Palestina. Lurralde gatazka (I)

Banaketaren ertzak

Palestinarrak zatituta eta sakabanatuta, xede bakarra du Israelen okupazioak: euren lurretan geroz eta deserosoago sentiarazteaIsraelek 'segurtasun harresia' amaitzean, hainbat herri inguratuta geratuko dira

Banaketaren ertzak.
Samara Velte.
Qalqiliya
2014ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Palestinan, ez mugitzea da erresistentzia. Norbere ingurua —eta norbere barrua— zatitzen duten muga, harresi eta bidegabeko sartzeen gainetik, oinen azpiko lur zatiari eustea, hura geroz eta txikiagoa dela jakin arren. Okupazioaren aurpegi guztiek helburu bakarra dute: herri bat nora ezean uztea, etxean ere arrotz sentiarazteraino.

Zatituta eta sakabanatuta daude palestinarrak. Milioi eta erdi inguru Israelek 1948an okupatutako lurretan bizi dira —nazioartearentzat ofizialki Israel den lur eremuan—; hango herritartasuna dute, eta, oro har, asimilatu samartuta daude. Jerusalemen beste 300.000 inguru bizi dira; Israelen barrena mugitzeko eskubidea dute, baina herritartasunik ez. Lurralde okupatuetan, berriz, beste ia bost milioi palestinarrek dute bizilekua: Gazakoak (1,7 milioi) erabat bakartuta daude gainerakoengandik, eta Egiptotik baino ezin daitezke irten. Zisjordanian bizi direnek baimen bereziak behar dituzte Israelen menpeko lurretara sartzeko; eta beste sei milioi inguru Palestina historikotik kanpo bizi dira errefuxiatuta.

Gaza eta Zisjordania 1967tik dira «lurralde okupatuak»: Israelek Sei Eguneko Gerran menderatu zituen palestinarrei geratzen zitzaizkien azken eremuak. Bertako herritarrak ez ezik, 1948ko okupaziotik ihes egindako milaka errefuxiatu ere pilatuta zeuden han. Haiek Israelgo Estatuaren parte bihurtzeak bi eragozpen zekartzan Tel Aviventzat: batetik, herritartasuna eman beharko lieke milioika arabiarri, eta horrek gutxiengoan utziko luke biztanleria judua. Bestetik, ezingo liekete errefuxiatuei galarazi 1948ko lurretara itzultzea.

Ordutik, militarki okupatuta egon dira lurraldeok. PAN Palestinako Aginte Nazionalak hainbat negoziazio saio egin ditu geldialdi politikoa gainditzeko, baina gutxienez bi hamarkadatan ez dute lortu oinarrizko auziak argitzerik. Lurralde gatazkari buruzko erabaki garrantzitsuena 1993an hartu zuten, Osloko akordioetan: Zisjordania hiru gunetan (A, B eta C) banatzea adostu zuten bi agintaritzek. A eremua PANen aginte zibil eta militarraren menpe dago teorian: lurraren %18 inguru hartzen du —nagusiki, hiriak—, eta Zisjordaniako palestinarren erdiak baino gehixeago bizi dira bertan. Israelgo herritarrek debekatuta daukate gune horiek zapaltzea, baina armada sartu izan da operazioak egitera.B eremuan, berriz, segurtasun zibila palestinarren esku dago, eta kontrol militarra Israelgo armadak dauka. Bi guneen artean, Zisjordaniako lur eremuaren erdia baino gutxixeago osatzen dute; gainerakoa C eremua da, Israelek militarki erabat kontrolatuta daukan eremua: koloniek, haien inguruko lurrek, kolonoentzako errepide esklusiboek eta «segurtasun gune» izendatutako eremu estrategikoek osatzen dute.

Banaketa harresia

Gaur egun, Zisjordaniako mapa gehiago da udal sorta sakabanatu bat, eskualde autonomo bat baino: PANek zenbait eskumen ditu gune batzuetan, baina finean, kontrola Israelgo armadak du. Palestinarrak bere mugen barruan sartu nahi ez, eta haietatik kanpo geroz eta deserosoago sentiarazteko estrategiak bultzatzen ditu Tel Avivek. Kolonia berri bakoitza C eremua bihurtzen da automatikoki: mendi kaxkoetan eraikitzen dituzte israeldarrentzako etxalde dotoreak, palestinarren herrien gainetik baina hesi batez bereizita. Denera, 500.000 kolono inguru bizi dira Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Sarri, baliabide naturalak —bereziki, ura— dauden guneetan ipintzen dute kokalekua, eta eurek kudeatzen dute hornidura.

Eta erdian, palestinarrei geratzen zaizkien eremuak bereizten dituen hormigoizko murrua: Israelentzat, «segurtasun harresia»; eta palestinarrentzat, apartheid-arena. Zortzi metro ditu altueran eta beste hiru sakoneran; berez, 1967ko muga administratiboan oinarrituta egon behar luke, baina aise gainditzen du hura. Ibilbide bihurria egiten du Zisjordanian barrena, Israeldarren kontrol militarraren pean dauden gune guztiak beste aldean utziz. Amaitutakoan, 810 kilometroko luzera izango du; muga administratiboak neurtzen duena baino hiru bider handiagoa.

Tel Aviven asmoen arabera, Zisjordaniako lur eremuaren %46 harresiaren bestaldean geratuko da, eta, beraz, de facto Israelen menpe. Hainbat herri ghetto bihurtuko dira ezinbestean: batzuk, harresiak erabat inguratuko dituelako; eta besteak, palestinarrak izanagatik harresitik kanpo geratuko direlako. Qalqiliya, esaterako, inguratuta dago jada. 1948 baino lehen, 27 kilometro koadroko eremua zen; 1967ko mugak gehiena kendu zion. Gaur egun, 50.000 pertsona bizi dira 4,5 kilometro koadroko eremuan, eta probintziaren zati handiena murruaz bestaldera dago: kanpoan lan egiten dutenek egunero igaro behar dute irteerako kontrolgunea. NBErentzako, qalqiliyarrak errefuxiatuak dira; ez leku batetik bestera mugiarazi dituztelako, baliabide nagusietarako sarbidea eragotzi dietelako baizik.

Harresiak, gune batzuetan, 300 metroko segurtasun esparrua dauka inguruan, eta debekatuta dago bertan ezer eraikitzea. Murrua bera, baina, hainbat herritatik metro gutxira altxatu dute; horrek bide ematen dio Israeli segurtasun esparruaren barruan geratutako azpiegiturak botatzeko. Stop The Wallen arabera, harresia amaitzerako 6.000 palestinar baino gehiago egon litezke etxea uztera behartuta.

Jerusalem, gatazkaren erdian

Hainbat hirik zatiketa berezia dute. Jerusalem da kasu esanguratsuena: bertan bizi diren palestinarrek ez dute herritartasunik, egoitza baimen moduko bat baizik; ezin dute botorik eman, baina bai lan egin, diru laguntza batzuk jaso eta zergak ordaindu. Hura eskuratzeko, bertan bizi direla frogatu behar dute aldiro-aldiro. Hiriko industria gehiena israeldarren esku dago, eta palestinarrentzat zaila da merkatua zabaltzea. Izan ere, gertu egon arren, Zisjordaniako palestinar gehienek ez daukate Jerusalema sartzeko baimenik, kasu oso jakin batzuetan izan ezik; horietan, araututa egoten da zertarako eta zenbat denboraz sar daitezkeen.

Bi estatu eratzekotan, PANek Jerusalem ekialdea aldarrikatzen du Palestinako hiriburu gisa. Gaur egun, auzoa inguruko barruti palestinarretatik banatuta dago hesi baten bidez; gehiago da Israelen periferia abandonatu bat, auzo palestinar bat baino. Hiru etxetik bat Israelen baimenik gabe eraikita dago; gehienek dute eraisteko arriskua.

BIHAR: Bake prozesua eta desobedientzia zibila (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.