Bizkaitik kanpo etor daitekeen aldaketa

Lopezen dimisioa eskatu dute Arabako kritikoek, eta Irungo alkatea proposatu du Egigurenek

Iñaki Arriola Gipuzkoako burua, Patxi Lopez idazkari nagusia eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea. G. G. / ARP.
jokin sagarzazu
Donostia
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Dimisio eskaerak, izen dantza eta proiektua «eraberritzeko» proposamenak. Ez da giro PSE-EEn. Europako Parlamenturako hauteskundeetan lortutako emaitza txarrek eragindako lurrikararen hedatze uhinak zabaltzen ari dira egunez egun. Atzo, Araban nabaritu zen epizentroa. Baina alderdiaren oinarriak kolokan daude herrialde guztietan.

PSOEk uztailaren 19 eta 20an egingo du Alfredo Perez Rubalcabaren ordezkoa aukeratzeko batzarra. PSE-EEk ere berea egingo du Patxi Lopezekin. Rodolfo Ares Antolakuntza idazkariak jakinarazi duenez, ekainaren 3an bilduko da Batzorde Nazionala, ezohiko batzarrerako eguna erabakitzeko; esan duenez, litekeena da irailaren hasierarako deitzea. Era berean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere egingo dituzte bereak, baina egunak zehaztu gabe dituzte. Lopezen ustez, 2015eko udal eta foru hauteskundeen ostean egitea litzateke egokiena.

Horiek horrela, bi hilabete eskaseko epearekin hasi nahi dute norabidea zuzentzen sozialistek, 2011tik pairatzen ari diren krisi sakonari erantzuteko. Patxi Lopezek berak aitortu du «ziklo baten amaieran» daudela. Pertsonak aldatuta soilik ez dela arazoa konpontzen. Egungo jantziak ez duela gehiagorako ematen. Lopezek ez du PSE-EEko zuzendaritzan jarraituko, baina, halere, ez du kargua utziko, Arabako PSE-EEko sektore kritikoko hainbat kidek azaldu dutenez. Lopezen dimisioa eskatu dute, eta, harenarekin batera, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarena eta Txarli Prieto Arabako buruarena. Alderdi sozialistak duen «egoeraren larriaz» ohartarazi dute, besteak beste, Oscar Rodriguez, Joana Madrigal, Juan Carlos Alonso eta Ivan Ruiz de Egilazek. «Ausardia» eskatu diote alderdiko agintariei, eta aldaketak «lehenbailehen» egiteko. PSE-EEko idazkaritza nagusia nork hartu behar duen galdetuta, berriz, azpimarratu dute erantzukizun hori hartzen duen pertsonak «berria eta ausarta» izan behar duela. Hala, esan dute ez duela egoki ikusten azken egunetan hainbat komunikabidetan hautagai gisa aurkeztu duten Idoia Mendia; haien ustez, PSE-EEren egungo bozeramaileak ez du islatzen «alderdiak behar duen aldaketa».

«Lehen mailako politikaria»

Izenen dantza horretan, Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak ere eman du bere iritzia. Mendia egoki ikusten du «edozein kargutarako», baina «aurpegi berriagoen» alde egin du. Horien artean bat azpimarratu du: Jose Antonio Santano Irungo alkatea (Gipuzkoa). Adierazi du hura «lehen mailako politikaria» dela.

Izenak izen, eztabaida hartzen ari den norabidearekin kezkatuta azaldu da Egiguren. Herritarrei zer eskaini da, haren iritziz, garrantzitsuena, eta ez nola hautatu behar den edo nor izango den PSE-EE zein PSOEren idazkari nagusia. Egigurenek «iparra galduta» ikusten du alderdia. Uste du PPrekin alderatuz ez duela ezer ezberdinik eskaintzen. «Hor dago akats nagusia», azpimarratu du.

Patxi Lopezek, berriz, adierazi du lehiatzeko baino gehiago «laguntzeko» ikusten duela bere burua, etaez du argitu PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztuko duen ala ez. Idazkari nagusi berria militanteen botoen bidez eta ez, gaur egun bezala, federazioetako ordezkarien bidez aukeratzea proposatu du PSE-EEko Eduardo Madinak. Eta hala bada, esan du lehiara aurkeztuko dela. Iazko azaroan eginiko Konferentzia Politikoan alderdiak erabaki zuen hautatzeko moduari buruzko erabakia atzeratzea. PSOEk jakinarazi duenez, Rubalcaba lurraldeetako idazkariekin hitz egiten ari da egunotan buruzagi berria hautatzeko aukera ezberdinak aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.