Frantzia. Gobernu berria

Vallsen balsaren lehen notak

Hollandek igandeko porrotari ihardesteko ezarri zuen Valls karguan, eta ministro berrien izenak eman ditu gobernuburuakGobernu berriak, zaharrak konpondu gabeko hainbat erronka ditu Ipar Euskal Herrian

Manuel Vallsek Lurralde Elkargoaren aurkako jarrera argia izan du. ETIENNE LAURENT / EFE.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Oraindik ez da isildu joan den igandean Baionan eta Miarritzen sozialistek ukan zuten porrota. Lapurdi kostaldean ez ezik, Frantzia osoan pairatu dute sozialistek inarrosaldia eta Francois Hollande presidenteak hori ihardukitzeko asmoz izendatu zuen Manuel Valls Barne ministro ohia gobernuburu. Ipar Euskal Herritik ikusita, adostasunez eraikitako aldarriari, tokiko eragileek sostengatzen zuten Lurralde Elkargoaren eskariari, ezezko borobila eman dion ministroak gobernuaren giderrak eskuan izateak, ez du susmo onik eragin. Ohar hori egin zuten EH Baiko ordezkariek Vallsen izendapena jakin orduko, gobernuaren osaketa ezagutu aitzin.

Euskara, lurralde elkargoa, abertzaleen eskakizuna zela erran zuen Vallsek, borroka armatuarekin eta Frantzia deuseztatzeko balizko xede ezkutuarekin nahasiz. Orduan, Ipar Euskal Herriko eragile politiko gehienen haserrea piztu zuen. Horien artean, Colette Capdevielle eta Sylviane Alauxdiputatu sozialistena. Jean Jacques Laserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak ere gogor ihardetsi zion ministro ohiari. Egun, lurralde antolaketari ekin behar diolarik Frantziak, gobernuburuaren jarrerak ez dio esperantzari zirrikiturik uzten.

Vallsen izendapenak itxi du Jean Marc Ayrault gobernuburu ohiak irekitako leihatila hertsia. Proposamen eginen zuela erran zuen, Ipar Euskal Herriko hautetsiei interlokuzio zuzena eskainiz. Vallsek berak kudeatu beharko du gaia. Izendapena ezagutu bezain laster, Parisko sare sozialetan gogoratu dute lurralde elkargoaren aurkako jarrera, jatorri katalana ukan arren. Le Monde egunkariak, atzo eta herenegun, gatazkaren konponbideari buruzko artikuluak plazaratu ditu, gobernuburuari parean dituen erronka nagusiak gogoratzeko ariketan.

1. Taubira, Justizian

Christiane Taubira Justizia ministro karguan atxiki du Vallsek. Paristik so eginik, alderdi sozialistaren ezkerrari egindako keinu gisa irakurtzen da. Valls Taubirak egin nahi zuen espetxe erreformaren aurkakoa zen Barne ministroa zelarik. Ipar Euskal Herritik ikusita, oroitzapen hurbilean dago Taubirak Baionara egindako bisita. Preso erien kaleratzeaz, hurbilketaz eta baldintzapean libre egoteko aukera dutenen egoeraz galdeturik, «aurki mintzatuko» zela erran zion BERRIAri. Ikusi beharko da, beraz, Ayraulten gobernualdiko konpasa eta hitza atxikitzen duen edota isiltasunaren konpasa luzatzen duen Vallsen aginduetara.

2. Barne ministerioa

Bernard Cazeneuve izanen da Frantziako Barne ministro berria. Paristik begira, alderdi barneko lehian, ez da Hollanderen lerrokoa. Vallsek ahalik eta botere gehiena hartu nahi izan du, Hollanderen irizpideen mugan kokatzeraino. Ipar Euskal Herritik ikusita, erantzukizun zuzena du bake prozesuari emandako erantzunean eta euskararen arloan. Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioak kudeatzen dute hizkuntza gutxituen gaia. Bertzeak bertze, ikusi beharko da ikastolen aurkako jazarpenarekin segitzen duen, hizkuntza gutxituekiko jarrera aldatzen duen edota, Vallsek Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko xedea bere egiten badu, ikastolen garapena laguntzeko bidea libre uzten duen.

Ipar Euskal Herriko eragile politikoek bake prozesuan engaiatzeko eskatu diote Frantziari. Cazeneuven esku egonen dira balizko euroaginduen kudeaketak. Aktibatu ditzake edota, hainbatetan egin duten bezala, mahai gainean metatu. Gogoan dago ere Baionako Bake foruma egin zelarik, Nazioarteko Harreman Taldeko eragileekin emandako argazki ulergaitza, Baionako polizia etxean galdekatu zituztelarik. Armagabetzea bururaino eramateko borondatea azaldu zuen ETAk. Barne ministerioak, Justizia ministerioarekin batera, bide hori erraztu edo eragozpenak sor ditzake.

3. Eskolatik hasiz

Benoit Hamon izanen da Hezkuntza, Goi Ikasketen eta Ikerketarenministroa. Alderdi sozialistaren ezkerraldean kokatzen da. Ayraulten gobernuan gizarte ekonomiaren ardura zuen. Frantziako ikuspegian, ardura zabalagoa ukanen du oraingoan, bereziki unibertsitateen erreforma abian delarik. Herriko bozen kanpaina hasi baino lehen, Itsasun eta Baionan egon zen. Espagnac eta Alaux ministroak izan ziren harekin Itsasun eta Capdevielle Baionan. Ekonomia arloan, hurbileko ekonomiaren aldeko diskurtsoa garatu zuen, kooperatiben lana goraipatuz. Hezkuntza arloan, ikusi beharko da nolako jarrera hartzen duen. Seaskak etengabeko liskarrak ukan ditu azken urtean. Korapiloa askatzeko bide izan zitekeen Seaskak Hezkuntza ministroarekin zituen harremanak. Hamonek horiek indartu, eta konponbidea eman beharko die ikastolen egoerari. Arlo horretan, Barne ministroak baldintza dezake, neurri handi batean, Hezkuntza ministroaren lana.

4. Royalen ingurua

Segolene Royal izanen da Ingurumen eta Energiaren ministroa. Presidente izateko hautagai izan zen 2007an. Baita Francois Hollande presidentearen emaztea ere. Bereizi ondotik, harremanak normalizatu dituztela diote Parisen. Ingurumen arlotik ikusita, ekologistek kezka ugari izateko arrazoia badute. Izan ere, karbono isuriari zerga ezartzeko proposamenaren aurka zegoen, bertzeak bertze. Sobera zerga zegoela zioen Royalek ministro izan aurretik. Ikusi beharko da, engoitik, zergarik ezarri gabe noraino hel daitekeen ingurumenaren aldeko engaiamendua. Trantsizio energetikoaren urratsa ere egiteko dago. Vallsek nuklearraren kopurua apaltzeko borondatea jakinarazi zien ekologistei, zentral nuklearren kopurua apalduz. Alta, energia berriztagarrien arloan zeuden laguntzak apalduz joan dira, eta eragileek zein enpresaria, uzkur dira alor horretan inbertsioak egiteko. Konfiantza emateko urrats sendoak egin beharko ditu Royalek arlo horretan.

5. Parekotasuna

Gizon-emazteen arteko parekotasun irizpidea atxiki du Vallsek. Hamasei ministroetan, zortzi dira gizonak eta zortzi emazteak. Aurelie Filippetti da Kultura ministroa, eta sustatu beharko du, Parlamentuan hitzemana, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea, bertze hainbat gairen artean. Konstituzioa aldatzeko aipamenean, neurri mugatzaileak kentzeko eskatu zioten Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak. Najat Vallaud-Belkacem da Emazteen Eskubide, Gazteria eta Kirol ministroa. Silvya Pinel da Etxebizitza eta lurralde kohesiorako ministroa. Zorrotz begiratuko zaio Ipar Euskal Herritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.