Kritika. Opera

'Bel canto'-aren adibide ona

2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
'I Puritani', Vicenzo Bellini

Abeslariak: Celso Albel, Elena Mosutz, Gabriele Viviani, Simon Orfila. Bilboko Opera Abesbatza. Musikariak: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Musika zuzendaria: Jose Miguel Perez Sierra. Eszena zuzendaria: Alfonso Romero.Non: Euskalduna jauregia.Noiz: apirilaren 8a.

Beste behin ere, Bilboko operazaleen bel cantoarekiko egarria ase ditu OLBEk, Vincenzo Belliniren I Puritani operaren bigarren saio honekin. Izan ere, nahiz eta libretoak ez bururik ez hankarik ez eduki, eta opera horren eredua zaharkitua izan arren, obrak dauzkan doinuak hunkitu egiten gaitu oraindik. Baina ezinbesteko baldintza kantu fiorito-an eta goi muturrean eroso abesten duten abeslariak bilatzea da, eta horren zoria izan genuen Elena Mosutz eta Celso Albeloren erakustaldian. Beraz, sopranoak biribildu zuen Elvira maitemindua, eta azken momentura arte, utzia izanaren rol dramatikoa —esaterako, eromenaren eszenan— horretarako, ahots fina, tinbre atsegina, arnasketa eta afinazio bikainak erabili zituen. Eta, goitik beherako kontrola kantu ederrean: hau da, legatoa, koloraturak, messa di voce, glissandi...

Maila berean, asko gustatu zitzaigun tenorraren ahotsa, morbidoaren eta di bravura-ren artean mugitzen zena, gardena, erregularra erregistro guztietan , indartsu agudoetan eta eroso goi muturreko kantuan. Hasierako A te cara ariatik hasita, sobreagudoetan zebiltzan azken duo eta ariak egin arte, Kanarietako tenorrak dotoretasuna erakutsi zuen kantuan; aldiz, ausartaren irudia baino, zorabiatuarenitxura dramatikoa eman zuen, tamalez. Biek ala biek jaso zituzten publikoarentxaloaldiak.

Beste maila batean, Gabrielle Viviani baritonoak zuzentasuna kantuan eta eskarmentua tauletan adierazi zituen bolumen erdiko ahotsarekin eta guturalarekin. Atseginez entzun genuen Simon Orfilaren ahots tinbratua. Biek ala biek Suoni la tromba intrepida duo aberkoia egin zuten publikoaren onarpenarekin. Gustatu egin zitzaigun Giovanna Lanza mezzoaren ahots koloretsua eta beroa, eta pena izan zen zati handiagoan entzun ahal ez izatea. Fernando Latorre eta Alberto Nuñezek egoki bete zuten bakoitzaren kantaldia. Musikagintzaren arloan, oso ona izan zen Jose Miguel Perez Sierraren zuzendaritza Nafarroako Orkestra Sinfoniko ederraren aurrean. Alta, ohikoa ez den moduan, Bilbao Operaren Abesbatzak arazoak izan zituen denborapasekin hainbat sarreratan sartzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.