Europa da ihesbidea

Miarritzek Briveri irabazi nahi dio gaur Challenge kopako finalerdietan, Heineken kopako aukerari eusteko

Miarritzeko jokalariak, Top14an Briveren aurka jokatutako partidan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Paradoxikoa da Miarritzeren egoera. Sasoi osoan mila pena izan ditu Top14an, eta bi partida falta direla oraindik ez du matematikoki segurtatu bere jarraipena maila nagusian. Heineken kopan ere, hasierako ligaxketatik ezin izan zen pasatu, eta Europako talde onenen arteko partidak telebistatik begiratu behar izan ditu.

Alta, titulu bat irabazteko posturan dago. Ahanzteko modukoa izan den sasoi honen salbazioa, Europako Challengetik etorriko ote da? Agilera aldean, denek espero dute. «Finalerdi hauek jokatzea saria da guretzat eta zaleentzat. Dena eginen dugu finalean izateko», esan du Damien Traillek.Egia da usaian Europako Challenge kopa ez dela Top14ko kluben lehentasuna izaten. Nahikoa lan izaten dute etxeko ligarekin, Europako kopa txikiaz kezkatzen hasteko. Miarritzerentzat, baina, interesgarria bilakatu da sasoi bukaera honetan Europako Challenge kopa. «Gaur irabazita arnasa hartuko dugu Top 14ko azken bi partidak irabazteko», aitortu du Traillek.

Biarnesak arrazoia dauka, baina kirol arloan ere izanen du interesik Challenge kopak. Aukera ederra da Miarritzerentzat, sasoi honetan titulu bat irabazteko, eta bide batez hurrengo sasoian Heineken kopan izateko.

Brive, aurkari aproposa

Gaur Miarritzera heldu den aurkaria, gainera, oso aproposa izanen da. Brive Miarritze baino egoera txarragoan dago Top14an, eta taldearen lehentasuna maila ez galtzea da. Testuinguru horretan, Brivek Challenge kopan baino, Top14an izanen du burua. Hala ere, Miarritzen ez dira fio. «Oso zaila izanen da Briveri irabaztea. Aitzinean oso sendoak dira, eta ongi antolatuta daude. Ez da plazerra izanen haiei irabaztea», adierazi du Benoit Guyot hirugarren lerroak.

Hamabostekoei dagokionez, Miarritzek sorpresa eman du, 10 postuan Bosch zelairatuko baita. Argentinarrak Peyrelongueren lekua beteko du. Aitzinean, ordea, Hariñordoki ez da arituko. Gray eta Lakafia, 8 postuko bi arerioak, elkarrekin ariko dira gaur Briveren aurka.

MIARRITZE-BRIVE

Miarritze. Marconnet, Hegi, Van Staden; Thion, Carizza; Guyot, Gray, Lakafia; Yachvili; Bosch; Baby, Traille, Haylet-Petty, Ngwenya; eta Balshaw.

Brive. Poirot, Natriashvili, Barozzi; Uys, Caisso; Azoulai, Forgues, Claasen; Figuerola, Belie; Galala, Noon, Swanepoel, Cook; eta Atayi.

Epailea. George Clancy (Irlanda).

Lekua. Agilera (12.500 ikusle).

Ordua. 16:00 (Fr. Eurosport.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.