Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail ofiziala

Musikarien paradisua

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
'Quartet'

Zuzendaria: Dustin Hoffman.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Iraupena: 95 minutu.

Dustin Hoffman ez da Donostiara etorri soilik «bertako gastronomia zoragarriaz gozatzera» —Culinary zinemaldia deituko diote aurki— eta sari bat jasotzera; bide batez, zuzendari lanetan egin duen lehen pelikula ekarri du besapean. Aktore lanetan duen eskarmentua nabari zaio kamera atzealdean jarri denean; izan ere, interpretazio korala da Quartet-ek duen bertuterik handienetako bat.

Gainerakoan, ez da askorik sumatzen zuzendariaren eskua, ez onerako, ez eta txarrerako ere. Filma Ronald Harwooden izen bereko antzezlan baten egokitzapena da, eta egileak berak idatzi du gidoia. Horiek hala, ez da batere harritzekoa Quartet-ek antzezlan baten traza izatea.

Akzioa etxetzar batean gertatuko da, hortik kanpo ekarpen handirik egiten ez duten plano bakan batzuk besterik ez da ageri. Musikari erretiratuak hartzen dituen etxea dotorea da, itxuraz ez dira batere gaizki bizi garai bateko artista horiek! Musika txoko guztietatik agertuko da, beti bada norbait abesten edo tresnaren bat jotzen.

Hasieran, pertsonaia galeria zabala aurkeztu behar duela ematen du, baina ez da horrela gertatuko, pelikulak aurrera egin ahala laukotea osatuko duten protagonistek bereganatuko dute zuzendariaren arreta osoa.

Pelikula samurra da Quartet, gustu handiz egina, baina indarra eta tentsioa falta ditu. Ez dago batere gatazkarik, den-dena giroak eskatzen duen patxada eta zuzentasunaren barruan gertatuko da, ezuste handirik gabe. Zahartzaroari eta nagusien duintasunari egindako begirada onbera da, eta, horrenbestez, faltsu samar gertatuko da bake santu hori. Argi dago Hoffmanek ez duela dramara jo nahi izan, nahiago izan du erretiro zoriontsu batekin amestu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.