Polizia indarkeria. 'Atanes auzia'

Jose Atanes, bazterreko biktima

Gaur dira hamar urte ertzain batek Jose Atanes Rodriguez beasaindarra tiroz hil zuela N-1 errepide bazterrean, Alegia parean. Orduz geroztik senideek eta lagunek jota jarraitzen dute, gertatutakoa ulertu ezinik.

Jose Atanes, bazterreko biktima.
jakes goikoetxea
Donostia
2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Loreak eta argazkiak gizakiak mendiari egindako ebakidura soilduan, N-1 errepidean, Tolosatik Alegiarako zatian (Gipuzkoa), N-1etik Alegiara sartzeko bidean. Bi lore sorta eta, plastikoak babestuta egonagatik, eguzkiak, euriak, elurrak eta ibilgailuen joan-etorri etengabeak koloregaldutako bi argazki. Fotomatoiko tankerako argazkiak, handiagotuak, begitarte serioa. Errepide istripuetan hildakoak gogoratzeko ohiko ikonografia, izenik, abizenik, gurutzerik edo laubururik gabea. Loreekin eta argazkiekin batera, ordea, salaketarako bi banderola: Nunca mais.

Egutegiak eta zigorrik gabeko epai batek aurten gaurkotasunaren gainaldera ekarri dute memorian hondoratutako Prestige petroliontzia. Baita hondamendiaren eta haren kudeaketaren kontra duela hamarkada bat sortutako mugimendua ere, Nunca Mais.

Egutegiko orrien azpian ezkutatuta jarraitzen du, ordea, gaur hamar urte N-1eko errepide zati horretan gertatutakoak. Nunca mais banderolen ondoko argazkiak Jose Atanes Rodriguezenak dira. Ez zen errepide istripu batean hil. Ertzain batek tiroz hil zuen, 2003ko abenduaren 19an, 43 urte zituela.

17:00ak ziren. Bazkalostea. Jose Atanesek eta lankideek bapo bazkaldu zuten Andoainen. Lasarte-Oriako Novastrok eraikuntza enpresan lan egiten zuten. Igeltseroak eta kofratzaileak ziren. Gabonetako oporrak ospatzeko bazkaria egin zuten. Atanesek neska-lagunari, Edurne Cornejori, bere bila joateko eskatu zion, Beasainera bueltatzeko.

Bi autotan abiatu ziren Beasainera: aurrekoan lau lagun —Jose Atanesen anaia Vicente eta kofratzaile kuadrillako beste hiru lagun—, eta atzekoan Jose bera eta Cornejo. Bidean zihoazela, aurreko autoa baztertu eta geratu egin zen Alegiara sartzeko bidean. Atzeko autoa ere geratu egin zen. Jose Atanes autotik atera eta aurreko autora hurbildu zen, zergatik geratu ziren galdetzera.

Bi autoen parean, kontrako bidean, bi ertzain seinaleak jartzen ari ziren istripua izandako kamioi bat traba egiten ari zela ohartarazteko. Parez pare autoak geldituta eta Jose Atanes autotik kanpo ikusi zituztenean, bi ertzainak korrika errepidea gurutzatzen hasi ziren. Bidean pistolak zorrotik atera zituzten. Ertzainetako bat Cornejorengana joan zen eta ez mugitzeko agindu zion. Bestea Jose Atanesengana eta geldirik egoteko oihukatu zion. Esku batekin sorbaldatik heldu zion. Gero, bi eskuekin, pistolari ere eusten ziola. Tiro egin zuen. Buruan eman zion Jose Atanesi. Igeltseroa larri eraman zuten Donostiako ospitalera. Gauean hil zen. «Etxean geratu ziren maletak, prest, Galiziara Gabonak pasatzera joateko», gogoratu du Edurne Cornejok. «Dutxa hartu, eta bidaiatzea zen asmoa».

Bertsio kontrajarriak

Gertaerak ohiko informazio falta eta nahasmendua eragin zituen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren bertsio ofiziala nagusitu zen hasieran: autoak «susmagarriak» ziren, Atanes ertzainari «indarka» hasi zitzaion, ertzainari tiroak «ihes egin zion, nahi gabe» eta «erasotzaileetako bat» jo zuen. Javier Balza zen Herrizaingo sailburua. Atanes ijitoa zela esan zuen albiste agentzia batek.

Egun batzuk geroago entzun ahal izan zen Vicente Atanesen, Edurne Cornejoren eta lankideen bertsioa. Cornejok azaldu zuen ertzainak Jose Atanes bi autoen artetik besotik tiraka eraman zuela bide bazterrera, «ia arrastaka». Ez zela bien arteko borrokarik egon; ertzaina zerbait galdetzera-edo makurtu zela, eta tiroa eman ziola buruan. «Oldartu egin zait» azaldu zion ertzainak Cornejori. «Baina nola oldartuko zitzaizun, zuri bizkar ematen bazegoen?», galdetu zion Cornejok. «Tiroak ihes egin dit», erantzun zion ertzainak. Pistolarekin tirabidean jarri eta autoan sartzeko agindu zion. Cornejok ez zion kasurik egin. Jose Atanes lurrera erortzen ikusi zuen.

Vicente anaiak aurreko autotik ez zuen ezer ikusi ez entzun. Cornejok ohartarazi zion Peperi —hala deitzen zioten gertukoek— tiroa eman ziotela. Autotik jaitsi, eta anaia lurrean botata ikusi zuen, bi autoen artean, odol putzu batean: «Haren gainean jarri eta hitz egiteko esan nion, baina une horretan begiak itxi egin zitzaizkidan». Orduko damuak bizirik jarraitzen du oraindik: «Ondo-ondoan egonagatik, ezin izan nuen Joserengatik ezer egin».

Hiru egun geroago lurperatu zuten, jaioterrian, Gudinen (Ourense, Galizia). Xinzo de Limiako kontzejuko parrokietako bat da Gudin. Ehun biztanle eskas dauzka. Hileta jendetsua izan zen, eta Beasaindik ere joan zen jendea.

2006ko apirilean egin zen epaiketa, Gipuzkoako Auzitegian, Donostian. Rafael Blanco Diez ertzainaren defentsa ETAren mehatxuan oinarritu zen. Haren abokatuak ETAk 2003ko abenduaren 9an kaleratutako agiri batekin zuritu zuen ertzainek berez deliturik ez zegoen egoera batean «terroristen ekintza bat» ikustea. Agiri hartan ETAk zioen «Espainiako indar armatuen» kontrako erasoak egiten jarraituko zuela, baita Ertzaintzaren kontra ere. Segurtasun neurriak zorrozteko eskatu zieten ertzainei aste horretako bileretan.

«Gertatutakoa ez zuen berak eragin», argudiatu zuen ertzainaren abokatuak, «gertatutakoa ezin zen saihestu, haren jokaerak ez du zigorrik merezi». Ertzainak «zuzen» jokatu zuela nabarmendu zuen abokatuak, gertatzen ari zena «gaizki ulertu zuen arren». Abokatuaren esanetan, «arma ez ateratzea litzateke harrigarria».

«Pelikula»

Patruilakideak ere errepidearen beste aldean ikusten ari zena «atentatu bat» zela uste zuen. Epaiketan aitortu zuen buruan «pelikula» bat egin zuela,bizitza arriskuan ikusi zuela eta «kaka eginda» zegoela. 2003ko abenduaren 19an gertatutakoa okerragoa izan zitekeen: patruilakideak aitortu zuen oraindik ez zekiela berak zergatik ez zuen tiro egin.

Ertzainek, «terroristen ekintza bat» gertatzen ari zela uste izanda ere, ez zuten abisurik eman irratiz. Ez zuten laguntzarik eskatu. Pistolak zorrotik atera zituzten. Ez zuten atzera egin. Epaiketan Blanco Diezek aitortu zuen bederatzi urtean bi aldiz egin zituela praktikak pistolarekin.

Vicente Atanesek iltzatuta dauka epaiketan anaiari nola deitu zioten «terrorista». «Terrorista? Gu pertsona normalak gara eta», oihu egin du, sututa.

Epaileak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion Blanco Diezi, zuhurtziagabekeria larriaz egindako hilketagatik. Ez zuten espetxean sartu. Epaiak nabarmendu zuen ahaztu egin zituela «halako egoera batean eska dakizkiokeen oinarrizko neurriak» eta urratu egin zituela «bere lanbidearen arau propioak»: armaren erabileran «urratze larria» egin zuen eta ez zuen egoeraren «egiaztatze zorrotza» egin. Epaiaren esanetan, ertzainak bi autoetako norbaitekin hitz egin behar zuen, «hasierako uste okerra» argitzeko eta konturatzeko «alkoholak eragindako pertsonen arteko eztabaida gogorra zela».

Ertzaina, Ertzaintzatik kanpo

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Blanco Diezek ez du Ertzaintzan jarraitzen. Jose Atanesi tiroa jo eta gero, «badaezpada», kargutik kendu zuten eta diziplina espedientea zabaldu zioten, epaia jakin arte. Epaia jakin zenean, bi urteko kargugabetzera zigortu zuten, baina ordurako Espainiako Gizarte Segurantzaren Institutuak «lanerako ezintasun iraunkor bat» aitortu zion, eta «funtzionario izateari utzi zion». Jaurlaritzako edo Ertzaintzako inor ez da jarri harremanetan Atanes Rodriguez familiarekin, doluminak emateko edo barkamena eskatzeko. «Txakurren moduan» tratatu dituztela uste du Vicente Atanesek.

Hamar urte geroago, Jose Atanesen senideek eta lagunek jota jarraitzen dute. Gabonak egun tristeak dira haren familian. Abenduaren 19an hil zuten, eta 28an betetzen zituen urteak. Joseren aita, Jose Atanes Lorenzo, «indartsuago dago, baina dena gorde egiten du», dio Vicentek. Ama, Socorro Rodriguez Justo, «orduz geroztik ez da beheralditik atera». «Etxean ez dago lehengo poza, Jose zen etxeko bizipoza», gehitu du. «Gure bizimodua asko aldatu da».

Jose Atanes anaia zaharrena baino zerbait gehiago zen Vicenterentzat, Celsorentzat eta Manuelentzat. Aita aurrena Suitzara eta gero Alemaniara joan zen lanera. 18 urte egin zituen Alemanian lanean. Aita atzerrian zen bitartean, Jose izan zen Vicenteren, Celsoren eta Manuelen aita. Baita lehengusuen erreferentzia ere. Bera eta ama arduratu ziren etxeaz, baratzeaz eta ganaduaz (txekorrak, behiak eta txerriak). Baratzak eta ganaduak emandakotik eta aitak Alemaniatik bidalitako dirutik bizi ziren.

Aitak bakarrik ez. Semeek ere ezagutu zituzten Suitza eta Alemania. Jose Atanesek Alemanian eta Suitzan lan egin zuen, 20 urte gazterekin, igeltsero. Vicente eta Celso anaiek ere lan egin zuten Alemanian.

Jose Atanes Suitzatik Galiziara bueltatu zenean, Euskal Herrira etortzeko eskaintza jaso zuen. Euskal Herrian erretiratuta bizi ziren Gudingo ezagun batzuek esan zioten eraikuntzan lana bazegoela eta ordaina beste leku batzuetan baino hobea zela. Denboraldi bat egin zuen haien etxean. Gero berea erosi zuen, Beasainen. Orduan ezagutu zuen Edurne Cornejo. Zortzi urte zeramatzaten elkarrekin Jose Atanes hil zutenean. «Galiziara bizitzera joateko planak geneuzkan», gogoratu du.

Beasainen bizitzen zegoela, Jose Atanesek Euskal Herrian bizitzera gonbidatu zituen Vicente anaia eta Julia emaztea. Sei hilabete egin zituzten Joseren etxean, beste etxe batera joan aurretik.

Arrantza eta futbola

Vicente Atanesek oso harreman estua zeukan anaiarekin. Enpresa berean lan egiten zuten, kofratzaile kuadrilla berean. Jose lehen mailako ofiziala zen, eta Vicente bigarren mailakoa. Anaia zaharrak erakutsi zion ofizioa. Elkarrekin hartzen zuten goizeko kafea, Beasaingo tren geltoki ondoko kafetegi batean. Elkarrekin egiten zuten hamaiketakoa. Elkarrekin bazkaria. Elkarrekin hartzen lana bukatu eta geroko ardoa. Elkarrekin asteburuetako arrantza saioak, Beasainen, Arriarango urtegian, Donostian... Amuarrainak harrapatzea gustatzen zitzaion. Futbolzalea ere bazen, Real Madrilen jarraitzailea. «Atezain ona zen», Vicenteren arabera.

Jose anaia hil eta gutxira Vicente Atanes Galiziara bueltatu zen, Xinzo de Limiara. Euskal Herrian denak gogorarazten zion anaia. «Oroitzapen gehiegi neuzkan, eta ezin nuen errepide horretatik pasati». Familiak astebururo bisitatzen du Gudingo hilerria.

Manuel Atanesek hogei urte daramatza Gasteizen, eraikuntzan lanean. Celso ere Gasteizen bizi da orain. Biak arduratzen dira errepide bazterreko argazkiak, loreak eta banderolak txukuntzeaz. Zergatik Nunca mais? «Jose Atanes bakarra nahikoa delako», erantzun du Vicente Atanesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.