Gure Esku Dago. Bilboko ekitaldia

Erdia eginda, erdia eginkizun

Ekainaren 8an egingo den giza katearen kanpaina abiarazi du Gure Esku Dago-k, Bilbon egindako ekitaldi jendetsuarekinDagoeneko 22.000 atxikimendu bildu dituzte, behar direnen erdiak ia-ia

Gure Esku Dago dinamikak atzo Bilboko Casilla kiroldegian antolatu zuen ekitaldiko une bat. Oholtzan, hainbat jatorritako lagunak. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Abian da. Hainbat hilabetez herrietako dinamikak sustatuz eta motorrak berotuz aritu ondoren, atzo hasi zen Gure Esku Dago plataformaren kanpaina, ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen alde Durango eta Iruñea lotu nahi dituen giza katea xede. Abiapuntua izan zen Bilboko Casilla kiroldegian egindako ekitaldi jendetsua eta horren aurretik antolatutako giza katea. Ekainean egingo denaren aurrekari.

Baina ez dira hutsetik abiatu. Ekitaldian iragarri zutenaren arabera, herrietan egindako aurretiko lan horri esker, orain arte 22.000 atxikimendu bildu dituzte giza katean parte hartzeko.

Iruñetik Durangora dauden 123 kilometroak osatzeko, 50.000 lagun baino gehiagok parte hartzea behar dela kalkulatzen dute Gure Esku Dago-koek. Beraz, etxeko lanen ia erdiak egindaabiatzen dira plataformakoak ekainaren 8ra arteko ibilbide horretan. Orain, bi hilabete baino zerbait gehiago izango dute gelditzen den zatia osatzeko, eta, horretan, dudarik gabe, akuilu izango dute atzo Casilla kiroldegiko ekitaldian bilduriko indar etasostengua.

«Nork ez du erabaki nahi?»

Bilboko ekitaldia erabakitzeko eskubide demokratikoaren aldeko aldarria izan zen, eta ekitaldiaren aurkezle Naroa Iturri eta Xabier Euzkitzeren mezuetan behin eta berriro nabarmendu zen ideia hori: norberak izan ditzakeen ideia eta hautu politikoen gainetik, horien artean aukeratu ahal izatea da demokraziaren oinarrizko araua, herritarrak batzen dituena. «Nork ez du bere etorkizuna erabaki nahi?», galdetu zuen Iturrik; «edozein dela ere bere identitate nazionala, helburu politikoa, sentsibilitate soziala... Nork ez du erabaki nahi?».

«Erabaki nahia da batzen gaituena», gaineratu zuen Euzkitzek. «Batekoak zein bestekoak, erabakitzeko eskubideak batu baino ez gaitu egingo. Normala hori baita, erabaki ahal izatea».

Desberdin pentsatzen dutenak batzen ditu erabakitzeko eskubideak; hortaz, eskubide horren alde egin nahi duen dinamikak askotarikoa behar du. Hori da Gure Esku Dago-ren ezaugarrietako bat, eta hala nabarmendu zuten aurkezleek euren mezuetan: elkarlana, auzolana eta antzeko kontzeptuak txitean-pitean erabili zituzten. «Konplizitate berriak ahalbidetzeko, konfiantza esparru berriak eratzeko baldintzak eraikitzen ari gara. Dagoeneko hau ez da ametsa, errealitatea baizik», esan zuen Iturrik.

Eskozia eta Katalunia, «Europan abian jarri den trenaren bagoietako bi» hizpidera ekarri zituzten ekitaldiko aurkezleek. Eskoziaren kasuan, nabarmendu zuten hango herritarrek euren etorkizuna erabakiko dutela irailaren 18an: «Beraz, emaitza edozein delarik ere, eskoziarrek dagoeneko arrakasta demokratikoa lortu dute, euren etorkizuna libreki aukeratzeko modua izango dutelako».

Kataluniari dagokionez, prozesu horretatik ere «zer ikasi» badagoela adierazi zuten: «Ia denek bat egin dute azken urteetan aldarri baten inguruan; erabakia eurei dagokiela, alegia. Egungo egoera administratiboa lehenesten dutenek ere galdetzea nahi dute, eta euren erantzuna eman nahi dute. Herritarrek erabaki nahi dute, eta horrek egiten du ukaezin Kataluniako galdeketa».

Ekitaldi dinamikoa

Jendetsua izateaz gain, ekitaldi dinamiko eta arina izan zen Bilbokoa, koloretsua, musika eta bideo ugarirekin hornitua. Herrietan sorturiko eta sustaturiko dinamika da Gure Esku Dago, eta herrietako taldeei ahotsa emanez hasi zen ekitaldia. Herrietan egindako lana laburbiltzen zuen bideo bat erakutsi ondoren, Donostia, Barakaldo, Gasteiz eta Etxarri Aranazko ordezkari banak hartu zuten hitza. Azkenak gogorarazi zuen Nafarroako herri horretan galdeketa egingo dutela apirilaren 13an, eta gainerako herrietakoak gonbidatu zituen egun horretan Etxarri Aranatzera joatera, «demokraziaren festan» parte hartzeko.

Porrotxek dantzan jarri zuen kiroldegi osoa, aerobik areto erraldoi bilakatua. Anjel Alkain eta Iker Galartza aktoreek, Braveheart filmetik ateratako gerlari eskoziarrez mozorroturik, barrez lehertzen ipini zituzten ikusle guztiak, eta, bide batez, eskoziarrek gona azpian barruko arroparik eramaten ote duten galdetzen dutenei erantzuna zein den azaldu zieten, erakustaldi praktiko batez.

Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetako bat iritsi zen jatorri askotariko hainbat lagun agertokira igo zirenean, Gure eskubidea hitzetako hamahiru letrak eskuetan zeramatzatela. Ekuador, Sahara, Argentina, Herrialde Katalan, Senegal, Kolonbia, Galizia eta beste zenbait lekutan jaiotako herritarrek ozen esan zuten: «Gu ere euskal herritarrak gara, erabakitzeko eskubidearen alde gaude eta ekainaren 8ko giza katean egongo gara». Ikusleek, zutik jarrita, txalo zaparrada batez hartu zituzten.

Gure esku dago Kirmen Uriberen letra duen abestiarekin amaitu zen ekitaldia, Erramun Martikorena, Ines Osinalde, Mikel Markez, Gontzal Mendibil eta beste zenbait kantariren ahotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.