Euskaldun teknologia

Irakaskuntzan, itzulpengintzan eta Interneteko edukien bilaketan euskararen eremua hedatzeko, hizkuntza, ahots eta multimedia teknologiak garatzen aritu dira Berbatek ikerkuntza proiektuan.

Elhuyarreko, EHUko, Jaurlaritzako, Vicomtech-IK4ko eta Tecnaliako ordezkariak, Berbatek proiektuaren aurkezpenean, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Usurbil
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Eskuko telefonoei gaztelaniaz edo ingelesez hitz egitea posible den bezala euskaraz ere hitz egitea posible izateko, ikerkuntza behar dela. Igor Leturiak, Elhuyar fundazioko ikerketa eta garapen arduradunak, adibide horrekin eman dio balioa euskararen eta teknologiaren gainean egiten den ikerkuntzari: «Ez badugu nahi euskara hortik kanpo gelditzea, derrigorrezkoa da ikertzea».

Multimedia, ahots eta hizkuntza teknologietan euskarak bere lekua eta sarbidea izan ditzan garatzen ari den ikerkuntza zertan den erakutsi zuten atzo Elhuyar fundazioak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko IXA eta Aholab ikerketa taldeek, eta Vicomtech-IK4 teknologia zentroak eta Tecnalia Research & Innovation fundazioak. Bost taldeek osatutako partzuergoak 2008tik egindako ikerkuntzen berri eman zuten.

Ikerkuntzak berez ez duela aplikazio zehatzik sortzen zehaztu dute proiektuaren arduradunek eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek —hark finantzatu ditu proiektuak—; horregatik, ikerkuntzaren ahala erakusteko, hiru demo sortu dituzte, guztiz bukatu gabeko hiru aplikazio, alegia. Hiru demo horiek aurkeztu zituzten atzo, Usurbilen (Gipuzkoa), Elhuyarren egoitza nagusian. Irakaskuntzan, itzulpengintzan eta edukietan oinarritzen dira.

Filmak eta dokumentalak automatikoki bikoizteko aplikazioa da sortutako hiru demoetako bat (bikoizketaautomatikoa.berbatek.com). Filmak automatikoki itzultzea «erronka zaila» dela onartu du Leturiak, Berbatek proiektuaren koordinatzaileak. Baina hizlari bakarra duten eta ezpainen mugimenduarekin koordinatzea beharrezko ez den film edo dokumentaletan posible da gaztelaniazko dokumental bat euskarara automatikoki itzultzea. Teknopolis telebista saioarekin egin dute proba; emaitza «perfektua» ez bada ere, abiapuntu egokia da sortzen den itzulpena.

Gaztelaniazko dokumental batetik abiatuz, eta esatariaren testuaren transkripzioa izanik, Vicomtech-IK4ren teknologien bidez sortzen dira azpidatziak, automatikoki; IXA taldearen Matxin itzultzaile automatikoak euskarara itzultzen ditu azpidatziak; Aholaben testuak bihurtzeko teknologiak, azkenik, euskarazko ahots sintetiko bat sortzen du, azpidatziekin sinkronizatua.

Euskara irakasle pertsonala

Sortu duten bigarren demoa hizkuntzak irakasteko tutore pertsonal bat da. 3Dko irudia Vicomtech-IK4k garatu du, eta emozioak erakuts ditzake, segun eta erabiltzaileak ariketak asmatzen dituen edo ez. Aholaben tekonologiei esker, euskaraz hitz egiteko eta euskaraz esaten zaiona ulertzeko gai da abatar hori. IXAren teknologiarekin, automatikoki sor ditzake gramatika ariketak. Erabiltzailearen ahoskerari buruzko ebaluazioak ere egin ditzake, Aholaben teknologiarekin. Eta idazketan ere ematen du laguntza, IXA eta Elhuyarren garapenak baliatuta: hiztegiak, hitzen deklinazioa eta zenbakien idazketa kontsulta daitezke, esaterako.

Hirugarren demoa bilatzaile semantiko bat da. Leturiak azaldu duenez, Interneteko bilatzaileek hitz jakin bat bilatzen dute, eta hitz hori duten web orriak aurkitzen. Bilatzaile semantikoan, hitzen arteko harremanak ere aztertzen dira. Demoa egiteko, Elhuyarren zientzia eta teknologia hiztegietan oinarritu dira; eta eskatutako hitzaren sinonimoak eta azpitik zein gainetik lotuta dauden hitzak aurkitzen ditu bilatzaileak. Esaterako: bilaketan erregai fosilak idatzita, petrolioa, gasa eta erregaia hitzei lotutako emaitzak ere eskaintzen ditu.

Demoak «erakusleihoa» direla nabarmendu du Leturiak: «Garrantzitsuena azpiko ikerkuntzak dira». Ahots sintesia, itzulpen automatikoa, testu-ahots bihurketa... «Batzuetan ikerkuntzen emaitzak tiraderan gelditzen dira. Gure asmoa, ordea, aplikazio zehatzak egitea da; zer egiteko gai garen erakusten dute demoek», erantsi du Leturiak. Aukeren eremua zabala da. Webgunean aplikazio gehiago ere jarri dituzte, eta azaldu dute prest daudela elkarlanerako eta neurriko aplikazioak sortzeko.

Elhuyar, IXA, Aholab, Vicomtech-IK4 eta Tecnaliak hamar urte daramatzate elkarlanean. «Hizkuntzaren industriaren sektorearen lehiakortasuna hobetzeko» hasi ziren ikerkuntzan elkarrekin, eta hiru proiektu garatu dituzte orain arte: Hizking XXI, Anhitz eta Berbatek. Etorkizunean ikerkuntzak jarraituko duen ustea badute Jaurlaritzako ordezkariek, baina aurrekontuen eta aurkeztutako ikerkuntza lerroen «sendotasuna» aintzat hartuta erabakiko dute nola jarraitu.

Eusko Jaurlaritzak Etortek programaren bidez finantzatu ditu proiektuok. Edorta Larrauri Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza zuzendariak gogorarazi du hamar urteotan hiru milioi euro eman dituela Jaurlaritzak ikerketok bultzatzeko. Eta partzuergoak egindako lanak era askotako aplikazioak sortu dituela gogorarazi du. Begoña Muruaga Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eskertu egin du partzuergoak egindako lana: «Euskarak teknologietako hizkuntza izan behar du. Eta euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologietan murgiltzeko lan garrantzitsua eta emankorra egiten ari da partzuergoa».

@Ikerkuntzei buruzko informazio gehiago: www.berbatek.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.