Bruselak hilaren bukaeran erabakiko du Espainiari denbora gehiago eman ala ez

Europako Batzordeak %6,4ko defizita iragarri arren, %5,3ko helburuan tematuta jarraitzen du Madrilek

2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Defizit publikoari jarritako muga errespetatzeko Espainiaren ahalegin guztiak horretantxe geratuko direla uste du Bruselak, ahalegin hutsean. Ez baitiote helburua betetzeko balioko. Espainiako Gobernuak agindutako %5,3tik urrun, urtea %6,4an bukatuko duela iragarri du Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteordeak. Eta datorren urtean bikoiztu baino gehiago egingo duela %3ko muga, %6,3ra iritsita. Horra arte berririk ez, jakina zelako aurreikuspenak txarrak izango zirela. Baina hortik aurrera ere ez, ez duelako argitu Espainiari defizitaren helburua betetzeko epea luzatuko dion ala ez. Hilaren 30era arte atzeratu du erabakia.

Bruselak Espainiarengan konfiantza baduela adierazi du Rehnek, baina oraindik kontu batzuk argitzeke dituela. Autonomia erkidegoek zer murrizketa egingo dituzten eta Gizarte Segurantzako kontuetan sortzen ari den desoreka nola konponduko duen, besteak beste. Puntu horiek lehenbailehen argitzeko eskatu dio Espainiari. Orduan erabakiko dumurrizketa gehiago eskatuko dizkion edo defizita %3ra jaisteko epea 2014ra arte luzatuko dion, edo biak batera.

Gainontzeko adierazleetan ere aurreikuspen txarrak plazaratu ditu Espainiarentzat. Aurten ekonomia %1,8 uzkurtuko dela uste du, eta datorren urtean beste %0,3; hazkunderik ez, beraz, 2014ra arte. Langabeziak hazten segituko du: aurten, %24,4ra iritsiko da tasa, eta %25,1era datorren urtean. Zor publikoa, berriz, BPGaren %87ra ailegatuko da 2013an, Europako Batasuneko batez bestekoaren parera. Datorren urteko aurreikuspenak egiteko, ordea, Bruselak ez ditu kontuan hartu Madrilek azken asteetan iragarri dituen murrizketak eta zerga igoerak.

Esanak esan, Mariano Raxoiren gobernuak berean jarraitzen du: hazkundeari eta defizitari dagokionez jarritako helburuak beteko dituela ziurtatu du Luis de Guindos Ekonomia ministroak.

Bi handiak, indartsu

Bigarren motelaldiak herrialde guztiei eragin dien arren, oraingoan ere bi indartsuenek gaindituko dituzte oztopoak errazen. Bruselaren ustetan, sendo jarraituko dute Alemaniak eta Frantziak, aurten %0,5etik gora hazkundearekin eta datorren urtean %1etik gorakoarekin. Martxa bera iragarri du Erresuma Batuarentzat ere.

Zailtasun handiagoak izango ditu Italiak, urtea atzeraldian bukatuko baitu (-%1,4). Datorren urtean, baina, hazkundearen bidera itzuliko dela uste du Europako Batzordeak. Gauza bera Herbehereetan ere.

Finantza erreskatea jaso behar izan duten hiru herrialdeetatik bik, ostera, oso motel jarraituko dute. Aurten Greziako ekonomia %4,7 uzkurtuko dela uste du Bruselak, eta datorren urtean geldialdian sartu. Langabezia izango da haren arazorik handienetakoa, %20ko mugatik hurbil ibiliko delako gutxienez bi urteotan.

Portugalek ere atzerantz egingo du aurten, %3,3, Bruselaren arabera. Hala ere, datorren urterako hobekuntza espero du, %0,3ko hazkunde apalarekin. Langabezia tasak %15ean segituko du.

Dudarik gabe, Irlanda da erreskatea jaso dutenen artean ondoen dagoena, alde handiarekin, gainera. Aurten, %0,5 haziko da hango ekonomia eta, datorren urtean ia, %2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.