Protestak herrialde arabiarretan

Libiarren bidaia amaigabea

Tunisiako eskualderik txiroena errefuxiatu gune bilakatu du Libiako gerrak. Giza larrialdiak herrialdea gainditu du; 3.000 lagun inguru daude eskualdeko hiru kanpamentuetan.

Dehiba
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Libiako anbulantzia batean mugaraino; tunisiar batek hartu du zauritua bertan, eta ziztu bizian doa gero, mendebalderantz beti. Anbulantziak jaun eta jabe dira egun Tunisiako errepideetan. Lehen geltokia Dehibako errefuxiatu gunea ohi da: «Gehienak gerra zaurituak dira, baina hemen haiek egonkortu besterik ezin dugu egin; ez daukagu nahikoa tresneria gaixoak behar bezala artatzeko», dio kanpamentuko mediku bakarrak, Farid Alblushik. Hogeita lau orduko txandek eta 40 gradutik gorako tenperaturek oraindik ezin izan dute belaunikarazi sendagile emirerribatuarra. «Gaixo larriak Tatauineko ospitalera bidaltzen ditugu: bestela, errefuxiatuei medikuntza orokorra eskaintzen diegu. Izan ere, Libia mendebaldeko ospitale bakarra bilakatu da Tunisia», gaineratu du Alblushik denda barruan, aurpegiko izerdia Ilargi Gorriaren eskuoihal batez lehortzen duen bitartean.

Kanpamentu horretan 811 dira, zehatz-mehatz, libiarrak; denak mugaren beste aldetik iritsitakoak gerra otsailean piztu zenetik. Baina Arabiar Emirerri Batuek altxatutako kanpamentuak askoz ere gehiago izan ditu berriki: «Joan zen hilean, 1.800tik gora hartu genituen. Batzuek alde egin dute, baina ez dakigu etxera bueltatu diren ala Tunisiako hirietarantz joan diren. Ez diegu galdetzen», azaldu dio BERRIAri kanpamentuko arduradun nagusiak, Khalfan Said al Kerinik.

Frontetik albiste urri

Iheslari kopurua nabarmen jaitsi arren, Al Kerini ez da ausartzen esaten egoera hobetu den ala ez. Eta ez da harritzekoa; mugaz beste aldeko mendietatik iristen diren berriak kontrajarriak dira oso. «Hogei kohete erori ziren Naluten duela bi egun», dio albiste batek. Eta, jarraian, hau: «Naluteko umeak eskolara bueltatu dira. Eskualdea aske eta matxinoen esku dago gaur».

Gabrielek botika eta bestelako hornidurak garraiatzen ditu egunero Dehibako muga pasabidetik. Hala, berta-bertako albiste eguneratuak dauzka, bai eta erraz sinets daitekeen susmo bat ere: «Gerlari asko erreala ez den irudi bat ematen ari dira nazioarteko prentsaren aurrean. Helburua zera da, nazioartearen arreta bereganatzea, NATOk Gaddafiren haraneko tropak bonbarda ditzan», dio gazteak bere furgonetako zama egokitu bitartean. Bihar bueltan izango da berriz.

Remadako iheslari gunea da hurrengoa, mugatik 40 kilometrora. Ez dago galtzerik, errepide bakarra baita Tunisiako hego-ekialdean. NBE Nazio Batuen Erakundearen babespean izan arren, irudia errepikakorra da beti: kanpadenda ilarak basamortu erdian; horixe gerrak etxetik kanporatutako familien bizitokia egun. «Klase ertaineko jende ugari dugu hemen: irakasleak, ingeniariak, administrariak… Egun batetik bestera, errefuxiatu bilakatu dira, eta nekez onar dezakete atzean utzitakoa agian betiko galdu dutela», azaldu du Hatin Saiedek, Remadako kanpamentuko buruak.

«Egoera nahikoa gogorra ez, eta etxetik ekarritako arazoak areagotzen dira bertan. Berbereak eta arabiarrak ditugu bertan. Mendietan ez daukate harremanik, baina hemen elkarrekin bizitzera behartuta daude», dio arduradun nagusiak.

Egia da kanpamentuko toki bereizietan banatuta daudela, baina Saiedek aipatutako bi komunitateek espazio komunak partekatu behar dituzte bertan; eskola, josteko tailerra, telebista gela… Antza, liskarrak ohikoak dira, eta gertutik ikuskatu behar dituzte kanpamentuko langileek, ezbeharrik gerta ez dadin.

Txiroek hartuta

NBEren arabera, 3.000 inguru iheslari daude eskualdeko hiru kanpamentuetan, eta 30.000tik gora bertakoek euren etxeetan hartuta. Mugen bi aldeetako herrien arteko harremana ona izan ei da mendeetan, eta tunisiarren abegikortasuna da, agian, horren frogarik garbiena.

«Parisen urte ugari eman nituen bizitzen, eta ezin nuen ulertu nola utz zitekeen jendea kalean, zaborra balitz bezala», dio Bessam Jabarrek. Tatauindar horrek libiar familia bat hartu zuen etxean martxoan. «Nola ez?», dio gizonak.

Izan ere, eskualdeko hiriburu Tatatuine da, askorentzat, Libiako mendietan hasitako bidaiaren amaiera. Nomen duela hiru egun iritsi zen hango ospitalera, sabela bala batek aldetik aldera zulatuta. Ohetik, pozik eta harro erakusten du bere gorputzetik ateratako bala. «Haranean gertatu zen, Nalutetik gertu. Gaddafitarrak koheteak jaurtitzen ari dira handik, oinez ezin baitira iritsi mendira. Ez genuen bete gure helburua, baina, zorionez, bizirik nago», azaldu du 29 urteko gazteak. Naluteko udaleko bulegaria zen; egun, gerlaria da, eta, dioenez, laster bueltatuko da frontera, «sendatu bezain laster».

Nomen onik atera da, baina ez zaie berdin gertatzen Tatauineko ospitalera iristen diren gerlari guztiei. Alboko gelan, Muhamed Ali dago. Jada bost egun daramatza ospitalean, baina larri jarraitzen du. Frontean zegoela, GRAD kohete bat «gertuegi erori zen», eta metrailak josita dauka gorputza. Gainera, eskuineko besoa gal lezake, behar bezalako tratamendua jaso ezean. Eta han ezingo du jaso.

«Gabesko ospitalera eraman behar dugu lehenbailehen, hemen ez baitugu ez botika eta ez hornidura nahikorik horrelako zauriak tratatzeko», kexu da Beji Berkaui, ospitaleko sendagile urrietako bat.

Medikuak «gaindituta» daudela dio: «Hondamen hutsa da hau denontzat. Tunisiako eskualderik txiroena da gurea; nekez eskaintzen genien arreta egokia hemengoei, baina orain Libian zauritutakoak ere hartu behar ditugu. Nazioarteko erakundeak zera esaten ari dira etengabe, krisiari aurre egiteko laguntza eskaintzen ari direla, baina hemen zain gaude oraindik».

Sendagilea agurtu bezain pronto, Muhamed Ali zauritu larriaren anbulantzia iritsi da. Zortea lagun, Gabesko ospitalean bukatuko da Libiako mendietan hasitako bidaia, bizirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.