundeak deitzekoa bestea. Manifestazioaren bukaeran Mirentxu Iribarren Kontuz-eko kideak esan zuenez gobernu aldaketa «geroz eta gertuago» dago. Are, «goitik beherako aldaketa» beharrezkoa dela nabarmendu zuen. «[UPN] Haiek dira Nafarroa desagerrarazten ari direnak, herrialdea, ekonomia eta politika porrotera bidean daramate, eta erantzukizuna bere gain hartu behar dute», esan zuen.

Ustelkeriaren aurka

Nafarroako Gobernuaren krisia azaltzeko tartea ere hartu zuen Iribarrenek. Esan zuenez, begiak itxi eta konfiantza izateko eskatu zuen UPNk, eta Nafarroak osasun zerbitzu, aurrezki kutxa, irakaskuntza eredu eta gizarte laguntza sistemarik onenak zituela sinestarazi. «Begiak ireki ditugunean, gure nortasun faltsuak ziren guzti horiek galdu ditugula konturatu gara», azaldu zuen. Ustelkeriari izenak jarri dizkio gainera: Jesus Pejenaute, Miguel Sanz, Miranda, Alvaro Miranda, Lourdes Goikoetxea eta Luis Zarraluki. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari, berriz, «Gobernuaren zuzentasuna» babestu ez, eta ustelkeria auziak ezkutatu izana leporatu zion.

Azken hilabeteetako aferak ez ezik, urte luzeetako politika ere aipatu zuen Kontuz-eko kideak, egoeraren larritasuna handitzeko asmoz. Azaldu zuenez, herrialdean izandako sei lehendakarietatik bostek kargua ustelkeria auziengatik utzi dute. «Eta bost diogu, Barcina ere herri ekimenak kanporatuko duelako», zehaztu zuen Iribarrenek.

Egoera ikusita, hauteskundeak aurreratzeko aski arrazoi badirela nabarmendu zuen. «Zer gehiago pasatu behar da CAN eta Ogasunari buruzko auzietako protagonistek dimititu dezaten?». Aipatu zuenez, Nafarroa «estatu auzia» da, baina hala ere, «dagoeneko ezin dute egia ezkutatu». Horren lekuko atzo Iruñeko kaleetara ateratako milaka lagunak. Gainera, manifestazioari babesa emandako eragileez landa, UPN eta PPN alderdietako kide batzuk haiengana jo dute egindako lanagatik zorionak eman eta, batzuetan, bidenabar, informazioa ematera, publikoki egin ez badute ere.

Hitzaldia mezu positiboarekin burutu zuen, inguruan zituen herritar andanari gobernu aldaketarekin amesteko aukerak benetakoak direla azalduz, eta haiek aldaketa horren bultzatzaile izan eta izanen direla nabarmenduz. «Hau hasi baino ez da egin. Hurrengoan ospatzeko elkartuko gara», bukatu zuen. Txalo zaparradak eta «UPN kanpora» oihuen oihartzuna gogoz aditu zen Gazteluko plazan. Oihuak, baina, ez ziren manifestazioaren amaierako kontua izan.

Hasi eta berehala gogotik bota zituzten UPNren eta ustelkeriaren aurkako leloak, baita hauteskundeak aurreratzearen aldekoak ere. Baiona etorbideko hiru bideko errepidea jendez mukuru zen martxak aurrera egin ahala. Espaloian, berriz, jende anitz begira, irria ahoan gehienak, eta haietako askok aldarriekin bat egin eta oihuak bota zituzten. Inauterietako kauteroek ere parranda alde batera utzi zuten tarte batez, eta paseoan zebiltzan batzuk ere batu ziren Baiona zein Armadaren etorbideetan.

Ustelkeriaren aurkako aldarria zen nagusi, baina Nafarroako Gobernua krisira eraman duten hainbat borroka sozial ere presente ziren, murrizketen edota AHTaren aurkako pankartak kasurako. Alderdi politikoei dagokienean, PSE eta PSC alderdietako kideak ere bazirela esan zuen Ainhoa Aznarez PSNkoak.

Eguraldia lagun, bertan bildutakoek ez zioten oihuak botatzeari utzi, sarri txaloen laguntzarekin. Kontent zirela zirudien, nahiz eta orain arteko auzi eta eskandaluek bultzatu zituzten kalera. Jendetzaren artean, manifestazioa babestu zuten eragileetako kideak ziren: Bilduko Bakartxo Ruiz, Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenez eta Xabi Lasa, Ezkerrako Marisa de Simon, Geroa Baiko Patxi Leuza, Sortuko bozeramaile Txelui Moreno, PSNko kide Ainhoa Aznarez —PSNk ez zuen manifestazioarekin bat egin—, Amaiurko Sabino Cuadra, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txiki, eta Igor Arroyo eta Mitxel Lakuntza Nafarroako LAB sindikatuko kudeatzaileak.

Ikerketa batzordearen zain

Manifestazio jendetsuaren ondoren, Goikoetxea auzia aztertzen ari den ikerketa batzordearen emaitzak azalduko dituzte heldu den astean. Goikoetxeak astelehen arratsaldean eginen du agerraldia, eta asteartean ailegatuko da Barcinaren txanda. Ostiralean idatziko dira ondorioak. Orduan erabakiko du PSNk zentsura mozioa aurkeztuko duenetz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.